}

Botikak, erreketako eta ibaietako poluzio mota berria

2002/03/31 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ikertzaile alemaniarren aburuz, edozein ur-laginetan 30-40 botika desberdinen arrastoak analizatzen ahal dira. Noski, analisia egiteko beta hartu behar da.

Gripeari, kolesterolari, edo beste edozein gaixotasuni aurre egiteko gero eta botika gehiago hartzen da. Antibiotikoak, hormonak, lasaigarriak, minbiziari aurre egiteko kimioterapian erabiltzen diren botikak… zerrenda amaigabea da. Arazoa da gizakiek edo animaliek hartutako botikek ingurumenean amaitzen dutela, zehatzago esanda, erreketako edo ibaietako uretan. Eta behin uraren zikloan sartuz gero, hor geratzen dira. Jakina da pazienteak (gizakiak edo animaliak) hartu bezalaxe botatzen duela botiken % 50-90; gainerakoa metabolito gisa botatzen da, hau da, gorputzaren eta botikaren arteko interakzioa gauzatuta sortzen diren produktu kimiko gisa.

Egindako ikerketak ur-laginetan hainbat botikaren aztarna ugari dagoela frogatu dute.

Erreketako eta ibaietako medikamentu-arrastoen arazoa aspaldikoa da, baina farmazia industriaren interesei kalte egingo zielakoan edo, 1990eko hamarkadan egin zen ezagun. Izan ere, 1976an egin zen ibai batean medikamentu-arrastoak aurkitu zituen lehen ikerketa, baina lehen aldiz hogei urte berantago, 1997an, argitaratu ziren emaitzak Life Science aldizkarian. Ikerketa hori Big BLue Rivers (Kansas City) ibaiaren araztegian egin zen. Ez zen, haatik, 90eko hamarkadan argitaratu zen era horretako ikerketa bakarra izan.

1992an, Alemaniako ikertzaile talde batek azido klofibrikoa identifikatu zuen uretan. Azido klofibrikoa kolesterolaren aurkako medikamentuetan erabiltzen da, eta 2-4 D herbizida ezagunaren hurbilekoa da. Geroztik behin eta berriz aurkitu izan dira azido klofibrikoa eta beste botika batzuk Alemania, Suedia eta Danimarkako aintzira, erreka eta ibaietan egindako ikerketetan, baita Ipar Itsasoan ere. Baina emaitza harrigarririk ere izan da: Ipar Itsasoan aurkitutakoak ez dira arrastoak, kantitate handiak baizik! Ikertzaileen kalkuluen arabera, Ipar Itsasoan 48-96 tona azido klofibriko dago, eta Italiako Pu ibaian eta Alemaniako Danubion ere badago azido horren arrastorik.

Baina erreketako eta ibaietako ura, araztegitik igaro ondoren, etxeetako iturrietara heltzen da. Oraingoz, ez da tratamendu berezirik egiten botiken arrastoak kentzeko eta, beraz, hiri batzuetan arazoa nahiko larria da. Berlingo hainbat etxetako urean, esaterako, azido horren kontzentrazioa milioiko 10-165ekoa dela ikusi da. Gainera, azido horretaz gain medikamentu gehiago ere badirela ohartarazi dute. Ikertzaile alemaniarren aburuz, edozein ur-laginetan 30-40 botika desberdinen arrastoak daude, baina aurkitzekotan, noski, analisi egokia egiteko beta hartu behar da.

Mundu-mailako arazoa

Argitaratu den ikerketa baten emaitzek erakutsi dutenez, Estatu Batuetako ibaietan eta erreketan medikamentuetan erabiltzen diren 95 elementu kimikoren arrastoak daude. Besteak beste analgesikoak, gizakion sexu-hormonak, kafeina eta nikotinaren eratorri bat aurkitu dituzte.

Ikerketarako, 139 errekatako eta ibaitako ura analizatu da, eta laginen % 80k konposatu organiko bat edo gehiago dutela aurkitu da. Zientzialariek diotenez, "aurkitzeko bilatu egin behar da, eta orain arteko ur-analisietan horrelako elementuen bila ibili ez garenez, ez dakigu poluzio mota hori noizkoa den".

Oro har, aurkitutako kontzentrazio maila baxua da, baina zientzialariak beldur dira ez ote den iraunkorragoak eta ingurumenarentzat kaltegarriagoak liratekeen elementu horien eratorririk sortu. Izan ere, medikamentu askoren ezaugarri berezia erresistentzia da, eta eragin terapeutikoa egiteko aski luzaz mantentzen dira. Arazoa da uraren zikloan sartzean eragiteko adinako gaitasun izaten dutela oraindik.

Aurkitutako dosiak oso txikiak dira, eta zientzialarien esanean ez dira arriskutsuak ingurumenerako. Baina agian ondorio lasterregiak atera dituzte, oraindik galdera asko baitaude erantzuteke. Besteak beste, gertaera horrek bakterioak antibiotikoekiko gero eta erresistenteagoak izaten lagun dezakeela dioten zurrumurruak zabaldu dira, nahiz eta oraindik ez den ezer egiaztatu.

Kontsumitzaileen osasunari begira kezkatiago agertu dira zientzialari estatubatuarrak, nahiz eta maila horretan ere galderak erantzunak baino gehiago diren.

Puntu asko argitzeke

Zientzialari eta politikari guztiak bat datoz XXI. mendeko arazo nagusia ur edangarria eskuratzea izango dela esatean. Bada, botikek sortarazi duten poluzio berriari erreparatuz gero, egoera zaildu besterik ez dela egiten esan daiteke. Izan ere, arazoa nahiko berria izanagatik ere, botiken neurrigabeko erabilera dela eta aintzat hartzeko modukoa da. Gainera, inoiz pentsatu al duzu, esaterako, non amaitzen duten mikrobioz beteriko ospitaleetako milaka tona hondakinek? Eta iraungitze-data gaindituta duten botikek? Horrenbestez, hainbeste botikek ez al diote osasunari onura baino kalte gehiago egingo eragingo?

Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia