}

Botika askok txantxarra sortzea errazten dute

2000/06/20 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Listuaren ekoizpenean eragina duten substantziek bakterioen erasoa bideratzen dute

Azidoa ekoizten duten bakterioak hortzen etengabeko mehatxu dira. Ahoak horien aurkako baliabide ederra du: listua. Listuak hortzak babestu eta, neurri batean, bakterioen erasoen aztarnak konpondu egiten ditu. Baina 600 botika baino gehiago ezagutzen dira ahoa lehortzen dutenak. Ondorioz, hartzen duenak ez du behar moduan listua isurtzen eta txantxarra garatzeko baldintzak sortzen dira.

Rochester-eko unibertsitateko Gene Watson dentistak ahoaren osasuna ikertzen egin du bere bizitza profesionala. Azken emaitzek klonidinarekin saguetan egindako ikerketaren berri ematen dute. Klonidina odol presioa kontrolatzen duen botika da. Gainera, ume hiperaktiboak tratatzeko maiz erabiltzen da.

Saguen txantxarra

Karraskariek txantxarra gizakien antzera garatzen dute. Beraz, saguetan egokiak diren prebentzio metodoak gizakiongan ere eraginkorrak izango dira. Klonidina hartu zuten saguek hartu ez zutenek baino zulo gehiago garatu zituzten hortzetan. Diferentzia % 84 ingurukoa izan zen.

Azken ikerketan taldeak klonidina aukeratu zuen, odol presioarengatik tratamendua jasotzen duten gaixo gehienei ahoa lehortzen zielako. Botika horrek neurotransmisore kopurua murrizten du, eta listu guruinak ez da behar adina kitzikatzen.

Ez da hori Watson-ek egindako azterketa bakarra. Atropinak, adibidez, listuaren jarioa murrizten du eta propanololak (bihotzaren tratamenduetan erabiltzen dena) listuaren konposizioa alda dezake. Portaera horien adibide gehiago dago.

Watsonen iritziz, listuan eragina duen edozein substantzia dentisten ikergai izan beharko litzateke. «Listuak ahoan sortzen den azidoa neutralizatu egiten du», dio. «Azukrea jatean, bakterioek ekoizten duten azidoak hortzak desmineralizatzen ditu. Hondatutako mineral geruza listuak ordezkatzen du».

Aho lehorraren efektuak ez du behar moduko oihartzunik. Watsonek dio arazoa ohikoa dela adinako jendearengan, askok botikak etengabe hartu behar izaten dituztelako. Oro har, ondorioz listuaren jarioaren murrizketa gertatzen da. Ahoa lehorra izateak gaixoa ziklo batean sartzen du. Askotan, horren ondorioz pertsonak edari azidoak edo azukredunak edaten ditu. Horrek txantxarra sortzea errazten du.

Listua kolokan

Botikak ez ezik, Sjogren-en sindromeak (gaixotasun mota bat) eta lepoko minbizia sendatzeko erradioterapiak ere listuaren jarioa eten egin dezakete, listu guruinari kalte egiten diotelako. Gaixotasun horiek tratatzen dituztenek eta gaixoak zaintzen dituztenek kontuan hartu beharko lukete ahoaren lehortasunak hortzetan duen ondorioa.

Lehortasuna sortzen duten botikak hartzen dituztenentzat, Watson doktoreak hainbat aholku eman ditu. Hasteko, ahal den neurrian, medikuarekin hitz egin beharko litzateke tratamenduan beste botika motetara jotzeko, dosia txikiagotzeko edo botika hartzeko ordutegia aldatzeko. Bestalde, hortzak maiz garbitzea, dieta egokitzea eta mokaduak jateari uztea gomendatzen du. Edonola ere, hortzak garbitzeko fluorra erabili behar da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia