}

Bonba-paketeak detektatzeko gailu berria

1999/04/18 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Zailtasunak zailtasun, lehergailuak desaktibatzeko sistemak gero eta seguruagoak dira, batez ere lan horretan gizakiak aritu beharrean gehienetan errobotak aritzen direlako. Beraz, lehergailuak desaktibatzeko arazoa —gutxi-asko— gaindituta dago. Lan horietan aritzen direnen kezka beste alde batetik dator, lehergailuak detektatzetik hain zuzen. Izan ere, lehergailuak desaktibatzea baino garrantzitsuagoa garaiz detektatzea da. Orain bonba-paketeak detektatzeko gailu berri bat asmatu dute.

Objektu arraroen barruan modu seguruan zer dagoean jakitea ahalbidetuko duen gailu berriak jatorri militarra du, eta lehergailurik badagoen edo ez erabakitzen lagun dezake.

Inorena ez den poltsaren batekin topo egitean, batek baino gehiagok irekitzeko tentazioa izaten du. Gehienetan ez da ezer gertatzen, baina kontuz! barruan espero ez den zerbait egon daiteke. Eta zerbait hori lehergailuren bat balitz, zer? Egia da horrelako egoeratan gehienok ez garena horrelako pentsamenduekin jira-biran ibiltzen, baina bakarren batzuk bai. Horren ondorioz etorri da bonba-paketeak detektatzeko gailu berria.

Eta nola jakin paketeen edo poltsen barruan zer dagoen? Zalantzak argitzeko modu gutxi dago, eta batzuk arriskutsuak izan daitezke. Beraz ezusteetatik ihes egiteko, teknika artifizialak erabiltzea ezinbestekoa da. Poliziak, esate baterako, objektuaren barrualdean dagoena ikusteko X-izpiak erabiltzen ditu, objektuaren inguruan barruko irudia erakusten duen mintza edo filma jarriz. Kontua da pelikula jartze hori arriskutsua izan daitekeela zenbaitetan. Horregatik, gehienetan, ingurua jendez garbitzen dute, eta —barruan lehergailua izan edo ez izan— pakete susmagarria eztandaraztera jotzen da. Jakina horrelakoetan, denbora galtzeaz gain, ondasun pribatuak honda daitezke eta, behar bada, beharrezko ez ziren kalteak eragin. Antzeko egoerei aurre egiteko, Estatu Batuetako Sandia National laborategian minak detektatzeko gailu baten bertsio berria garatu dute.

Detektorea gailu eramangarria da, erreflexio bidez sortzen diren X-izpiak aztertzeko gai dena; beraz, objektu susmagarriaren atzealdean mintz sentikorrak jarri beharrik ez dago. Sandia laborategiko ikerlariek filamentu berria egin dute, elektrizitatea erabilita berotzen denean edozein objektutan isla daitezkeen X-izpiak eragiteko gai dena. Orduan sentsore batek objektuaren barruko irudia eman dezake. Horrekin batera, ordenadore-programa baten bidez, zehaztasunez ikus daiteke barruan zer dagoen.

Zientzialarien arabera, gailua bi urte baino lehen salgai egon daiteke. Erabili beharra suertatzen denean, poliziak detektorea eta bideo-kamera errobot batek mugi dezakeen plataforma batean jar ditzake, hau behar den tokira irits dadin. Errobota gizakiak urrutitik mugiarazten du, horretarako telebista-monitore bat erabiliz. X-izpiak erabilita lortzen diren irudiak kablez bidaltzen dira; beraz, behar dena baino lehen leherketaren bat gertatuz gero, tresna galduko litzateke, baina ez informazioa. Ikusitakoak ikusita, munduko polizia guztiak detektatzailea noiz merkaturatuko zain daude.

Bestelakoa badirudi ere, —eta horrela saldu nahi izan badute ere— tresna ez da akatsik gabekoa. Datu bat: X-izpien bidez paketearen edo poltsaren irakurketa egiten hasten denetik irudi osoa lortzen duen arte, berrogeiren bat minutu pasa daitezke. Bistan denez, lehergailua urrutiko agintez edo denbora jakin batean eztanda egiteko prestatua badago, detektatzaileak bere lana osatzeko aukera gutxi izan dezake. Tresna berriaren egileek diotenez, merkaturatzen denerako irakurketa askoz ere bizkorrago egin ahal izango du.

Horrelako asmakizunen bat ateratzen den bakoitzean gertatzen den bezala, —marketing eta irudi arrazoiak medio— asmatzaileek poliziaren erabileratik haratago doazen beste aplikazio batzuek ere aipatu dituzte; hala nola, era guztietako eraikinetako zutabe eta hormetan egon daitezkeen printzak aurkitzeko, lurpean egon daitezkeen elektrizitate-lerroak detektatzeko….

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia