Bonba nuklearrei esker frogatu dute bihotza berritu egiten dela
2009/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bihotzeko gaixotasunentzat tratamendu bila dabiltzanek albiste itxaropentsua jaso dute, bonba nuklearren probak egiten ziren garaian askatutako isotopoei esker. Hain zuzen, proba haietan karbono-14a askatu zen atmosferara, eta, horretan oinarrituta, bihotz-zelulak berritzen direla ondorioztatu dute Stockholmeko Karolinska Institutuko ikertzaileek.
Proba nuklearrak 1963an eten ziren, eta, ordutik, atmosferan dagoen karbono-14aren kontzentrazioa gutxituz joan da. Edozein modutara, landareek atmosferan dagoen karbono-14a hartzen dute, eta baita pertsonek ere, landareak jatean. Hala, pertsona baten zeluletan dagoen karbono-14aren proportzioa zelula hori banatzen ari zenean atmosferan zegoenarekin erlazionatuta dago.
Ikertzaileek 1955 baino lehenago jaiotako pertsonek bihotz-zeluletan duten karbono-14aren proportzioa neurtu dute. Garai hartan, artean ez zen proba nuklearrik egiten, baina ikusi dute bihotz-zelula batzuek karbono-14 asko dutela, pertsona horiek jaio zirenean atmosferan zegoen proportzioari zegokiona baino gehiago. Horrek esan nahi du bihotzeko zelulak berritu egiten direla.
Berez, oso erritmo motelean berritzen dira bihotzeko zelulak, baina, ikertzaileen ustez, "berritze-erritmoa azkartu daiteke", zenbait substantzia erabilita. Beharbada, bihotzeko gaixotasun batzuentzat tratamendu berriak sor daitezke bide horretatik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia