}

Bolada bakarrean iritsi zen gizakia Asiara

2010/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bolada bakarrean iritsi zen gizakia Asiara
2010/02/01 | Elhuyar
Aetak eta beste negrito-tribuak uste baino hurbilago daude genetikoki gainerako asiarretatik. Arg.: Leah Baroña-Cruz, Arroza Aztertzeko Nazioarteko Institutua.

Giza Genomaren Erakundearen (HUGO) Pan-Asian SNP Partzuergoak egindako ikerketa batek indartu egin du gizakiak Afrikatik Asiarako bidea bolada bakarrean egin zuela dioen hipotesia. Era berean, ikerketak zalantzan jarri du hainbat zientzialarik proposatu izan duten beste hipotesi bat: hipotesi horren arabera, bi unetan, bi multzotan iritsi ziren gizakiak Afrikatik Asiara, eta horregatik dira hain desberdinak fisikoki Asiako malaysiar, filipinar eta negritoak eta gainerako asiarrak.

Bolada bakarraren alde egin duen ikerketan, bost urte eman dituzte ia 2.000 lagunen DNA aztertzen. Horrelako azterketetan asko erabili ohi den nukleotido bakarreko polimorfismoa aztertu dute banako horietan guztietan; zehazki, aztertutako pertsonek 55.000 nukleotido ingurutan duten polimorfismoa. Azterketatik ondorioztatu dute negritoen genoma bat datorrela, hein handi batean, Asiako hego-ekialdeko populazioetako jendearen genomarekin, eta horrek iradokitzen du arbaso komuna dutela batzuek eta besteek.

Hala ere, ez da ondorio horretara iristen den lehenengo ikerketa. 2005ean mitokondrioetako DNA aztertuta egindako beste ikerketa batean ere antzeko ondoriora iritsi ziren Erresuma Batuko Leeds Unibertsitatean.

1
261
2010
2
007
Paleontologia
Albisteak
10

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia