Bluetooth: kablerik gabeko komunikazioa
2001/10/01 Astobiza, Amaia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ukaezina da kableek, gehienetan, traba besterik ez dutela egiten. Inprimagailua hondatzen denean, adibidez, dagokion kablea zein den asmatu aurretik ordenagailua Internet, ahots eta irudi barik uzteko arriskua ia saihestezina izaten da. Horrelakoetan, ziur batek baino gehiagok, inoiz edo behin, ondokoa pentsatu duela: kablerik izango ez balitz! Eta horixe da, hain zuzen ere, hizpide izango ditugun teknologia berriek eskaintzen dutena.
Teknologia horien artean, Bluetooth teknologia, IrDA erakundeak (Infrared Data Association) sustatutako infragorrien teknologia eta HomeRF ( Home Radio Frequency ) daude. Guztiak kablerik gabeko komunikazioa ahalbidetzeko diseinatutako espezifikazioak dira. Espezifikazio horien bidez, tresnen arteko konexioak nola egin behar diren deskribatzen da. Hartara, gai izango gara telefono mugikorra, ordenagailua, telebista, bideoa eta beste hainbat tresna haririk gabe konektatzeko.
Baina bateraezinak diren teknologia eta estandar asko sortu direnez, kableen arazoak hor dirau. Teknologia bakoitzak hargailu eta igorgailu berezia behar ditu, eta horietako bakoitzak elektrizitate-sarera konektatuta egon behar du. Azkenean, beraz, arazo berarekin egiten dugu topo. Irtenbidea periferiko-mota guztiak konektatzeko balio duen tresna unibertsala da, eta horixe da, hain zuzen ere, Bluetooth. Horregatik, teknologia hori da informatikaren eta telekomunikabideen industrian indar handiena hartzen ari dena.
Nola funtzionatzen du?
Bluetooth gailu bakoitzak informazioa igortzeko eta hartzeko gai den mikrotxip bat du. Horretarako, ISM ( Industrial Scientific Medical ) maiztasun-banda erabiltzen du, 2,4 GHz ekoa. Maiztasun-banda hori erabiltzeko ez da lizentziarik eskatu behar eta, gainera, ia mundu osoan erabil daiteke. Espainian, ordea, ezin da maiztasun-banda hori erabili, eta, ondorioz, bateragarritasun-arazoak egon daitezke Espainian eta Espainiatik kanpo egin edo saldutako produktuekin. Mikrotxipak oso txikiak dira, eta oso energia gutxi behar dute (telefono mugikorrek baino % 97 gutxiago).
Informazioa trukatzeko, zazpi datu-kanal eta 64 kbit/s-ko abiadurako hiru ahots-kanal erabil daitezke. Gailu bakoitzak 48 biteko noranzko bakarra du, kablerik gabeko eremu lokaleko sareen (LAN) IEEE 802.11 estandarrean oinarrituta; horren bidez, gailua pikonet bateko kide izan daiteke aldi batez.
Pikonet -a konektatuta dauden gailuen sarea da. Guztira, bi eta zortzi gailuren artean konekta daitezke. Horietako bat ‘nagusia’ izango da, eta gainerakoak ‘morroiak’. Estaldura-eremu berean, ostera, 10 pikonet egon daitezke. Gainera, pikonet bateko gailu bat beste pikonet bateko gailu batekin konekta daiteke. Kasu horretan, scatternet deritzona osatzen da (sinkronizatu gabeko hainbat pikonet askeren arteko konexioa).
Tresnen arteko konexioak binaka egiten dira. Horretarako, gailuen arteko distantzia 10 metro artekoa izan daiteke; anplifikadoreak erabilita, ordea, 100 metro arte hel daiteke, baina, kasu horretan, distortsioa gerta daiteke.
1999. urteko v1.0 bertsioan, datuen truke-abiadura 1 Mbit/s artekoa izan daiteke, eta v2.0 bertsioan 2 Mbit/s-ko abiadurara heltzea espero da. Gainera, bertsio biak bateragarriak izango dira. Bestalde, interferentziak eragozteko maiztasun-jauzi aleatorioak erabiltzen dira. Konexioa kontrolatu eta datuen segurtasuna bermatzeko, berriz, enkriptatze- eta baimen-mekanismoak ditu. Lotura bakoitza kodifikatuta dago, eta interferentzien eta lotura galtzearen aurkako babesa du. Horregatik, irismen laburreko eta kablerik gabeko sare segurua dela esan daiteke.
Hala ere, kontuz ibili behar da maiztasun-banda bera erabiltzen duten beste gailu batzuekin. Hegazkinetan, adibidez, debekatuta dago telefono mugikorra erabiltzea, eta berdin gertatzen da Bluetooth txipa duten gailuekin ere, hegazkineko beste elementu batzuekin interferentzia sor dezaketelako.
Teknologia honek hainbat erabilera izan ditzake, batez ere automobilen industrian, medikuntzan, etxeko tresna elektrikoetan eta, oro har, eguneroko bizitza arruntean. Esate baterako, ordenagailuko eta telefono mugikorreko agendak eguneratuta izan ditzakegu, telefono mugikorra ateak ireki eta etxeko tresna elektrikoak konektatzeko erabil dezakegu, etab. Iritsi da, beraz, gure ingurua sofatik altxatu ere egin gabe kontrolatzeko ordua!
Marka erregistratuaBluetooth marka erregistratua da, eta, beraz, ezin da beste era batera idatzi edo beste hizkuntza batera itzuli. Izenaren jatorria nahiko bitxia da. X. mendean, Danimarkan Harol Blåtand (blå: urdina, tand: hortza) erregea bizi zen. Errege horrek araudi desberdina zuten Eskandinaviako hainbat herrialde txiki erresuma bakarrean elkartzea lortu zuen. Horregatik, Bluetooth-en arduradunek teknologia berri horri izen bera ematea erabaki zuten. Izan ere, besteak beste, Eskandinaviako bi herrialdetako bi enpresa proiektu berean elkartuta daude: Ericsson, Suediakoa, eta Nokia, Finlandiakoa. Proiektuaren zuzendaritza SIG (Special Interest Group) taldearen esku dago, eta talde horretako partaide nagusiak Ericsson, Nokia, Intel, IBM, Toshiba, Motorola eta 3Com (Palm) dira. Horietaz gain, 1.600 enpresa baino gehiagok proiektuarekin bat egin dute, eta guztiek v1.0 espezifikazioa erabiltzeko eskubidea dute, hau da, Bluetooth teknologiaren espezifikazioaren lehenengo bertsioa. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia