Bizkarreko minak jota
1996/07/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sarreran esan bezala, lunbalgia bat sor dezaketen gaixotasunak asko dira (300-dik gora kontabilizatzen dira arrazoi posible bezala), baina gehienetan lunbalgia endekapenezko gaixotasunen ondorioz, sortzetiko anomalien, zati bigunetako erreumatismoen eta ornoarteko diskoaren arazoen ondorioz agertzen da.
Arrazoiak: asko eta desberdinak
Mina agertzeko moduak, bere erritmoak eta gertakariaren iraupenak datu fidagarri asko ematen digute lunbalgia sortzen duten arrazoiak zehazteko.
- Horrela, lunbalgia mekanikoa , muskulu eta tendoietako gaitzek edota artrosiak eragina, bizkarrezurraren mugimenduek eta jarrera behartuek sortzen dute. Hau da gehien ikusten den lunbalgia-mota eta atsedenaldiarekin desagertu edo arindu egiten da. Pertsona ongi jaikitzen da ohetik, molestiarik gabe eta egunean zehar okerragotuz doa, mina handiagoa eginez.
- Lunbalgia inflamatorioa, berriz, okerragotu egiten da atsedenaldiarekin (zenbat eta handiagoa izan iharduerarik gabeko denbora, orduan eta gogorragoa da mina), eta alderantziz, mugimenduekin hobetu egiten da. Sintoma tipikoak ohetik jaikitzerakoan edota eserita edo zutik denbora luzean egon ondoren nabaritzen den mina eta zurruntasuna dira. Pazienteak hobera egingo du egunean zehar egindako lanaren edo ihardueraren ondorioz.
- Lunbalgia infekziosoak, berriz, min etengabea ematen du eta berdin-berdin goizean nahiz arratsaldean, edozein mugimendurekin areagotu egiten da. Gauez minak ez dio pazienteari lorik hartzen uzten.
Sintomak ere, oso desberdinak
Diskoko hernia bat dagoenean edota diskoaren endekapenagatik barruko eraztun fibrosoa kanpora irteten denean, mina beheko gorputzadarretako batera irradiatzen da (oso kasu gutxitan bietara), ia beti zangoaren atzealdetik eta zenbait kasutan, behatzetaraino iritsiz. Mina ez da beti desagertzen atsedenaldiarekin eta presio abdominala gehitzea dakarren edozein mugimenduk (eztul egiteak, adibidez) molestiak areagotu egingo ditu.
Orno-muineko kanalaren estenosia edo estugunea dagoenean, sintomatologia zertxobait berezia izaten da: lunbalgiaz gain, ibiltzerakoan izter eta zangoetan mina eta indar-galera sentitzen da, kalanbreak, inurridurak,… bizkarrezurra makurtzean hobetzen diren sintomak dira, gainera.
Paziente hauek zutik ibiltzerakoan mina eduki ohi dute eta sarritan, geratu beharrean aurkitzen dira. Bizikleta baten gainean doazenean, berriz, ez dute inolako sintomarik edukitzen, jarrera horretan bizkarrezurra flexionatuta doalako. Lunbalgia mekanikoa, muskuluen uzkurdura batek edota tendoi nahiz lotailuen alterazioek sortuak, hamabost egunen buruan desagertu egiten dira normalean. Sei astetik gora irauten badute, pazienteak beste gaitzen bat duela pentsatzen hasi behar dugu, disko interbertebralaren patologiaren bat, normalean.
Tratamendua ere, era askotarikoa
Ikusi dugu lunbalgiaren arrazoiak asko eta desberdinak direla. Horregatik, historia kliniko egokia eta pazientearen miaketa fisiko zuzena ezinbestekoak dira diagnostikoa behar bezala egin nahi bada.
Behin diagnostikoa egin ondoren hasiko gara tratamenduarekin. Askotan lunbalgia sortzen duen gaixotasunak (artrosiak, espondilosiak edo hiperostoriak, esate baterako) ez dauka tratamendu sendatzailerik, prozesu kronikoak edo endekapenezkoak baitira. Kasu horietan tratamendua mina arintzera, mugikortasuna mantentzera eta inflamazioa gutxiagotzera bideratuko da.
Betidanik medikuok atsedena gomendatu izan dugu lunbalgia tratatzeko eta posible da kasu batzuetan, hasieran bederen, gomendagarria izatea. Baina azken urteotan ikusi da nolabaiteko iharduera mantentzeak sintomak paliatu eta errekuperazioa erraztu egiten duela.
Pisu handirik ez erabili, eta ez mantendu jarrera beharturik denbora luzean. Ez egon mugitu gabe luzaroan, eta ez egin bat-bateko mugimendurik. Zertxobait mugitu, paseatu, eguneroko iharduerak egin (ahal den neurrian): horra hor lunbalgiaren sendaketa prozesuan positiboak izan daitezkeen neurriak. Hala ere, kasu berezietan (diskoaren hernia, edo infekzioak adibidez) atsedenaldia beharrezkoa eta derrigorrezkoa izango da.
Egunero-egunero bizkarrezurrerako ariketa-programa berezi bat burutzea da modurik eraginkorrena errekuperazioa lortzeko, mugikortasuna eta malgutasuna mantentzeko eta gaixo berritzeak ebitatzeko. Oso egokiak dira lunbalgia kronikoa denean eta etxean bertan egin daitezke, gainera. Bero lokalak (trapu lehor bat berotuz edota manta elektrikoaren bidez) ere oso emaitza onak dauzka, muskuluen kontrakturak askatzeko, batez ere.
Kiropraktiko eta masajisten tratamenduak oso eztabaidatuak dira gaur egun. EEBBetan egin berria den azterketa batean mediku orokorren, traumatologoen eta kiropraktikoen tratamenduen arteko konparazio bat egin zen eta emaitzei begira, ez zegoen diferentziarik pazienteen eboluzioan.
Prebentzioa, ahal izanez gero
- Komeni da aktibo mantentzea eta gerrialdeko malgutasuna eta indar muskularra errazteko ariketak egitea.
- Bat-bateko mugimenduak, mugimendu zakar eta bortitzak ebitatu, batez ere denbora luzean aritu gabe eta gorputza behar bezala berotu gabe dagoenean.
- Pisuak behar bezala maneiatu: kargari ondo eutsi, gorputzetik gertu mantenduz, eta izterren indarrez jaso bizkarrezurrarekin indar egin ordez; oinak behar bezala apoiatuak eduki.
- Bizkarrezurraren flexioa eta errotazioa batera eskatzen duen mugimendu konbinaturik ez egin. Mugimendua pixkanaka egin, indar-kolperik gabe.
- Txiki-txikitatik hasi prebenitzen (bizkarrezurreko desbiazioak, oinetako alterazioak, dismetriak, etab.). Umeei postura egokiak irakatsi muskulu-taldeetan tentsiorik sor ez dadin, garapena modu orekatuan egin dadin, eta malgutasuna kontserbatzeko.
- Sasoi onean egotea da lunbalgia mekanikoen kontrako prebentziorik egokiena (nahiz eta lunbalgia horiek onaireak izan).
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia