Bizitzaren gorabeherak
2000/04/02 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Hori jadanik ez du inork zalantzan jartzen, baina zer gertatzen da suntsipen horien ondoren? Zenbat denbora behar du naturak suntsipen bakoitzaren aurreko dibertsitate-maila berreskuratzeko? Hamar milioi urte. Hori dio behintzat gaiaren inguruan argitaratutako azken artikulu zientifiko batek.
Ekologia zientzia esperimentala da neurri batean, hau da, ezagutzaren zati bat esperimentuen emaitzen ondorio da. Horrela, ingurune batean distortsio kontrolatuak eraginez (zenbait espezie kendu edo urrituz, zein ekosisteman aldaketak eraginez), ekologoek espezieen arteko harremanak eta hauek ingurunearekin dituzten harremanak aztertzeko aukera izaten dute.
Aspaldi gertatutako iraungitzeak eta haien ondorengo errekuperazio biotikoa (bizidun- eta espezie-kopuruaren errekuperazioa) ikertzeko, ordea, paleontologoek ez dute horrelako aukerarik izaten, ezin baita duela hainbat milioi urteko ingurunea eraldatu eta zer gertatzen den ikusi.Hainbat diogunean, benetan aspaldiko kontuez ari gara, gaur aipatuko dugun ikerketan duela 543 milioi urtetik gaur egunera bitarteko fosilen datuekin lan egiten baitute, hau da, Fanerozoikoko fosilekin. Hala ere, hain aspaldiko fosilen azterketaz bestelako metodoen bidezko behaketentzako azalpenak lor ditzakete. Horrela, jakin badakigu, gutxienez, neurri handiko bost iraungitze eta ondorengo biodobertsitatearen errekuperazio izan direla denbora horretan. Baita neurri txikiagoko "krisi" eta ondorengo berreskurapen biotikoak ere. Iraungitze eta errekuperatze horietako datuek antzeko egoeren arteko konparazioak egin eta eredu orokorrak bilatzea ahalbidetzen dute. Bai eta errekuperazio horrek zenbat denbora behar duen kalkulatzeko modua ere.
Kaliforniako Unibertsitateko James Kirchner-ek eta Ipar Karolinako Duke Unibertsitateko Anne Weil-ek aipatu garaiko itsas fosilak aztertu eta zera ikusi dute: iraungipenaren tamaina edozein izanda ere (hots, dagoen espezie-kopuruaren edo biodibertsitatearen galera % 90ekoa, % 50ekoa edo % 20koa izanda ere), biodibertsitate-sorrera maximora heltzeko hamar milioi urte behar dela.
Iraungipenaren ondorengo errekuperazioari buruzko ikerketak iraungipen masiboei buruzkoen aldean oso gutxi izanda ere, guztietarako baliagarri diren ildoak aipa genitzake. Horrela, suntsipenaren ondoren biodibertsitatea baxua da oso eta hedapen geografiko zabala duten espezie generalistak dira nagusi (gaur egun azeria izango litzatekeena, adibidez), edozein tokitan bizitzeko gai izanik baldintza ekologiko ugaritara moldatuta zeudelako. Biodibertsitate baxuko epe hori "biziraupen-aldia" izango litzateke. Ondoren talde taxonomiko berrien agerpen azkarreko aldia dator eta, eskura ditugun datuak urriak izanda ere, abiadura eskualdeka desberdina izan dela adierazten dute.
Orain arte, iraungipena eta ondorengo suntsipena azaltzen zituen hainbat teoriak espezieak irla moduan ikusten zituzten. Alegia, espezie bat desagertuz gero nitxo edo txoko ekologiko bat libre geratzen zen eta naturak oreka berreskuratzeko egin behar zuen bakarra txoko hori betetzea zen, bai dagoeneko existitzen zen espezieren batekin zein espezie berriren bat sortuz.Hortan oinarrituta, iraungitzea zenbat eta gogorragoa izan, nitxo ekologiko gehiago geratuko litzateke hutsik, eta beraz, naturak denbora gehiago beharko luke espezie berriak sortu eta nitxo guztiak betez oreka berrira iristeko. Edonola ere, iraungipenen ondoren biodibertsitate-emendioa berehala, oso azkar eta golpeka gertatzen zela uste zuten (grafikoko "a" eredua). Batez beste, iraungipen masiboen ondoren ia erabateko berreskurapena bost milioi urte baino lehen gertatzen zelakoan zeuden.
Bazen, hala ere, guztiz kontrakoa zioen teoria. Iraungipen handien ondoren dibertsitate baxuko aldi luzea eta ondoren pixkanakako errekuperazioa gertatzen zela zioena (grafikoko "c" eredua).
Orain, Naturen argitaratutako ikerketak, ordea, arazoari beste ikuspuntu batetik heltzen dio. Fanerozoikoko (hots, duela 570 milioi urtetik orain arteko) itsas fosilak aztertzeari ekin diote, bertatik lortutako datuak iraungitzeen eta errekuperazioen datuekin alderatuz. Ez da lan erraza, laginketarako arazoak eta tartekatu daitezkeen neurri txikiko iraungitzeak direla eta, baina euren emaitzetan genero (espezieak biltzen dituen sailkapen-maila) eta familia (generoak biltzen dituen sailkapen-maila) berrien sorrera gehieneko unea, iraungitze-aldiaren maximotik hamar milioi urtera gertatzen dela ikusi dute eta denbora hori ez dela suntsipenaren neurriaren araberakoa.Biziraupen-aldia orain arte uste zena baino luzeagoa dela ikusi dute. Izan ere, azken finean, iraungipena handi xamarra bada, hutsik geratu diren nitxo ekologiko asko dago eta gainera horiek betetzeko ordezko espezie zein espezie berriak sortzeko oinarri diren espezie gutxi dago (suntsipenean fabrika lehengairik gabe geratu da).
Horregatik gehiago kostako da "zulo" horiek betetzen hastea. Biziraupen-aldian oinarrizko espezie-kopurua lortu ondoren, ordea, nahiko azkar beteko dira nitxo guztiak (grafikoko "b" eredua). Gainera ikuspegi berrian espezieak elkarri lotuta daudela onartzen da, eta beraz, espezie bat desagertzeak eragina du inguruko gainontzekoetan. Gutxi batzuk desagertuz gero, inguruan sortutako distortsioa ez da hain handia, baina suntsipena nabarmen samarra bada distortsioa biderkatu egiten da. Horregatik otsoak babestea oso garrantzitsua ez dela pentsa lezake norbaitek, baina otsoak desagertzeak eragina du bere elikagai diren karniboro eta herbiboroetan. Eta horien kopurua zein oreka aldatzeak eragina du basoan; eta basoa eraldatuz gero beste hainbat espezie kolokan leudeke, edo euri gutxiago egingo luke eta orduan gizakiak berak ere bizimodua edo lurraldea kudeatzeko modua aldatu beharko luke; eta ur bila urrunago joanda harantzagoko ingurugiroa eraldatuko du eta...
Horregatik, gizakia eragiten ari den espezieen desagerpena ere oso azkarra eta bolumen handikoa dela kontuan izanda (gogoratu eredu honen arabera suntsipenaren neurriak ez duela eraginik), hori "konpontzeko" naturak hamar milioi urte beharko dituela da hainbatek atera duen ondorioa
.
BASO SOILTZEAK ETA SUNTSIPENAK.
Konparazioak inoiz ez dira guztiz zehatzak izaten, baina hona hemen adibide gisako bat. Baso batean hektarea bateko partzela bat soildu eta lurra arrotzen badugu, suntsipen txiki-txiki bat eragingo genuke. Bertan "biziraupen-aldia" laburra izango da, inguruan lur hori kolonizatuko duten landere-espezieak bai baitaude. Lehenengo landare generalistak sartuko dira, baldintza zailetan ere (kasu honetan eguzkitze handiak, lehortea, harraparien oso eskura egotea...) iraun baitezakete. Kasu honetan, seguruenik ez dugu espezierik desagertarazi, kopurua murriztu baizik. Soilgunea iberiar penintsula adinakoa bada, ordea, espezie kolonizatzaileak egon badaude, baina oso urrun eta asko kostako zaie bertara iristea. Gainera bertan irautea lortu duten landareak ere urriak dira eta kosta egingo zaie soilgunea guztiz estali eta aurreko egoerara itzultzea. Birkolonizazioa geldoa izanen da. Lehenengo soilgunea estaliko duen landare-espezieen kopuru minimoa lortu beharko da eta ondoren beste asko iritsiko dira horien babesean.
Orain demagun soilgunearen ordez espezie bat edo bi desagertarazten ditugula. Horrek beste espezieetan ere izango du eragina, baina antzeko beste espezieren batek beteko du utzitako hutsunea (ingurune guztien distortsioekiko sentikortasuna berdina ez dela kontuan izanda beti ere). Desagertutako espezieak gehiago badira, distortsioa (soilgunea) nabarmenagoa izango da eta gehiago kostako zaio naturari hutsune hori betetzea; 10 milioi urte, han zuzen ere. Izan ere, lehenengo oreka ekologikoa osatuko dutenen hautagaiak sortu beharko ditu naturak (soilguneko lehen kolonizatzaileak) eta, ondoren, hautagai horietako zenbaitek hasieran zeudenen pareko espezieak garatuko dira (kolonizatzaileen babesean haziko diren, edo kasu honetan, kolonizatzaileetatik eboluzionatuko duten espezieak).
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia