}

Bizitza gogorra itsasoan. Portaera aldaketak giza eraginaren ondorioz

2004/05/30 Lexartza Artza, Irantzu - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Elkarrekin komunikatzeko gero eta "oihu" edo "kantu" luzeagoak egin behar dituzte orkek itsasontzien burrunbari aurre egiteko. Itsasoetako trafikoak gora egin du etengabe, eta horrek sortutako poluzio akustikoak animalia horien portaera aldatu du. Giza jarduera bazter guztietara heltzen da, eta beste bizidun batzuek jasaten dituzte horren ondorioak.
Itsas espezie askoren arazo nagusietako bat da gehiegizko arrantza.

Erronka berri bati aurre egiten saiatzen ari dira orkak Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldeko uretan. Izan ere, gero eta ingurune zaratatsuagoan bizi dira, eta egoera horretara moldatu behar izan dute elkarren arteko komunikazioa.

Orkak aztertzen dituzten ikertzaileek aldaketa nabarmena antzeman dute animalia horiek egiten dituzten soinuetan. Ikerketa batean, 1970eko hamarkadan hasi eta orain arteko oihuen grabaketak konparatu dituzte, eta 1990etik hona oihu horiek asko luzatu direla ikusi dute. Oihurik luzeenak, gainera, haien inguruan itsasontziak daudenean egiten dituzte.

Aspaldi esan zuten zientzialariek orkek soinua erabiltzen dutela orientatzeko eta komunikatzeko. Duela hainbat urte jakin zuten, gainera, gizakiok sortutako zaratak zetazeoen gaitasuna muga zezakeela bidea aurkitzeko. Beste soinu-uhin batzuen interferentziek bidea galtzea eta jitoan egotea eragin dezakete. Orain aurkitu dute, ordea, poluzio akustikoak komunikazioari ere eragiten diola.

Orkak taldetan bizi dira, eta komunikazioak garrantzi handia du haien bizimoduan. Hirurogeitik gora soinu desberdin egin omen ditzakete, eta eskualde berean bizi diren taldeek, gainera, berezko azentua edo dialektoa erabiltzen dute.

Gero eta itsasontzi gehiago dago itsasoetan.

Egoera bakoitzerako seinale-mota jakin bat erabiltzen dute, eta soinu batzuek portaera jakin batzuk eragiten dituzte taldekideengan. Komunikazio-sistema ona dute, beraz, baina oraindik ez da ondo ulertzen horren maila edo konplexutasuna.

Orka-talde batzuek sarritan egiten dute oihu elkarri entzuteko moduko distantzia mantentzeko, batez ere ehizan ari direnean. Harrapakinak soinu horiek entzuteko gai direnean, ordea, isilik egoten dira erasotzeko unea iritsi arte. Zientzialarien ustez, arriskuren bat dagoenean ere garrasien bidez ohartarazten dituzte kideak.

Baina giza entzumenerako ia sumagaitza den ur azpiko poluzio akustikoak zaildu egin du funtzio horiek betetzea, eta are gehiago estresatu du berez gainbehera doan populazioa.

Merkantzia-ontzien bide ugari pasatzen dira orkak bizi diren inguruetatik. Gainera, 1990tik 2000ra, bost aldiz handitu da orkak behatzera joaten diren ontzien kopurua. Horietako askoren gainean ez dago kontrolik, eta sarritan ez dituzte betetzen animaliak ahalik eta gutxien asaldatzeko gutxieneko arauak. Bestalde, Estatu Batuetako armadaren sonar indartsuak ere gehitu behar zaizkio motorren burrunbari hainbatetan.

Aisialdiko ontziek eragin handia izan dute orken portaeran.

Hori dela eta, arazoak dituzte orkek elkarren deiak entzuteko, eta biologoek uste dute horiek luzeago egitea komunikazioa ziurtatzeko garatu duten mekanismo bat izan daitekeela. Gaur egungo zarata-mailak muga kritiko bat gainditu duela uste dute, eta horrek behartu egin ditu zetazeoak egokitzapen hori garatzera.

Gizakiok, zarata handia dagoenean, oihu egin edo eta hitzak errepikatzen ditugu. Haien oihu luzeagoak ere errepikapenaren antzekoak izan daitezkeela uste dute adituek. Deiadar luzeagoak eginda, motorren hotsen tartean entzunarazteko aukera gehiago izan ditzakete.

Oraindik ez dakite zenbateko arrakasta duen egokitzapen horrek, baina kezkagarria izan daiteke ez badute lortzen komunikazioa bere horretan mantentzea, haien bizimoduan eragin latza izan dezake eta. Adibidez, ehizan eraginkortasuna galtzea gerta liteke.

Gizakiak itsasoak hartu ditu, eta horietan bizi diren espezieetan kalteak eragin ditu sarritan. Gainera, beste bizidun horiek dira gure bizimodura moldatu behar izaten dutenak, bizirik iraungo badute. Zaratarekin orken portaera aldarazi duten moduan, poluzioarekin eta harrapakinen arrantzarekin haien populazioak behera egitea eragin dute.

Orkek komunikatzeko zailtasunak dituzte poluzio akustikoa dela eta.

Beste zenbait itsas bizidunen populazioetan are larriagoa izan da eragina. Espezie batzuk desagertu egin dira, eta beste asko guztiz desagertzeko arriskuan jarri dituzte giza jarduerek. Azken hori da, besteak beste, bakailaoaren kasua.

Arrain horren arrantza galarazi egin behar izan zuten populazioaren beherakada zenbatekoa zen ikusita. Egoera berri gogorrera moldatu behar izan zuen bakailaoak, eta ikertzaileek ikusi dute lehen baino gazteago heltzen dela heldutasun sexualera. Haien ustez, ondorengoak utzi ahal izateko moldaketa ebolutiboa besterik ez da.

Animaliei eragindako aldaketek kezka sortu dute zientzialarien eta naturaren babeserako elkarteen artean. Giza bizimodua aldatzea da, ordea, horrelako egoerei aurre egiteko bide bakarra.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia