Izortze Santin Gomez,

EHUko ikertzailea

Bizitza da handiena


Mikel Thailandian egon da oporretan. Ostiral batean lanean bukatu, hegazkin pare bat hartu, eta hamabost egunetan zehar Thailandian zehar bidaiatu du. Ikaragarri ongi pasatu du, hondartzatik hondartzara, tenplutik tenplura. Zoritxarrez, azken egunean tximino batek koxka egin dio, eta ospitalera joan behar izan du. Bertako tximinoak amorruaren garraiatzaileak izan daitezke, eta, koxka baten bidez, amorrua transmititu diezaiokete gizakiari. Gaixotasun larria da, eta, tratamendua jasotzen ez bada, % 100etik gertuko heriotza-tasa du. Zorionez, Bangkok-eko ospitale batean txertoaren lehenengo dosia jarri diote, eta, Euskal Herrira iristean, beharrezko diren beste dosiak jaso ditu. Izan ere, Euskal Herrian amorrua endemikoa ez den arren, kasu hauetarako amorruaren kontrako ehunka txerto erosi eta gordetzen dira. Lasai joan gaitezke oporretara, beraz.

Ndeke lau urteko mutil alaia da. Bere guraso eta zazpi anai-arrebekin bizi da Kamerungo herri txiki batean, eta egunero arreba nagusiarekin ur bila joaten da etxetik hiru kilometrora dagoen putzu batera. Euri asko egiten duenean, putzuko ura kutsatu egiten da, saneamendu eskasa dela eta ur erabiliekin nahasten baita. Ndeke-k kutsatutako ur hori edan du, eta gastroenteritisa dauka. Egunak daramatza sukarrarekin eta beherakoarekin, eta deshidratazio larria dauka; ez dakite egoerari buelta emango dion. Errotabirusaren kontrako txertoa 2006an merkaturatu zen lehen aldiz, eta Euskal Herrian 2025ean sartu zuten txertaketa-egutegian. Txerto hau ez da iristen herrialde pobreenetara, eta urtean 400.000 ume baino gehiago hiltzen dira errotabirusak eragindako gastroenteritisagatik.

Arantzak 55 urte ditu eta Bilbon bizi da. Lau urte zituenean, 1 motako diabetesa diagnostikatu zioten; handik geroztik, egunero intsulina ziztatu behar du. Pozez hartu du berriki Nature aldizkari ospetsuan argitaratutako artikulu zientifikoa; intsulina hartzeko modu berri bat garatu dute, azalean ematen den krema baten bitartez. Krema hori noiz egongo den eskuragarri pentsatuz sartu da ohera.

Joab Ugandako herri bateko pediatra da, eta, Arantzak bezala, Nature aldizkariko artikulu horren berri izan du. Joaben erreakzioa desberdina izan da. Berari berdin zaio intsulina hartzeko modua; pazienteek behar duten intsulina eskuratu ahal izatea du kezka nagusia. Azken urteetan, paziente ugari hil zaizkio intsulina hartzeko aukerarik izan ez dutelako.

Ukaezina da azken hamarkadetan arlo biomedikoan egindako aurrerapen zientifikoek giza osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea lortu dutela. Gaixotasunak diagnostikatzeko teknika berriak garatu dira, zenbait gaixotasun prebenitzeko jarraibideak diseinatu, eta orain dela urte batzuk sendaezinak ziren gaixotasunak sendatzeko tratamenduak aurkitu dira. Aurrerapen zientifiko horiek, ordea, ez dira munduko herrialde guztietara era berdinean heldu. Izan ere, Munduko Osasun Erakundearen World Health Statistics 2025 txostenaren arabera, bizitza osasungarriaren sustapenean lorpen nabarmenak izan diren arren, herrialde askotan atzerapen handiak egon dira osasun-zerbitzuetarako sarbide zuzenean.

Zientzia pertsonen bizitza hobetzeko lanabes ezin hobea da, baina, aurrerapen zientifikoak munduko txoko guztietara heldu ezean, gizateriari egiten dion ekarpena ez da erabatekoa izango. Bizitza baita handiena, hemen eta non-nahi.

Izortze Santin Gomez,

EHUko ikertzailea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali