Martxoaren 23tik 26ra bitartean ospatutako Parekoen Topaketetan, zientzia eta teknologiaren esparruko profesionalek (43 emakume eta 3 gizon) beren ibilbidea, eguneroko lana eta aurkezten zaizkie erronkak partekatu dituzte gazteekin. Ondoren, gazteek Bizilabe programan garatzen ari diren STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) proiektuak aurkeztu dizkiete profesionalei.
Mahai bakoitzean, profesional bat eta gazte-talde bat elkartu dira, eta, dinamika parte-hartzaile baten bidez, ideia-trukea sustatu da. Profesionalek aholkuak eta orientazioa eman dizkiete gazteei, eta gazteek aukera izan dute zientzia eta teknologiaren munduko emakume erreferenteak gertutik ezagutzeko. Saioan, profesionalak mahaiz mahai mugitu dira, elkarrizketa dinamikoa eta aberasgarria izan zedin.
Parekoen Topaketen bidez, gazteek lehen eskutik ezagutzen dute zientzia eta teknologiaren arloko profesionalen lana, eta emakume erreferenteak ikusgai egiten dira. Halaber, gazteek beren proiektuak hobetzeko orientazioa jasotzen dute, eta etorkizuneko ikasketa- eta lanbide-aukerei buruz hausnartzeko aukera dute.
«Parekoen Topaketen bidez, gazteek lehen eskutik ezagutzen dute zientzia eta teknologiaren arloko profesionalen lana.»
Abanto-Zierbenako Parekoen Topaketa - 2026 (Egilea: FOKU)
Bizilabe sarea
2017an jarri zen martxan lehenengo Bizilabe zentroa Bilbon, Deustuko Barrutiko Udal Zentroan. Geroztik Bizilabek hirian duen presentzia handituz joan da: 2021-2022 ikasturtean Otxarkoagan hasi zen, 2022-2023 ikasturtean Zorrotzan, eta 2023-2024an Basurtun. 2024-2025 ikasturtea, Alde Zaharreko Bizilabe martxan jarri zen Esperantzan.
Elgoibarreko Bizilabea 2019ko urrian abiatu zen Makina Erreminta museoan eta gaur egun IMHn jarraitzen du 5 talderentzako jarduera eskainiz.
2022-2023 ikasturtean Abanto-Zierbenako eta Aludioko Bizilabe Zentroak abiatu ziren eta geroztik martxan jarraitzen dute hainbat talde egonkorrekin.
2025-2026 ikasturtean, Nafarroara egin zuen salto Bizilabek Ingurugiro Museoan Bizilabe Iruña martxan jarriz.
Hala, Euskal Herriko zentroen sarea izan nahi du Bizilabek, zeinetan bat egiten baitute zientziak, emozioak, ekimenak, komunitateak, erantzukizunak, teknologiak, ikaskuntzak eta berrikuntzak.
Tokiko gizarteari egin nahi zaion ekarpena gazteen hezkuntza osatzea eta eskualdeen lehiakortasunean laguntzea da. Eta horretarako Elhuyarrek proposatzen duen ereduaren arabera, ezinbestekoa da zenbait eragileren inplikazioa eta haien arteko lankidetza jartzea gazteen etorkizunaren zerbitzura. Alderdi hori funtsezkoa da, nerabezaroa garai erabakigarria baita gazteentzat; gainera, garai horretan, autoestimua txikitu egiten da oro har, bereziki nesken kasuan, eta horrek eragin kaltegarria izan dezake haien aukeretan. Horretxegatik nahi du Bizilabek neska-mutilengan eragin positiboa izan, haiek ahalduntzeko eta beren gaitasunak garatzeko aukerak eskainiz.
Iruñeko Parekoen Topaketa - 2026 (Egilea: FOKU)
Elgoibarko Parekoen Topaketa - 2026 (Egilea: FOKU)
Laudioko Parekoen Topaketa - 2026 (Egilea: FOKU)
STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)



