}

Bizikletaren eraginkortasuna

1999/09/19 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Gezurra dirudien arren —eta oso mekanismo sinplea duen arren— energiaren aprobetxamenduari dagokionez, bizikleta gizakiak asmatu duen garraiorik eraginkorrenetarikoa da. Bizikleta modernoa asmatu zenetik —1879. urtetik— denbora asko joan den arren etaera guztietako garraioen mundua ikaragarri aurreratu den arren, bizikleta omen da energia ondoen aprobetxatzen duena. Ondorio horretara iritsi dira Johns Hopkins Unibertsitateko irakasleak, garraiobide desberdinekin laborategian egindako proben ondoren. Eraginkortasun-tasa ikaragarria, % 98,6koa.
Injineruen kamera infragorriak jarri zituzten bizikleta baten inguruan; bizikleta, berriz, ordenadorez kontrolatu zuten. Kamarek egoera desberdinetan katearen igurzketak eragiten zuen berotasuna behatzen zuten. Kontuan hartzen bada sortzen den berotasunak galtzen den energia adierazten duela, horren neurketak sistemak izan zezakeen eraginkortasun falta adieraz zezakeen.

Proba guztien artean, txarrenak % 81eko eraginkortasuna eman zuen pedaletatik atzealdeko pinoietara egiten zen energia neurtzean. Saiakuntza ahalik eta errealena izan zedin, pedalei eragiteko motore elektrikoak erabili ziren; neumatikoen igurzketa simulatzeko, ordea, balazta magnetikoak. Bitxia bada ere, bizikletaren eraginkortasuna markatzen duten faktoreen artean, lubrikazioak ez du zerikusi handirik; horretan, platoaren tamaina eta katearen tentsioa dira erabakigarri.

Kontuan hartzen bada kateen diseinua eta kateak egiteko modua azken 100 urteetan ia ez dela ezertan aldatu, esan daiteke injinerutzak egin duen asmakizun bikainenetarikoa dela.

7Kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia