Bizikletan jarri eta lasai-lasai
2000/10/15 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Bizikletak, egun daudenen antzerako bizikletak, alegia, XIX. mendearen bukaerako asmakizuna dira. Aurrekariak, berriz, askoz lehenagokoak dira, Leonardo Da Vinciren marrazkietan, adibidez, kate bidez propultsatutako tramankulu bat ikusten da. Da Vincirena, hala ere, ez zen sekula marrazki izatetik pasa.
XV. eta XVIII. mendeen artean zaldirik gabeko hainbat gurdi asmatu zen arren ¾guztiak mugitzeko zailak¾ 1817. urtera arte ez zen iraultzarik gertatu. Urte hartan injineru alemaniar batek gizakiak propultsatutako egurrezko bi gurpileko tramankulua asmatu zuen. Ludwing von Drais baroiaren asmakuntzak ¾ordura arteko tramankuluak ez bezala¾ heldulekua eta jarlekua zituen, horregatik izan zen iraultzailea. 1838an jauzi berria, Mc Millan eskoziarrak bizikletari pedalak ¾eta, ondorioz, trakzio-sistema¾ jarri zizkion. Michaux frantziarrak asmakizuna hobetu zuen, pedalak aurreko gurpilean jarri baitzituen. Haren ondotik bizikleten diseinua aldatu eta aurreko gurpil handia eta atzeko txikia zuten bizikletak ikusten hasi ziren. Abiadura obsesio bihurtu zen, bizikleta haiek oso geldoak ziren-eta. Pedalei eragiten zitzaien bakoitzean, hiru metro inguru aurreratzen zuten. Logika erabilita, bizikleta-egileek aurreko gurpil gero eta handiagoak egiten hasi ziren, baina oreka gordetzeko zailtasunak areagotzeaz gain, bizikletek gehiegizko pisua hartu zuten. Hortaz, berriro ere, gurpil txikiagoko bizikletak egiten hasi ziren. Historia horretan guztian 1888. urtea garrantzitsua izan zen, ordura arteko egurrezko eta kautxuzko gurpilak ordezkatzeko puztu zitezkeen pneumatikoak asmatu eta gero. Denbora gutxira Frantzian Michelin anaiek eta Italian Pirellik munta eta desmunta zitekeen pneumatikoa atera zuten; hortaz, ganbera batzuekin eta umore apur batekin edonora joatea zegoen, nahiz eta XX. mendearen hasierako bizikleten pisua 20 kilo ingurukoa izan. 1920ko hamarkadan aldagailua asmatu zen eta hori ere aurrerapen itzela izan zen.
Ordutik gaur egun arte aldaketa nabarmen-nabarmenik ez da izan, nahiz eta bizikletak gero eta arinagoak eta aerodinamikaren ikuspuntutik egokiagoak izan. Beharbada, bakarren bat aipatzekotan, mendiko bizikletaren agerpena eta aldagailu automatikoen asmakuntza ekarri behar lirateke gogora. Aurrerapen horiei guztiei esker, bizikletek sekulako arrakasta eta onarpena lortu dute gizartean; ez, ordea, bizikleta-kontzeptu guztiek, bizikleta etzanek, adibidez, ez dutelako horrenbesteko arrakastarik. Eta arraroa da hori, etorkizun oparoa izateko ezaugarri ugari baitute.
Kontrakoa dirudien arren, bizikleta etzanen diseinua ez da berria. XIX. menderako asmatua zegoen, eta mende-hasieran, bizikleta-egile ospetsuek ¾Peugeot-ek esate baterako¾, produkzio-lerroetan ere egiten zituzten. Urte askotan elkarren ondoan hazi zen bizikleta arrunten eta bizikleta etzanen industria, harik eta 1933. urtean Francis Faure txirrindulariak orduko errekorra hautsi zuen arte. Francis Faure txirrindulari frantziarra ez zen ¾ezta urrik eman ere¾ tropeleko onenetarikoa. Hala eta guztiz ere, Faure gauza izan zen 1913. urtetik inork gainditu ezin zuen orduko errekorra hausteko. Errekorra 44 kilometro eta 247 metrotan zegoen, eta Faurek 45 kilometro eta 55 metro egin zituen. Urte hartan bertan errekor gehiago ere gainditu zituen, kilometrokoa, 5ekoa, 10ekoa, 20koa, 30ekoa, 40ekoa eta 50 kilometrokoa.
Beharbada balentria txirrindulari frantziarraren bat-bateko susperraldiarekin lot dezake norbaitek, baina gakoa ez zen Francis Faureren hanketako indarrean egon, baizik eta ipurdipean eraman zuen trastean. Izan ere, Francis Faurek errekor guztiak hausteko lanean, bizikleta etzana erabili zuen. Edozelan ere, errekor berriak ezarri eta 6 hilabetera UCIk ezerezean utzi zituen. Faurek erabilitako bizikleta ez zela legezkoa erabaki zuen, eta jarlekuaren, pedalierraren eta urkilaren arteko gutxieneko distantziak ezarri zituen. UCIren erabakiaren ondorioz, bizikleta etzanak baztertu egin ziren.
Debekurik egon ez balitz, zer gertatuko zatekeen? Zaila da gerta zitekeena irudikatzea; gertatu dena azaltzea, ordea, ez. Denbora askotan ¾40 urte inguru¾ bizikleta etzanen diseinua eta industria geldituta egon da, aurrera egin gabe. Horrelako batean, 70ko hamarkadaren bukaeran, bizikleta etzanen inguruko interesa berpiztu zen; ondorioz, aparkatuta zeuden zulo beltzetik irten ziren. Aurreko hamarkadan hasitako bidea 80 eta 90eko hamarkadan indartu egin zen eta, dagoeneko, bestelako bizikletak egiten dituzten marka batzuk ere ¾Bavatus edo Trek adibidez¾ bizikleta etzanak merkaturatzen hasi dira. Hemen oraindik ez dira ikusten, baina bizikletaren kultura hedatuagoa den tokietan, Holandan esaterako, ohiko bihurtzen ari dira.
Orain arte, bigarren mailakotzat hartu badira ere, etorkizuna bizikleta etzanena izan daiteke. Izan ere, beren diseinua dela eta, ohiko bizikletak baino azkarragoak dira. Horretaz jabetzeko datu bakar bat nahikoa da: bizikleta etzanen gaur egungo orduko errekorra 79 kilometro eta 136 metrokoa da; Chris Boardman-ek ohiko bizikletarekin 1996an egindakoa, aldiz, 56 kilometro eta 375 metrokoa. Beraz, aldea nabarmena da, eta gehiago kontuan hartzen bada ohiko bizikletarekin ibiltzen direnak profesionalak ¾askoz hobeto prestatuagoak¾ direla. Har dezaketen abiadaz gain, bada etorkizunean bizikleta etzanen aldeko apustua egiteko beste hainbat ezaugarri:
- Erosotasuna. Abantailarik nabarmenena beharbada, bizikleta gainean hartu beharreko posizioa naturalagoa baita.
- Aerodinamika hobea.
- Bizkarraren laguntzari esker, indar-transmisio handiagoa pedaletara.
- Kurbetan abiada handiagoa. Izan ere, ez dago pedalekin lurra jotzeko arriskurik; hortaz, kurbetan ere pedalkadak eman daitezke.
- Erortzeko arrisku txikiagoa, grabitate-zentroa beherago baitago.
Ez dira abantaila txikiak, baina gehiago ere badira. Agian aipagarriena karrozeria jartzeko aukera, aerodinamika hobetzeko batetik, eta eguraldi txarraz babesteko bestetik. Euskal Herrian estimatuak lirateke horrelakoak!
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia