Bizidunek egina eta desegina
2009/02/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Plastikoak arinak dira, merkeak, oso erraz moldatzen dira eta abar. Gainera, oso erresistenteak dira korrosioarekiko nahiz hainbat agente kimikorekiko. Hortaz, edozer gauza egiteko erabiltzen ditugu gaur egun. Begiratu ingurura, eta plastikoz inguratuta aurkituko duzu zure burua: plastikozkoa da zure hortzetako eskuila, zure zapaten zola, zure telefonoa, batetik bestera joateko erabiltzen duzun ibilgailuaren hainbat osagai...
Produktu horiek erabilgarri dauden bitartean eskaintzen dituzten abantailak, ordea, oztopo bilakatzen dira horiek erabiltzeari uzten diogunean. Eta plastikozko oso produktu gutxik dute 25 urtetik gorako balio-bizitza --eta askoz lehenago baztertzen ditugu--. Hain erresistenteak direnez, pilatuz eta pilatuz joaten dira zabortegietan.
Zabortegietako plastikoen arazoa konpontzeko, bi bidetatik jotzen ari dira. Bat plastikook birziklatzea da. Kontzeptu gisa, ez dirudi arazoa konpontzeko bide txarra. Gaur egun, ordea, sortzen diren hondakin plastikoen proportzio txiki bat baino ez da birziklatzen. Ez dago proportzio hori zehazterik, zifra-dantza handia dago informazio-iturri batetik bestera, baina guztiak % 50etik nahiko urrun daude.
Erre ere egiten dituzte hondakin plastikoak, energia asko askatzen baitute erretzean, eta energia horri probetxua ateratzen baitiote energia-iturri gisa. Energiaz gainera, ordea, toxikotasun-maila handiko konposatuak kanporatzen dira plastikook erretzean.
Ohiko plastikoek eragiten dituzten ingurumen-arazo horiek konpondu nahian ari da aurrera egiten plastiko biodegradagarrien industria. Nolabait, ohiko plastikoak ordezkatu nahi dituzte plastiko biodegradagarrien bidez. Hau da, antzeko prestazioak eman bai, baina erabilgarri izateari utzitakoan nolabait degradatu edo desagertzen diren plastikoak sortzen ari dira.
Gainera, beste zerbaitek ere bultzatzen du ohiko plastikoetatik urruntzea: petrolioaren gutxitzeak eta garestitzeak. Izan ere, ohiko plastikoek jatorri petrokimikoa dute. Plastiko biodegradagarriak egiteko, berriz, ez dago zertan petroliorik erabili.
Bizidunen elikagai
Plastiko gisa sailkatzen ditugun produktuak hainbat egituratako eta motatako materialez eginak daude. Guztiek, dena den, ezaugarri komun bat dute: polimeroz eratuta daude. Polimeroak behin eta berriz errepikatzen diren unitateen kate luzeak dira. Hortaz, polimeroak plastikoen bizkarrezurra dira.
Polimeroen kateak eratzen dituzten unitateak, monomeroak, hainbat bidetatik lor daitezke. Gehien erabiltzen diren polimeroak petroliotik eratorritako osagaiez eginak daude. Polimero horien monomeroak nahiz monomeroei elkarri lotuta eusten dieten loturak oso erresistenteak dira naturan, berez, degradatzeaz arduratzen diren agenteekiko.
Degradazioa modu askotara egin daiteke. Azken batean, degradatzea material batek berez dituen propietate fisikoak eta mekanikoak galtzea da. Esate baterako, argiaren bidez egin daiteke (fotodegradazio esaten zaio), edo uraren bidez (urak osagai baten loturak hausten dituenean) edo izaki bizidunen jardueraren bidez (biodegradazioa litzateke).
Material jakin bat biodegradagarria izateko, haren osagaiek elikagai-iturri izan behar dute mikroorganismoentzat; bakterio, alga edota onddoentzat, alegia. Izan ere, horretan datza deskonposatzea: mikroorganismoek janez desagerrarazten dituzte osagaiak.
Plastikoen kasuan, lehenik plastikoa eratzen duen polimero luzea moztu egiten dute, eta zati txikiagoak lortzen dituzte. Hala, plastikoen zatiak gero eta txikiagoak dira, eta, azkenean, mikroorganismoek zuzenean jan ahal izateko behar bezain txikiak izatera iristen dira. Jandakoan, karbono dioxidoa edo metanoa eta ura besterik ez da gelditzen.
Polimero biodegradagarriak sortzea
Gaur egun erabiltzen diren plastiko biodegradagarri asko naturan berez dauden osagaietatik sortzen dituzte. Batez ere bi dira plastiko biodegradagarriak egiteko polimeroen iturriak: landareek izan ohi dituzten konposatu batzuk --almidoia, esate baterako-- eta mikrobioek hartziduraz sortzen dituzten osagaiak.
Landare askok energia-biltegi gisa ekoizten dute almidoia, eta almidoia, berez, polimero bat da. Egia esan, polimero batek ez, bi polimerok eratzen dute almidoia: amilosak eta amilopektinak. Bi polimero badira ere, biek molekula bera dute monomero gisa: glukosa.
Gertatzen dena da glukosa-molekulak desberdin lotzen zaizkiela elkarri batean eta bestean; horri esker sortzen dira aipatutako bi polimeroak. Beraz, laburbiltzeko, esan genezake almidoia glukosa-molekulen kate luzeak direla; eta, jakina, glukosa energia-iturria izan daiteke hainbat eta hainbat bizidunentzat.
Landareetatik ateratakoez gainera, mikroorganismoek hartzidura egiten dutenean metatzen dituzten konposatu batzuez baliatzen dira polimero biodegradagarriak eskuratzeko. Horietako batzuk PHA edo polialkanoato deritzen polimeroak dira. Energia- eta karbono-erreserba gisa pilatzen dituzte bakterio batzuek, eta horiez baliatuz ere zenbait plastiko biodegradagarri sortzen dituzte.
Beste batzuetan, bizidunek ez dituzte polimeroak zuzenean sortzen, baina bai polimero jakin batzuk artifizialki egiteko beharrezko monomeroak. Azido polilaktiko edo PLA deritzon polimeroarekin gertatzen da hori, adibidez. Mikroorganismo jakin batzuek azido laktikoa ekoizten dute hartzidura egiten dutenean. Bada, plastiko biodegradagarrien industrian, azido laktikozko molekulak elkarrekin lotzen dituzte, eta azido polilaktiko deritzon kate bat sortzen dute artifizialki.
Polimero hori ez denez berez sortzen naturan, sintetikotzat jotzen dute, giza esku-hartzea ezinbestekoa baita hori lortzeko. Sintetikoa izanagatik, ordea, ez dio biodegradagarria izateari uzten, azido polilaktikoa, funtsean, azido laktikoz egina baitago; eta azido laktikoa energia-iturri izan daiteke hainbat bizidunentzat.
Polimero biodegradagarri sintetiko guztiak ez dituzte bide berriztagarrietatik lortzen. Batzuek jatorri petrokimikoa dute, baina ematen dieten egiturak aukera ematen du hainbat mikroorganismok deskonposatzeko.
Industria batzuetan berebiziko aurrerapena
Azkeneko urteetan handituz joan da material biodegradagarriekiko interesa, eta asko ugaritu dira ohiko plastikoak ordezkatzeko asmoz sortutako biopolimeroak. Horrelako milaka produktu patentatzen dituzte urtero.
AIMPLAS Plastikoaren Teknologia Institutuak azterketa bat egin zuen jakiteko zein den, oro har, polimero biodegradagarrien egoera. Egoera orokorra ezagutzeko, horretan eragiten duten hainbat alderdi aztertu zituzten: besteak beste, aztertu zuten zein den polimero biodegradagarrien egoera ekonomikoa, zer aplikazio berri aurkitu dituzten polimero biodegradagarrientzat, zer araudi sortu den gai horren inguruan eta abar.
Egoera ekonomikoa zein den jakiteko, begiratu zuten zer eboluzio izan duten azkeneko urteetan plastiko biodegradagarrien ekoizpenak, prezioak eta abarrek. Horrela jakin daiteke gorantz doan jarduera bat den edo ez.
Emaitza baiezkoa izan zen, aztertutako alderdi guztiek adierazi baitzuten gora egiten ari dela industria, eta bide horretan jarraituko duela: polimero biodegradagarrien eskariak gora egin du, ekoizteko gaitasunak ere bai, prezioak nahikoa egin du behera, eta abar.
Teknologia jakin bat merkatura iritsi ahal izateko, eta ekonomikoki eboluzionatu ahal izateko, ezinbestekoa da horren inguruko ikerketak egitea. Hortaz, plastiko biodegradagarrien inguruko ikerketak zertan diren aztertuta, jakin daiteke norantz joko duen merkatuak etorkizunean, aztertutako gaiak industrian ezartzen direnean.
AIMPLASen ikerketaren arabera, azkeneko hogei urteetan etengabe egin du gora plastiko biodegradagarrien inguruko ikerketa-kopuruak. Azkeneko hamar urteetan, adibidez, bikoiztu egin da. Estatu Batuetan, Japonian eta Txinan egin dituzte azterketa gehien.
Aztertutakotik industrian zer sartzen den jakiteko, patenteetara jotzen dute adituek. Azken finean, patenteen bidez ikerketetan ateratako ondorioak babesten dituzte, merkaturatzearren. AIMPLASek egindako azterketan ikusi zuten polimero biodegradagarrien inguruan industria jakin batzuek atera dituztela patente gehien: medikuntzak, nekazaritzak, ontziratze- eta paketatze-industriak eta garraioen industriak.
Bide luzea aurretik
Plastiko biodegradagarrien industriak aurrera egiteak ez du esan nahi, dena den, ohiko plastikoekin lehiatzeko moduan dagoenik. Adibidez, gaur egun, erabilgarri dauden plastiko biodegradagarriekin ezingo litzateke ohiko plastikoek eskaintzen dituzten erabileren zati txiki bat besterik ordezkatu. Eta plastiko biodegradagarrien prezioa hein batean txikitu bada ere, oraindik ohiko plastikoa baino dezente garestiagoa da.
Egia esan, plastiko biodegradagarriek ohiko beste plastikoen aurrean duten arma boteretsuena da askoz begirunetsuagoak direla ingurumenarekin. Dena den, ezin dugu pentsatu ohiko plastikoak hein handi batean desagerrarazita betiko bukatuko litzatekeela plastikoei dagokienez ingurumenari egiten diogun kaltea.
Izan ere, gure arazo handiena da plastiko gehiegi erabiltzen dugula. Batez beste, 100 kilo plastiko kontsumitzen ditu europar batek urtebetean. Demagun orain erabiltzen dugun plastiko guztia lehengai berriztagarrien bidez sortzen dugula, patatatik ateratako almidoitik, esate baterako. Pentsa zenbat lursail beharko genituzkeen beharrezko patata guztia landatzeko, zenbat baliabide beharko genituzkeen hori hazteko, zenbat ur eta energia xahutuko genituzkeen patata hartzen dugunetik plastikozko produktu garbia lortu arte eta abar...
Beraz, plastiko biodegradagarriak sortzea bultzatzea ongi dago, baina askoz mesede handiagoa egingo genioke ingurumenari gutxiago erabiltzeko ohitura hartuko bagenu...
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia