Biziaren egituraren osagaiekin jolasean
2001/04/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Estatu Batuetako Buffaloko zientzialari-talde batekoek laborategian egindako aminoazido berriak proteinetan sartzeko metodoa garatu dute. Aminoazido horiek berriak dira naturalak ez direlako. Asmatutako aminoazidoek proteinen markatzaile moduan joka dezakete. Horretaz gain, beharbada, naturan betetzen ez dituzten funtzio batzuk betetzeko proteina artifizialak egin litezke. Ingeniaritza biokimikoa egiteko aukera bat izan daiteke.
Kontua da proteina naturalak geneetan kodetuta daudela. Proteina artifizialek ere bere kode genetikoa izan beharko lukete, gorputzak naturalak bezala sintetizatu ahal izateko. Hori antolatzea ez da lan erraza.
Sistema naturalean informazioa ADN molekulan (genoman) dago gordeta. Informazioa kopiatu egiten da eta erribosometara eramaten da, hor proteinak egiten direlako. Aminoazidoak banan-banan hartzen dira eta, aurrekoarekin elkarlotuz, proteina-katea ordena egokian osatzen da. Lan hori ARN molekulek egiten dute. Beraz, zientzialarien erronka aminoazido artifizialak eta ARN modu naturalean lotzeko metodoa bilatzea zen.
ARN mota ugari dago. Horietako batek, transferentziazko ARNak, aminoazido egokia hartu eta erribosometara garraiatzen du. Horietan proteina-kateari lotzen zaio. Buffaloko Unibertsitateko zientzialariek beste ARN-zati baten bitartez aminoazido ez-naturalek ere prozesu bera jarrai dezaketela ikusi dute.
Lan horrek ondorio garrantzitsu bat ekarri du, kasu horretan behintzat, ez baita ADNak duen informazioa behar. Ondorio hori azkenaldian eztabaida zientifikoetan dabilen ideia batekin bat dator. Zein izan zen biziaren lehen molekula?
Biokimika mailan, biziak bere burua kopia dezakeen molekula bat eskatzen du. ADN molekulak du informazioa, baina bere burua kopiatzeko proteinak behar ditu. Proteinek lana egin dezakete, baina ez dute lan hori egiteko informaziorik. ADNak proteinak behar ditu eta proteinek, berriz, ADNa. Oiloa eta arrautzaren dilema bera da.
Dilema horri, ordea, erantzuna aurkitu zaio. ARN molekula ez da ADNaren kopia soila. Lanak egiteko ahalmena ere badu (kimikariek katalizatze-ahalmena deitzen diote). Beraz, molekula mailan biziaren jatorria ARNan egon liteke. Teoria hori gero eta indar handiagoa hartzen ari da komunitate zientifikoan, nahiz eta genetista batzuek oraindik ez duten ADNaren mundutik atera nahi.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia