Bizia hozgarri?
1989/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
New York-eko Unibertsitateko D. Schwartzman eta Howard Unibertsitateko T. Volk-en arabera Lurra 50ºC beroagoa izango zatekeen bizia garatu izan ez balitz. Biziak planeta hotza mantendu du silikatoen meteorizazioaren bidez. Meteorizazioak negutegi efektua eragiten duen karbono(IV) oxidoa erauzten du atmosferatik.
Zientzilarien ustetan Lurra gaztea zenean atmosferan karbono(IV) oxido asko zegoen. Honek planeta ez izoztea ekarri zuen. Duela 3,6 milioi urte lehenengo fosilak agertu zirenean Eguzkia egun baino %20 hotzago zen. Eguzkia berotuz joan zenean, organismo bizidunak gero eta karbono(IV) oxido gehiago hasi ziren atmosferatik erauzten.
Arazoaren giltzarria zera da, ea lur-tenperaturaren garabidean meteorizazio fisikoaren bidez bakarrik puntu berdinera iritsi ote daitekeen. Galdera honi erantzuna aurkitzeko Schwartzman eta Volk-ek Haguai-ko basalto-koladak aztertu dituzte. Lortu dituzten emaitzek organismo bizidunek meteorizazioan jokatu duten papera azpimarratu dute.
Beraien ikerketaren arabera erreakzio kimikoen bidezko harriaren deskonposaketa 100 bider azkarrago gertatzen da likenez estalitako harrian, harri gorritan baino. Karbono(IV) oxidoak deskonposaketa kimikoan parte hartzen du eta lurrean harrapatua gelditzen da.
Hasieran Lurra honela deskribatzen dute Schwartzman eta Volkek: 100ºC-ko tenperatura eta atmosfera trinkoa. Presioaren ondorioz ura likido mantentzen zen. Bakterioek harrien meteorizazioaren bidez karbono(IV) oxidoa atmosferatik erauzi eta itsasotan edo karbonato moduan finkatu zuten. Planeta hoztu egin zen. Bizia ugaldu zen ahala prozesuaren efikazia handitu zen eta Eguzkiaren berokuntza konpentsatzeko gai izan zen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia