Bizi edo hil, zelulen aukera
2000/07/11 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Erronka zientifiko bakarrak ikerketarako mila bide eskaintzen ditu. Arazo baten ikuspuntu berriek askotan naturaren trikimailu gehiago erakusten dizkigu. Horixe gertatzen da Nature Structural Biology aldizkariaren azken alean argitaratu den artikulu baten haritik tira egiten badugu.
Batzuentzat apoptosia ez da gauza berria. Zelulek beren bizitza eteteko ahalmena da. Duela bi urte Nature aldizkarian prozesu hori gelditzen duen proteina baten berri eman zen. Orain proteina hori sakonki aztertu da.
Zelulak, organismoa guztiak bezalaxe, bizi eta hil egiten dira. Dena den, prozesu bereziak izaten dituzte. Medikuntzan hirurak dira garrantzitsuak, baina azkenari, hainbat gaixotasunekin zerikusia duenez, arreta handia eman zaio ikerketan.
Suizidioa aukeran
Zelulek hiltzeko bi modu dituzte. Kanpoko faktoreek hilda eta bere buruaz beste eginda eten daiteke haien bizia. Kanpoko faktoreak bortxaketa mekanikoa ala substantzia kimiko pozoitsuak izan daitezke. Faktore horiek erabateko hodamena ekartzen ez dutenean ere, kalte handia sor dezakete. Zelularen mintzaren mekanismoak hondatzen direnean, esate baterako, beharrezko uraren faltak hil dezake. Mintza hausten bada eta barruko organuluak kanporatzen badira, ehun horren hantura gerta daiteke.
Bestalde, egoera asko larritzen den kasuei aurre egiteko, zelulek bere buruaz beste egiteko ahalmena dute. Heriotzarako mekanismo kontrolatuari apoptosia deritzo eta organismoan eragin dezaketen kaltea saihesteko jar dezakete martxan.
Apoptosia prozesu askok aktiba dezakete. Izan ere, hazkuntzan asko erabiltzen den mekanismoa da. Adibidez, fetuen behatzen eraketan mintza bat askatu behar dute. Apoptosiaz askatzen da mintz hori. Emakumeen hilekoan uteroaren barne mintzarekin beste hainbeste gertatzen da eta neuronen arteko konexioak egiteko ere tarteko zelula batzuk akatu behar dira.
Suizidio programatua osasuna mehatxatu egiten duten zeluletan ere erabiltzen da. Adibidez, birus batek zelula bat kutsatzen duenean, zelula hori hiltzea komeni da. Beste adibide bat sistema inmunologikoan parte hartu duten zelulak dira. Beren aktibitatea geldiarazteko beren buruaz beste egiten dute.
Baina gorputzaren trikimailuak ez dira hor bukatzen. Esan bezala, duela bi urte apoptosia inhibitzen duen proteina aurkitu zen. Surbibina izena eman zaio eta zelulen erdibiketa prozesua hasitakoan azaltzen da. Enbrioia garatzen ari denean, gizakion minbizi mota askotan ere kopuru handietan aurkitu da.
Apoptosiaren kontrola izatea oso interesgarri izan liteke. Zelulak suizidioa eragiteko ahalmenak, agian, zenbait tumoreren hazkuntza tratatzeko modua ekar lezake. Kontrakoa ere oso eraginkorra gerta liteke. Hala ere, lehen urratsa surbibinaren egitura argitzea da, eta hori da Kaliforniako Structural Biology Laboratory-ko Joseph P. Noel biologoak zuzentzen duen taldean lortu dutena.
Egitura zehatzaren azterketa
Noelen taldeak X izpien bitartez aztertu du surbibina. Oso itxura xelebreko proteina da. Bi zati nagusi ditu, zink atomo bat gordetzen duen nahaspilatutako kate bat eta helize luzearen itxurako beste bat. Ikertzaileek ikusi dute proteina horrek lan egiteko ezinbestekoa dela bi ale elkartzea. Izan ere, Noelen taldeak naturalki eratutako binakako elkarteak aurkitu ditu.
Elkarketa horien tartegunea aztertuta, bi aleak banatu litzakeen molekula txikien diseinuari ekin dakioke, ikertzaileen iritziz. Halako molekulek surbibinaren efektua saihestuko lukete eta apoptosia erraztu. Horrek hazten ari diren tumoreetako zelulen suizidioa eragingo luke. Hala ere, horrelakorik lortzeko, lan asko falta da egiteko aurretik. Esperimentuak oso luzeak izaten dira eta, beraz, urteak behar dira emaitzak lortzeko. Adibidez, gogoratu behar da duela bi urte aurkitu zela surbibina.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia