Bizi artifiziala patentatu nahian
2007/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Craig Venter-ek --giza genoma sekuentziatzen aritu zirenean erakunde pribatu bat sortu zuen-- eta haren taldeak urteak daramatzate gizakiak sortutako bizidun bat egin nahian. Oraindik ez dute lortu, baina erabili beharreko prozedura patentatu nahi dute.
Sortu nahi duten bizidunaren genoma ahalik eta txikiena izatea nahi dute. Horregatik, bizitzeko eta bikoizteko ezinbestean zein gene behar diren jakiteko, Mycoplasma genitalium bakterioari banan-banan kendu zizkioten geneak. 1999. urterako, ezinbesteko geneen zerrenda bat lortu zuten. Behin hori dakitela, hurrengo pausoa eman nahi dute; alegia, hutsetik hasita gene horiek fabrikatu, eta bere kabuz hazteko eta ugaltzeko gai den bizidun bat sortu nahi dute.
Nola egingo duten ez dute jakitera eman. Are gehiago, erabiliko duten prozedura patentatzeko eskaria egin dute. Dena den, ETC taldeak, bioteknologia-garapenak kontrolatzen dituen erakundeak, ez du horrelakorik onartu nahi. Patente-bulegoei dei egin die ez dezaten onartu bizidun sintetikoen inguruko patente-eskaerarik. Bizi artifiziala sortzeko eta pribatu bihurtzeko lehia sortzea galarazi nahi dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia