}

Bitaminak bai, bitaminak ez

1996/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Uste ustelak nonahi aurki daitezke; zalantzarik gabe, bitaminek gabezi guztiak osatzeko balio dutela dioena zabalduenetakoa da gaur egun. Frantzian jadanik ohartu dira arrisku horretaz eta zenbait osasun-erakundek burutu duen txostena ontzat ematekotan, zenbait bitamina eskuratzea zaila izango da benetan, merkatuan saltzea galerazi nahi dute eta.

C bitaminaren gain-dosiek eragiten dituzten kalteak handiak omen dira. Horixe aztertzen dihardu Frantziako ikerlari-talde batek eta zenbait konposatu bitaminiko merkaturatzea debekatzeko eskatu dute.

Jakina da bestalde, bitamina guztiak ez direla berdinak. Mineraletan oso aberatsak diren substantziak dosi altuegitan kontsumitzeko moduan merkaturatzen direla eta, osasun publikoarentzat oso kaltegarriak direla ohartarazi dute. Bereziki selenio-, zink- eta fluor kantitate handiak dituzten konposatu bitaminikoak jo dituzte arriskutsutzat eta horiexek ageri dira “debekatzeko modukoak” diren substantzien zerrendan.

Dosi txikiagotan hartuz gero arazoa saihes badaiteke ere, medikazioa modu jarraian emateak ere arrisku larriak sortzen dituela hartu behar da kontutan. Horri dagokionean, C bitaminaren gain-dosiak sortzen dituen osasun-arazoak aipatu dituzte txostenean, baina ez da zientzilarien artean adostasunik lortu. Bitaminen aldekoek eta kontrakoek elkarri mokoka aritzeko aitzakia biribila aurkitu dute, nonbait.

Frantzian ezarri nahi den debekuak Europa osora zabal dezake bitaminen inguruko eztabaida. Gaitzerdi, gaur egun batere eztabaidatu eta arrisku potentzialez ohartu gabe kontsumitzen baititugu bitaminak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia