}

Bit bat materiatik argira

2004/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ordenagailu aurreratuenetan informazio digitala atomoetan eta fotoietan gordetzen da. Baina, orain arte, ez zen posible euskarri batetik bestera informazioa transmititzea. Orain, Georgia-ko Teknologia Institutuko (AEB) bi fisikarik informazioa materiatik argira pasatzea lortu dute, bit bat baino ez bada ere.

Komunikazioa kuantikoki bideratzeko arazoetako bat da informazioa materian gordetzen dela, eta argian garraiatu, baina batetik besterako bidea lortu nahi da. Fisikari horiek bit kuantiko bat rubidio-atomozko laino batean gorde dute, eta, ondoren, informazioa fotoi batera igortzera behartu dute laino hori.

Zehatz esateko, laser-izpi bat zuzendu dute rubidiozko bi lainotara. Hala, fotoi bat askatzen da eta fotoi horretan grabatzen dute, hain zuzen ere, informazio-bita fisikariek. Fotoia lainoekin dago korrelazionatuta —entangled, mekanika kuantikoko ingelesezko terminologia erabiliz—, hau da, fotoiaren informazioa aldatzen badute, lainoetakoa ere era berean aldatzen da.

Bit hori nanosegundo ehunka batzuk gordetzen da lainoan, eta, laserra erabilita, informazio kuantiko bera duen beste fotoi bat igortzera behartzen dira lainoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia