}

Bisoi europarra, Salburuan bueltan

2010/07/01 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bisoi europarra ( Mustela lutreola ) Salburua hezeguneko protagonista bihurtu da, hura ikustea zaila bada ere. Iberiar katamotzarekin batera, Europan desagertzeko arrisku handiena duen haragijalea da egun. Duela urte batzuk populazio-gune garrantzitsua zuen Salburuako ingurunean, baina, hainbat arrazoi tarteko, bertan ere iraungitzeko zorian egon zen. Hori ekidin nahian, besteak beste, birsartze-proiektu pilotu bat garatu dute urteotan.
Bisoi europarra, Salburuan bueltan
2010/07/01 | Aulestiarte Lete, Izaro | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: QUINTAS)

Habitata galtzea, ur kutsatuak, aleutiana deritzon gaixotasuna eta ibilgailuen harrapatzeak dira bisoi europarraren ohiko arazoak, baina badu larriago bat. Esan liteke egun bisoi amerikar inbaditzailea duela etsairik handiena. "Habitataren suntsipena eta gizakion eragina kontuan hartu behar dira, baina bisoi europarraren egoera hain larria izateko arazorik handiena espezie exotikoak dira; kasu honetan, bisoi amerikarra", laburbildu du Haizea Agirrek, Salburuako (Gasteiz) birsartze-programan lanean aritu den landa-teknikariak.

Amerikarra ( Mustela vison ) ia Europa osora hedatu da azken hamarkadetan, batik bat larru-industriaren ondorioz, eta beti izan da bisoi europarraren arerio. Agirreren esanean, erraza da ulertzen: "Lurraldekoiak dira bi espezieak, eta ezin dira eremu berean elkarrekin bizi; bietako batek alde egin behar izaten du. Amerikarra handiagoa, pixka bat oldarkorragoa eta askoz oportunistagoa da, errazago egokitzen baita ingurune eta elikadura berrietara. Gainera, ugaltze-tasa handiagoa du. Beraz, europarra galtzaile irteten da beti".

Hori guztia aintzat hartuta, Agirrek argi du bisoi amerikarraren egoera kontrolatu ezean alferrikakoak direla bisoi europarra indartzeko ahaleginak. Iritzi berekoa da Joseba Carreras Arabako Aldundiko Biodibertsitate Saileko burua ere. Hark zehaztu duenez, hain zuzen, 2003az geroztik urtero egiten da espezie amerikarraren kontrola Araban. "Bagenituen susmoak, baina orain egiaztatu dugu lehenbizikoz bisoi amerikarrak zuzenean egiten diola eraso europarrari", nabarmendu du. Zehazki, aurten bisoi amerikar "handi-handi" bat jo dute europarraren aurkako erasoen erantzuletzat, eta hura harrapatu nahian buru-belarri aritu dira. "Azkenean atzeman dute, baina animalia ugari garbitu ditu bitarte horretan".

Benetan handia da bisoi amerikarrak Iberiar Penintsulan duen presentzia. Extremaduratik hasi eta Burgosera doan tartea, besteak, beste, "okupatua" du. "Horregatik --dio Carrerasek--, Burgosen eta Sorian lanean ari dira Ebrora pasa ez daitezen (inguru hartan dago europarraren populazio handiena). Kontua da Araban bertan, eta bisoi europarraren zonaldearen erdian ere, bazeudela amerikarrak. Eta ez genuen nahi espezie hori Arakil eta Egatik barrena Nafarroara iristerik, ezta Zadorra zeharkatuz Ebrora joaterik ere. Nafarroara edo Ebrora iritsiko balitz, akabo penintsulako bisoi europarraren populazioa". Bere ustez, bada, amerikarra "desagerrarazteko" hartutako neurriak dira bisoi europarraren alde egindako urratsik eraginkorrenak.

Lehen Europa osoan zehar zegoen haragijalea Errusian, Errumanian eta Frantzian soilik aurki daiteke egun. "Estoniako Hiiumaa uhartean ere badaude (antzeko programa bati esker), baina populaziorik onena Ebro ibaiaren goi partekoa da; Araba, Errioxa, Burgos eta Nafarroa artean, alegia. Horregatik, Salburua inguruneko populazioa Ebroko arroakoarekin birkonektatzea ere badugu helburu, isolatuta gera ez daitezen", zehaztu du Haizea Agirrek.

Lehen fasea, 2007an

Hastapenak 90eko hamarkadaren hasieran izan bazituen ere, bisoi europarra berreskuratzeko Salburuako proiektuaren lehen urratsa 2007an egin zen. Arabako Aldundiak, espeziearen egoera larriari aurre egiteko, Ingurumen Ministerioaren laguntza eskatu zuen. Hark argi berdea eman zion birsartze-programari. Erabaki hori egoera kritikoetan soilik hartzen da.

Radiotrackinga baliatzen dute bisoien jarraipena egiteko. Argazkian, Haizea Agirre (ezkerrean) landa-teknikaria beste lankide batekin, negu partean egindako irteera batean. Arg.: Javi Lopez de Luzuriaga.

Salburua leku pribilegiatua da bisoientzat. Hezeguneak eta ibaiak gertu dituenez eta sastrakadi trinko ugari daudenez, habitat hori oso gogoko dute. Gainera, ingurunea hesiturik eta zainduta dago, nahi ez diren gizakien esku-hartzeetatik babesteko. Kokalekua hautatuta, bada, Espainiako Ministerioa (Fundación Biodiversidad), Aldundia eta Gasteizko Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegia lanean hasi ziren. Bisoi Europarraren Elkartearen babesa ere badute.

2007an kaiola handi batzuk eraiki eta parkean jarri zituzten, eta, 2008ko apirilaren bukaeran, ernari zeuden bi eme sartu zituzten horietan, Pont de Suerteko (Lleidako) zentro espezializatu batetik ekarriak (han birpopulatze-proiektuetarako bisoi europarrak hazten dira, bisoi basatien ezaugarri genetiko antzekoei eusten dietenak).

Bisoi-kumeak hiru bat hilabete behar izaten ditu heltzeko, eta elikatu egin zituzten tarte horretan. Baina kaiolek fidelki imitatzen dute animaliaren habitata, eta gizakiekin duten harremana oso txikia da, "janaria gizakiarekin ez lotzeko eta askatzen ditugunean haien kabuz molda daitezen", dio Agirrek.

2008ko abuztuan, askatu egin zituzten ama eta kumeak (zortzi, orotara). Lehenengo egunetan, jana eman zien lan-taldeak, badaezpada. Eta gero radiotracking a baliatu zen bisoien jarraipena egiteko. Horretarako, kalterik egiten ez dion igorgailu txikia jartzen zaio animalia bakoitzari. Proiektuko kideek hargailu bat dute (eskuko antenak eta autorakoak), eta bisoien seinalea jasotzen dute. Oinez, bizikletaz edo autoz aritzen dira haiei segika; egunez eta gauez, batzuetan, eta bospasei hilabetez, igorgailuen bateria agortu egiten da eta.

Arabako, Burgosko eta Errioxako toponimoekin bataiatzen diren animalia horietako bakoitzak frekuentzia propioa eta bakarra du. Hala, haien kokapen, mugimendu, eta beste datu batzuen berri izaten dute (heriotza-sentsorea ere badute). Salburuako bisoietako bat Nafarroako Arakil ibairaino desplazatu zela ere jakin ahal izan zuten.

Hamaika bide, norabide bat

2008ko "askatze leuna" iaz egin zuten berriro; 16 bisoi askatu ziren. Baina "askatze gogorra" deritzona ere egin da bi urteetan. Abuztuan Lleidatik eme bat ekartzen dute erditu ostean, kume eta guzti. Astebetez Salburuako kaioletan izan, eta zuzenean askatzen dituzte gero.

Birsartze-proiektu pilotuari esker Salburuan bertan 2008an jaiotako bi bisoi-kume. Arg.: Madis Pödra.

Sei askatze leun eta bi gogor egin ziren 2008an, eta iaz, aldiz, zazpi leun eta bederatzi gogor. Lehen urtean askatutakoen biziraupen-tasa % 29 izan zen lehenengo hiru hilabeteetan; eta 2009an, % 44 lehen lau hilabeteetan. Heriotza gehienak harraparitza naturalaren ondorio izan ziren (azeriek, hegazti harrapariek... eraginda), baina iaz bisoi amerikarraren "itzala" ikusi zuten kasu gehienen atzean.

Aurten beste sistema bat ere probatu da. Bi eme ernari libratu zituzten maiatzean, kaioletatik pasa gabe (askatze gogorra). Eta, gainera, ernari zeuden bi eme kaioletan sartu zituzten. Azken haiek, baina, ez dituzte askatuko. Erditu ostean, zuzenean Lleidara bueltatuko dira, ikerketekin jarraitzeko.

"Finean, hau guztia proiektu pilotu bat baino ez da. Estonia eta Alemaniako antzeko esperientziak ezagutzen ditugu, eta hango teknikak hemen aplikatzen gabiltza era ezberdinetan, arrakasta duten ikusteko", azaldu du Joseba Carrerasek.

Goizegi da orain arte Salburuan lortutako emaitzen ondorio guztiak izateko. Baina bisoi europarra "salbatzeko" sistemarik egokienaren bila bide onetik doazela uste du. "Bisoi bakar batek (batik bat emea bada) bizirauten badu, zuzenean eragiten duzu hain larri dagoen espeziearen populazioan. Ez da gutxi", baieztatu du Carrerasek. "2011rako penintsula osoan bisoiaren birsartze-plan orokor bat egitea litzateke hurrengo urratsa. Beraz, froga ezberdinak egiteko urtebeteko tartea dugu oraindik".

Bisoi europarra ( Mustela lutreola )
Kolore marroi iluna duen mustelidoa. Orban zuri bana du ahoaren goialdean eta behealdean. Ile motza, gorputz luzanga eta hanka motzak ditu.
Pisua: 0,5-1 kilo artean.
Luzera: 45-60 cm (buztana barne).
(Argazkia: Ingurugiro Gaietarako Ikastegia)
Elikadura: haragijalea da. Igeri egiten du eta urpean ibili ere bai, eta ibaiertzak korritzen ditu ornodun txiki eta krustazeoen bila. Batez ere arrainak, ugaztun txikiak eta hegaztiak jaten ditu. Anfibio, narrasti eta intsektuekin osatzen du bere dieta.
Ohiturak: bakartia eta gautarra da; ilunabarrean jarduten du gehien. Eguneko jarduera handiagoa dute emeek arrek baino. Arren eguneko jarduera apurra atseden-lekuen bueltan ematen da, sastraka artean.
Habitata: ur-ingurune garbiak. Garai batean Erdialdeko Europa osoan banatzen zen Ural mendietaraino, Europako iparraldetik Mediterraneoraino eta Itsaso Beltzeraino. Ordutik, 20 herrialde baino gehiagotan desagertu da, eta arrisku larrian jarraitzen du. Egun, Errusian, Frantzian eta Errumanian aurki daiteke, baina bisoi-populazio handiena Ebro ibaiaren goi partean dago, Araba, Nafarroa, Burgos eta Errioxa artean.
Aulestiarte Lete, Izaro
3
266
2010
7
013
Zoologia
Artikulua
22

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia