}

Biriketako zelulak nola hazten diren argitu dute

2003/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Proteina baten migrazioak kontrolatzen du biriketako zelula epitelialak hazteko prozesua. Mekanismoan beste batek ere hartzen du parte. Bi proteinak zelularen mintzean daude, baina kontrolak badu sekretu bat: proteina bakoitza mintzaren toki jakin batean egoten da hazi behar ez duen bitartean.

Adituek aspaldidanik dakite biriketan bi proteina horiek egiten dutela elkarrekin lan ehunaren hazkuntza kontrolatzeko. Bata, heregulina, bestearekin lotzen da, erbB2 proteinarekin, eta zelula berriak sortzeko mekanismoa jartzen da martxan. Baina, hazteko beharrik ez dagoenean ere, bi proteinak zelularen mintzean daude. Orduan, zergatik ez da hazkuntza beti gertatzen?

Etengabeko hazkuntza gerta ez dadin, heregulina airearekin kontaktuan dagoen zatian 'gordetzen' du zelulak. Zauriren bat gertatzen denean, eta ehunak hazi behar duenean, heregulinak migratu egiten du erbB2 proteinaren bila prozesua martxan jartzeko. Orain, bereizketa horren eta hainbat gaixotasunen arteko lotura ikertu nahi dute ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia