}

Biriken bidez entzuten duten muskerrak

2002/03/05 Elhuyar Zientzia

Musker- eta arrabio-espezie batzuek biriken bidez entzuten omen dute. Hala dio, behintzat, Ohio State University-ko Thomas Hetherington irakasleak. Anfibio askok barne-belarria bakarrik daukate entzumen-organo gisa eta soinua bertara garraiatzeko birikak erabiltzen dituztela jakin da.

Hetheringtonek eginiko esperimentuan, soinugabetutako ganbera batean sartu zituen animaliak eta laser uhin baten bidez bularraren mugimenduak neurtu zituen, soinu-intentsitate ezberdinen eraginpean. Soinuaren ondorioz animalia hauen bularrak dar-dar egiten duela aurkitu zuen, eta gero bibrazio horiek airearen bidez garraiatzen direla biriketatik barne-belarriraino. Esperimentuaren bigarren zatian, birikak soluzio gazioxigenatu batez bete zituen, birikekiko duten mendekotasuna aztertzearren, eta soinuekiko bibrazio-kopurua % 90 gutxitu zela ikusi zuen. Beraz birikak animalia horietan
entzumen-sistemaren zati garrantzitsua direla ondorioztatu du.

Biriken erabilera berezi hori animalia txikietan bakarrik gertatzen dela uste du Hetheringtonek, soinuaren bibrazioak azaletik biriketara garraiatzeko gorputz fin eta txikia izan behar baita. Autorearen ustez, sistema hori lehen animalia lurtarren entzumen-sistema primitiboa da eta gaur egun ere espezie batzuentzat garrantzitsua da, erdiko belarria falta duten animalientzat bereziki.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia