}

Bioteknologia, nekazaritzaren mesedetan ala kaltetan?

2002/03/17 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Herrialde batetik bestera, kontsumitzaileek oso desberdin ikusten dituzte bioteknologiak sortutako aldaketak. Estatu Batuetan, Europan ez bezala, transgenikoak ez dira hainbesteko erreparoz hartzen.

Azken urteetan nekazaritza zenbat aldatu den ikusteko, ez dago Euskal Herriko baserrietara begiratu besterik. Gaur egun, ez da gibelean laborategirik ez duen nekazaritzarik eta, gainera, bioteknologiaren ekarpenak baztertzeko berantegi izan daiteke.

Genetikoki eraldatutako landareak dira bioteknologia aipatu orduko bururatzen zaizkigunak, baina bioteknologia hori baino askoz gehiago da. Bioteknologia elikagaien fabrikaziorako eta kontserbaziorako organismo eta prozesu biologikoak erabiltzean datza. 50. hamarkadan azido nukleikoen (DNA eta RNA) izaera eta funtzionamendua argitu zirenetik, organismo bizidunak osatzen dituzten elementuetan manipulazioak egiteko ate berriak ireki ziren. Aurkikuntza horiei esker, ‘hibridazioa’ lortzeko sexu-bateragarritasuna baino haratago joan da bioteknologia.

Genetikoki eraldatutako landare asko dago merkatuan. Artoa da horietako bat.

Nekazaritza sektorean (basogintza eta arrantza barne), bioteknologiaren aplikazioek bide naturaletik sor ezin zitezkeen espezie berriak sortzea ahalbidetu dute, baita intsektuekiko erresistenteak diren landareak ere; guztiak genetikoki eraldatutako landareak eta animaliak. Klonazioa ere, alegia, informazio genetiko bera duten indibiduoak gero eta gehiago erabiltzen dira eta horietako batzuk jadanik patentatuta daude.

Zertarako bioteknologia?

Bioteknologia helburu kontrajarriak lortzeko erabili izan da. Lehenik eta behin, herrialde garatuetako nekazaritzaren errentagarritasuna hobetzeko bidea izan da bioteknologia. Ildo horretatik, laborategiko lanaren fruitu izan dira patologia batzuen aurrean erresistenteagoak diren espezieak, heldutasun sexualera lasterrago iristen diren edo inoiz iristen ez diren espezieak (esaterako, amuarrain eta izokinak), gero eta eraginkorragoak diren herbizidak eta pestizidak, espezie bakoitzari egokitutako elikagai konplexuak, kondizio berrietara egokitzen diren landareak, etab.

Baina bioteknologiak baditu beste erronka batzuk ere. Adibidez, laborategiko lanari esker, garapen-bidean dauden herrialdeetako espezie autoktonoak babestu nahi dira, eta badago erregai bihurtzeko asmoarekin zerealak materia plastiko bihurtzeko ideia ere. Poluitutako lurzoruak edo ura era biologikoan berreskuratzeko erabiltzen diren mikroorganismo asko ere genetikoki eraldatutakoak dira. Argi dago, beraz, bioteknologia ikerketa-bide askoko arloa dela eta horietako ikerketa askok aplikazio zehatzak dituztela helburu.

Onuren artean, bada bioteknologia munduko gosetea gutxitzeko bidea dela dioen aditurik ere. Eta egia da bioteknologiak ekoizpena areagotu eta espezie batzuk kondizio berrietara egokitzea ahalbidetu duela. Esaterako, zoru azidoetan (kultiba daitezken munduko zoruen % 40 azidoa da) edo basikoetan (% 25 baino gehiago) hazten diren landareak garatu dira. Baina ez da ahantzi behar formula magiko horiek guztiak herrialde garatuetako laborategietan ezkutatzen direla eta, beraz, beti bezala, gutxi batzuen eskuetan daudela.

Mertxe de Renobales Scheifler EHUko Farmazia fakultateko irakaslearen esanean, "arazo horri irtenbidea topatzea oso konplexua da eta irtenbideak integratua izan behar du. FAOren txostenean aurreikusten denaren arabera, 2050erako 9.000 milioi biztanle egongo da munduan eta horietarik 7.000 milioi hirugarren munduko biztanleak izango dira. Informe beraren arabera, ekoizpena handitzea ezinbestekoa da, batez ere elikadura eskas den herrialde horietan. 2050ean uzten produktibitatea 1997ko bera izanez gero, ereiteko 1.600 milioi hektarea gehiago beharko dira (gaur egun, 1.500 milioi hektarea lantzen dira), eta horretarako deforestazio masiboak egin beharko lirateke.

Ikuspegi zientifiko-teknikotik, landare transgenikoek egoera hori konpontzen lagun dezakete. Ongi diot lagundu dezaketela, ez baitugu begi-bistatik kendu behar ez direla guztiaren gakoa eta, beraz, beste irtenbide batzuk ere beharko dira."

Bioteknologia eta segurtasuna

Elikagaiekin egiten diren laborategietako manipulazio horiek guztiek ikara sortzen dute mendebaldeko kontsumitzailearen baitan eta, oraindik galdera asko zintzilik daudenez, mesfidantza hori zentzuzkoa da neurri batean. Mertxe de Renobales Scheifler-en hitzetan "puntu horretan legitimoak diren iritzi asko egon daitezke; mendebaldeko kontsumitzaileak alergiari loturiko kontuek kezkatzen dituzten bitartean, garapen-bidean dauden herrialdeetako biztanleek uztaren produktibitatea emendatzeko interesa izan dezakete".

Dena dela, Mertxe de Renobales Scheifler-en esanean, "uzta transgenikoek ohiko metodoekin hobetutako uztek jasaten ez dituzten kontrol batzuk iragaiten dituzte komertzializatu aurretik. Gainera, banaka-banaka onartzen dira eta sekula ez multzoka (esaterako Bt arto guztiak). Kontuan izan behar da zero arriskua ez dela existitzen, eta jakin behar dugu supermerkatuetako edo farmazietako produktuei kontrol eta irizpide zorrotz berak aplikatuko bagenizkie, apalak erdi hutsik gera litezkeela. Noski, alergiari loturiko ikerketak egiten jarraitu behar da, alderdi batzuei buruz informazio gehiago behar baita, eta horrela, aholkatzen dute Estatu Batuetako Zientzia Akademia Nazionalak eta Erresuma Batuko Royal Society-k".

Halaber, harrigarria da herrialde batetik bestera kontsumitzaileek zein desberdin hartzen dituzten bioteknologiak sortutako aldaketak. Esaterako, Estatu Batuetan, genetikoki eraldatutako espezieak normaltasun osoz hartzen dira, eta Europan, berriz, horiek dira mesfidantza gehien sortzen dutenak. Aldiz, Frantzian gazta ekoizteko erabiltzen diren bakterioek ikara sortzen dute Estatu Batuetan.

Ikerketak kontsumitzaileen ohiturak, legeak eta osasun-azterketak baino askoz abiadura handiagoan doazela argi dago, eta, hortaz, bioteknologiaren inguruko iritziak oso kontrajarriak dira. Horri guztiari neurria hartzea ez da erraza, baina bitartean har ezazu, irakurle, usain goxoa darien eltzekadak prestatzeko denbora, eta on egin!

Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia