}

Biodieselaren autoekoizpena

2009/04/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ordezko erregaien alorrean garapen garrantzitsuak egiten ari dira, eta biodiesela da horietako bat, landare-olioetatik eratorritako erregaia. Biodiesela ibilgailu-mota askotan erabil daiteke, traktoreetan besteak beste. Gaur egun, nekazariek beren makinen kontsumorako ekoitz dezakete biodiesela. Alegia, nekazariek baserrian bertan sor dezakete traktoreentzako erregaia.
Biodieselaren autoekoizpena
2009/04/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Artxibokoa)

Tomatea, piperrak, patata, porruak eta abar landatzen dituzte Austriako nahiz Alemaniako baserritarrek beren lurzoruetan, etxerako nahiz saltzeko. Ekilorea eta koltza, berriz, erregaia ekoizteko hazten dituzte. Erregai hori baserriko traktoreetan eta nekazaritzako makinerian erabiltzen dute. Hortaz, petrolioaren hornikuntzarekin duten arazoa konpondu egiten dute. Gainera, gasolioaren prezioak gora egingo balu ere, ez dute kezkatzeko arrazoirik.

Itsasmendikoiko eta Neiker-Tecnaliako teknikariek iaz Austriara egindako bisita batean, ekilore- edo koltza-uztak dolareetan prentsatu, eta lortutako olioa nekazaritzako makineriarentzako erregai gisa erabiltzeko sistema ezagutu zuten, hango nekazarien eskutik. Sistema horrekin, makinen erregai bilaka daitezke nekazariek hazitako laboreak. Hainbat landare oleaginosoren hazi eta fruituetatik atera daitezke olioak; badira 300 bat espezie. Dena den, gehien erabiltzen direnak koltza, ekilorea, soja eta palmondoa dira. Austriako eta Alemaniako baserritar askok dagoeneko egin dute autohornikuntza-sistema horren aldeko apustua. Euskal Herriko nekazaritza-sektoreak etorkizunean izango duen aukera bat da: ekilore- edo koltza-uzta landatu, eta uzta hori, saldu ordez, prentsa batean eho. Horrela, dolareetan prentsatutako ekilore edo koltza kilo bakoitzeko litro heren bat olio lortzen da, eta olio hori makinen erregai gisa erabil daiteke.

Landare-olio gordina

Arkauteko Neiker-Tecnaliako eta Itsasmendikoiko (IMK) lursailetan gutxi gorabehera 20 hektarea koltza landatzen dituzte. Iraila aldean ereiten dute hazia, eta uztaila amaieran biltzen dute uzta. Bildutako uzta siloetan gordetzen dute, prozesatu aurretik. Jarraian, hazia prentsara bidaltzen da, eta, han, olioa eta opila (prentsatik ateratako ekilore- eta koltza-soberakina) erauzten dira. Hektarea bakoitzeko 1.000 kg olio eta 2.000 kg opil lortzen dira. Beraz, 20.000 litro olio eta 40.000 kg opil lortzen dira 20 hektarea horietan. Litro bat olio lortzeko, hiru kilogramo ekilore edo koltza hazi behar dira.

Prentsan, olioa eta opila erauzten dira.
Itsasmendikoi

Olioa prentsaren azpialdean ezartzen den dekantagailuan biltzen da. Hilabetez hor uzten da, geldirik, ezpurutasunak hauspea daitezen. Ondoren, olioa edukiontzira pasatzen dute behin betiko. Edukiontzi horrek emari-neurgailu bat du, erregai hori erabiltzen duten ibilgailuen kontsumoa neurtzeko eta kontrolatzeko.

Modu horretan, olioa makinentzako erregai gisa erabiltzen du nekazariak, eta prentsatik ateratako ekilore- eta koltza-soberakina (opila) abereentzako (txerriak, ardiak, behiak) elikagai gisa aprobetxatu edo sal daiteke. Izan ere, opil hori proteina ugari eta balio energetiko handia dituen elikagaia da: % 15 olioa da eta % 30 proteinak, gutxi gorabehera. Dena den, ezin da luzaroan gorde, elikagarritasuna galtzen baitu. Hori dela eta, gutxi gorabehera hamabostean behin bidaltzen dituzte opilak pentsu-fabriketara.

Sistema hori Nafarroan, Araban eta Bizkaian errentagarria izan daitekeela uste dute adituek. Jadanik Europako nekazari askok jarri dute martxan. Hala ere, sistema horrek aurretik zenbait inbertsio egitera behartzen ditu nekazariak. Izan ere, erregai-mota horrekin ibiltzeko, makinen motorrak egokitu egin behar dira.

Ibilgailuek dieselarekin eta landare-olioarekin funtzionatzen dute. Komeni da motorra gasolioarekin abiaraztea, eta, motorrak funtzionatzeko tenperatura egokia hartzean, erregai hori landare-olioarekin ordezkatzea. Izan ere, giro-tenperaturan, olioaren biskositatea handia da, eta denbora asko beharko luke abiatzeko. Motorra luzaroan gelditu behar denean, edota ibilgailua berriro ere martxan jarri aurretik motorra hoztu egingo dela aurreikusten denean, elikatze-sistemako olioa gasolioz ordezkatu behar da. Aldaketa hori egiteko, etengailu bat aktibatzen da eskuz.

Koltza- eta ekilore-haziak erabiltzen dira, gehienbat, olioa ekoizteko.
T. Hauke; jcake41/morgueFile

Dena den, abantailak ere baditu; esate baterako, prentsa edo dolare bakoitza nekazari batek baino gehiagok batera erabil dezakete, eta gastuak banatu. Halaber, lurzoruaren biodibertsitatea areagotzen da, nekazarien uztarekin batera.

Bultzada handia hartzen ari dira bioerregaiak. Gero eta bioerregai-fabrika gehiago sortzen ari dira, eta Europako gero eta nekazari gehiago ari da bioerregaietarako haziak ereiten. Nekazaritzak azken urteetan jasan duen atzerakada kontuan hartuta, biodiesela merkatu, diru-sarrera eta lanpostu berriak sortzeko bidea izan liteke. Euskal Herrian oraindik proiektu edo sistema aitzindaria bada ere, etorkizunean fruituak emango dituela espero dute adituek.

Kortabitarte Egiguren, Irati
3
252
2009
4
032
Energia berriztagarriak; Nekazaritza
Artikulua
26

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia