}

Biodiesela erregai txukuna ote?

2003/02/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Oraindik guztion ahotan dago Prestige -ren auzia. Hondamendia ikusita, inoiz baino beharrezkoagoa da petroliotik eratortzen diren erregaiei ordezkoren bat bilatzea, eta horietako bat biodiesela izan liteke. Hain zuzen ere, Euskal Herrian dagoeneko bada erregai berri hori ekoizten duen enpresarik. Hainbat herritan, adibidez, sukaldean erabilitako olioa jasotzen dute, eta olio hori, birziklatu ondoren, biodiesela ekoizteko erabiltzen da. Horixe egiten du ireki berri den Arabako Bionor enpresak.

Petroliotik eratortzen diren diesel-erregaiekin alderatuz, biodieselak abantaila ugari ditu; ez soilik ingurumenari begiratuz, baita energetikoki eta ekonomikoki ere.

Nekazaritza-inguruneari, adibidez, negozio-aukera berriak eskaintzen dizkio. Izan ere, biodiesela lortzeko lehengai ugari erabil daitezke: hala nola, hazi koipetsuak (eguzki lorea, koltza, soja eta kokoa), fruitu koipetsuak (palmondoa), azidotasun handiko oliba-olioak, animalien gantzak eta abar. Hori dela eta, nekazari lurretan, koltza, eguzki-lorea, etab. landuz, horiek saltzeko aukera berri bat dute nekazariek. Gainera, nekazaritza-inguruneak azken urteetan jasan duen atzerakada kontuan hartuta, biodiesela merkatu, diru-sarrera eta lanpostu berriak sortzeko bidea izan liteke.

Bestalde, biodieselak ohiko dieselak baino gas poluitzaile gutxiago isurtzen du. Hartara, atmosfera poluitua duten hirietarako erregai egokia izan daiteke; baita airea berritzea zaila den tokietarako ere, mehatzeetarako kasu.

Biodiesel puruak toxizitate baxua du uretan eta, biodegradagarria denez, 30 egunetan guztiz desagertzen da. Ezaugarri horiek istripuen aurrean erregai seguruagoa bihurtzen dute, baita lur azpiko urak dauden lekuetan ere. Bide batez, aipagarria da biodiesela gasolioarekin nahasten denean gasolioa hiru aldiz azkarrago degradatzen dela.

Biodieselak petrolio-hornitzaileekiko mendekotasuna gutxituko luke.

Eta sukaldeko olioei begiratuz gero, zer? Ez da ahaztu behar mundu osoan egunero frijitzeko erabiltzen den olioa birziklatzeko aukera ematen duela. Noski, ezin esan guztiak biodiesel bilaka daitezkeenik, baina batzuk bai behintzat. Olio horiek jatetxe, hotel, etxe eta abarretan etengabe erabiltzen dira, eta tratamendu berezirik gabe isurtzen dira. Isurketa horiek ura poluitzen dute, ur-azalean olioa pilatzen denean oxigeno-trukea txikiagoa baita.

Biodiesela zertarako?

Biodiesela ibilgailu askok erabil dezakete. Europan, AEBetan, Zeelanda Berrian eta Kanadan egindako hainbat azterketak diotenez, kamioi, auto, tren-makina, autobus, traktore eta ontzi txikietan erabil daiteke. Azterketak biodiesel purua eta biodiesela eta gasolio arrunteko nahasteak erabiliz egin dira.

Emaitzek erakutsi dute motorren higadura txikitu egiten dela eta, gainera, motorren errendimendua ez dela aldatzen. Higadura gutxitzeko arrazoia, hain zuzen ere, biodieselak lubrifikatzeko duen gaitasunean dago. Bestalde, biodieselak petroliotik eratortzen diren erregaien inportazioa gutxituko luke, eta, ondorioz, petrolioaren hornitzaileekiko mendekotasuna saihesteko bidea izan liteke.

Atmosfera poluitua duten hirietan aire garbiagoa izaten lagunduko luke biodieselak.

Biodieselak, beste erregai alternatiboek ez bezala, ez du diesel motorrak aldatzera behartzen. Edozein delarik ere biodieselaren nahaste-portzentajea, edo biodiesel purua erabilita ere, ohiko diesel motor guztietan erabil daiteke. Hala ere, kontuan eduki behar da biodieselak motorren garbiketa eragin dezakeela. Hau da, gasolioa erabiltzen zuen auto baten ihes-hodi, gasolioaren gordailu eta abarretan egon zitezkeen zikinak aska ditzake, eta zikin horiek hodietatik barna pasatzean, hodiak estali eta arazoak sor daitezke.

Ezer ez da perfektua, ezta biodiesela ere

Biodieselaren alde onak aipatu ditugu orain arte, eta badirudi alde txarrik ez duela. Hori ez da egia, ordea.

Biodiesela lortzeko prozesuari zorrotz begiratzen bazaio, albo-produktu bezala sortzen den glizerinak arazoak sor ditzakeela ikusten da. Nahiz eta material hori beste hainbat prozesu industrialetarako erabili —xaboiak egiteko adibidez—, gehiegizko produkzioak soberakinak eragingo lituzke. Glizerina-soberakin horiek naturarentzat arazo bilaka daitezke, gainerako soberakinekin gertatzen den bezala, non bota ez dagoelako. Gainera, soberakin horiek ezabatzeko bideek –erretzea, besteak beste– biodieselaren kostua handituko lukete.

Biodiesela ibilgailu-mota askotan erabil daiteke, traktoreetan besteak beste. Hori dela eta, nekazariek beren makinen kontsumorako ekoitz dezakete biodiesela.

Biodieselak nekazaritzako lurren espezializazioa ere ekar lezake. Ezagunak dira lur-sailetan beti labore berdina landatzearen ondorioak, lurra soiltzea adibidez. Hori dela eta, biodiesela ekoizteko beharrezkoa da lur-sailetan laboreak txandakatzea eta biodibertsitatea bermatuko duten neurriak hartzea.

Bestalde, biodiesela garraiatzeko, beste erregai askorekin gertatzen den legez, orain arte errepide bidezko garraioan pentsatu da soilik. Horrek errepideetako ibilgailuen kopurua handituko luke; beraz, garraiobide alternatiboak beharrezkoak dira.

Biltegiratzeko erabiliko den materiala ere kontuan izan behar da. Ez da komeni kobrea, letoia, beruna, eztainua eta zinka erabiltzea. Biltegi egokienak aluminiozkoak, altzairuzkoak, polietileno fluordunak, polipropileno fluordunak eta teflonezkoak dira. Gainera, biodieselak ez du urarekiko eta oxidazioarekiko egonkortasun handirik. Beraz, denbora luzez biltegiratuz gero, biodieselaren ezaugarri teknikoak alda daitezke.

Biodieselaren beste ezaugarri batek ere desabantaila txiki bat dakar. Biodiesela likatsuagoa da eta, beraz, tenperatura baxuan ez da maneiagarria. Horregatik, baliteke lurralde hotzetan erabilgarri ez izatea. Izan ere, biodiesela petroliotik eratortzen diren erregaiak baino 2-3 ºC azkarrago izozten da. Ez da alde handia, baina eragina izan dezake.

Biodieselaren produkzioan, albo-produktu bezala, glizerina sortzen da. Glizerina xaboiak egiteko erabiltzen da.

Azkenik, esan behar da erregai alternatibo hau Diesel autoetarako bakarrik dela errentagarria; gainerakoetan, motorretan aldaketak egitea beharrezkoa da. Gainera, gasolioak gasolinak baino gehiago poluitzen du, eta, nahiz eta biodieselaren poluzio-indizea txikiagoa izan, ez da erregai guztiz garbia. Aipagarria da bioetanolak, gasolinaren ordezko erregai ‘ekologiko’ berriak, biodieselak baino gutxiago poluitzen duela. Baina bioetanolak ere arazo bera du, gasolina-autoetan bakarrik erabil daiteke.

Interes ekonomikoak beti tartean

Orain arte esandakoak biodieselari berari edo ekoizteko prozesuari dagozkion arazoak izan dira. Zoritxarrez, horiek ez dira biodieselak gainditu behar dituen arazo larrienak. Betiko legez, interes ekonomikoetan daude trabarik handienak.

Biodieselak gainditu beharko lukeen uharri nagusia prezioa da. Hain zuzen ere, horrelako erregaiek merkatuan tokia izan dezaten nahitaezkoa dute diskriminazio positiboa. Horretarako, Europako Batasunak bi proposamen ditu mahai gainean: batak biodieselari ezarri beharreko zergak gutxitzea eskatzen du, eta besteak gasolioan nahasi beharreko biodiesel-kopuru minimoa finkatzen du. Biodieselak, merkatuan dagoen jatorri fosileko gasolioarekin lehiatzeko, 0,565 e-ko produkzio-prezioa baino txikiagoa izan behar luke.

Biodiesela bai edo ez?

Nahiz eta biodieselak hainbat desabantaila izan, dudarik ez dago geroz eta erregai garbiagoa lortzeko beste pauso bat dela. Dituen alde onak ez dira, ordea, azken erregai batek izan beharko lituzkeenak. Baina beharrezko diren ardurak eta neurriak hartuta, eta gasolioak baino gutxiago poluitzen duenez, datozen urteetarako erregaia izan daiteke.

Biodiesela petroliotik eratorritako erregaiak baino azkarrago izozten da, eta hori arazoa izan liteke herrialde hotzetan merkaturatzeko.

Europako Batasuna, gainera, biodieselak edo bioerregaiak arautzeko lan dezente ari da egiten. Europako legediaren arabera, 2005erako erregai guztiek bioerregaiak izan beharko dituzte nahasita, % 1eko proportzioan; eta 2007rako % 3ra igoko da tasa hori. Betiere, estatu bakoitzaren gain gelditzen da horiek baino neurri zorrotzagoak aplikatzea.

Neurri horiek guztiek Kiotoko Protokoloaren helburuetara iristen laguntzen dute. Gainera, 2010. urterako oinarrizko energien % 12k berriztagarriak izan behar dute, eta espero dezagun ingurumenaren, pertsonen eta nekazaritzaren onurarako izatea.

Hala ere, jakin badakigu intentzio onek soilik ez dutela askotarako balio, askotan ingurumenari begiratu beharrean negozio-aukerei begiratzen baitzaie, eta hori izan liteke biodieselak duen arrisku nagusia.

Bionor, euskal biodiesela

Geroz eta gutxiago erabiltzen diren nekazaritzako lurrentzat, biodiesela ekoizteko laboreak landatzea izan daiteke irtenbidea. Irudian, koltza-zelaiak.

Bionor Trasformación erakundea S.A. 2000. urteko abenduan eratu zen. Proiektu horretan EEEk (Euskal Energiaren Erakundea), AZTI zentro teknologikoak eta Manuel Garcia Mendoza S.A. eta Ecogras S. A. enpresek (erabilitako olioa jasotzen dute) parte hartzen dute, besteak beste.

Bionor Araban dago, Beranturin, eta instalazioa 2002ko ekainean irekitzeko asmoa bazuten ere, orain arte prestaketa- eta eraikuntza-lanetan aritu dira. Izan ere, prototipo eta proiektu soila zena errealitate industrial bihurtu da aurten.

Bertan 20 langile ari dira lanean, eta, oraingoz, urtean 20.000 m 3 biodiesel ekoizteko gaitasuna dute. Biodiesel hori ekoizteko, aurrez erabilitako landare-olioa eskuratzen dute jatetxe, janaria prestatzen duten enpresa eta erabilitako olio-biltegietatik. Modu horretan, erabilitako olioa birziklatu eta haren isurketak eragiten dituen kalteak saihesten dira. Beraz, biodiesela egiteko lehengaia landare-olioa da, eta ez da inolaz ere kontuan hartuko autoek erabiltzen duten olio-minerala.

Biodieselaren eta beste erregai alternatiboen prezioa lehiakorra izan dadin, Europako Batasunak neurriak hartu nahi ditu.

Lortzen den biodieselak gasolio arruntaren ezaugarri fisiko-kimiko berdinak ditu, eta gainera, ez du ia sufrerik eta lubrifikatzaile eta detonatzaile hobea da. Biodiesel hori erregaien banatzaileei salduko diete, haiek gasolio arruntarekin nahastuta bana dezaten.

Bionor erabilitako landare-olioak birziklatzen dituen estatuko lehenengo instalazioa da. Gainera, olio horiek animalientzako irinak egiteko erabiltzen ziren orain arte, eta horrek hainbat arrisku zituen. Hori dela eta, administrazioek zenbait neurri hartu dituzte erabilera hori debekatzeko asmoz. Beraz, garbi dago: hondakin horientzako irtenbide egokiena biodieselaren ekoizpena da.

Prozesu erraza eta merkea

Biodiesela ekoizteko prozesua erraza, merkea eta azkarra da.

Biodiesel izena 1992. urtean erabili zuen lehenengoz AEBetako National Biodiesel Board enpresak. Lipido-iturri berriztagarrietatik eratortzen den erregaia izendatzeko erabili zuen. Erregai berria biodegradagarria, ez-toxikoa eta ia sufre eta usainik gabea da.

Lehengaiak (fruitu oliotsuak, olioak, ...) esku artean izanda, biodiesela produzitzea erraza eta merkea dela esan daiteke. Izan ere, ez da material berezirik erabili behar, tenperatura eta presio baxuan egin liteke eraldaketa, olioaren % 98 biodiesel bihurtzen da eta albo-erreakzio gutxi izaten ditu. Erreakzioa amaitutakoan, ur-tantak, glizerina eta biodiesela lortzen dira.

Glizerina.

Erreakzioaren ondoren lortzen den biodiesela erregai aparta da, izan ere, bere konposizioan 18 karbono-atomo eta bi oxigeno-atomo daude.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia