}

Biodibertsitatearen kontserbaziorako guneak

2000/05/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kontserbazionistek ezin dituzte arriskuan dauden espezie guztiak zaindu, besteak beste guztietarako baliabide ekonomikorik ez dagoelako. Horrek lehentasunak finkatu beharra eskatzen du. Baina, nola kontserba genitzake ahalik eta espezie gehien kosturik txikienarekin? Moduetako bat espezie endemiko asko izanik ohiz kanpoko habitat-galera jasaten ari diren "biodibertsitate-gune beroak" identifikatzea da, horrek, ondoren, kontserbazio-planetan indarrak zertara bideratu erabakitzen lagun dezan.

Desagertze-arriskuan dagoen espezie-kopurua kontserbaziorako baliabideek eman dezaketena baino askoz handiagoa da eta egoera azkar ari da larritzen, gainera. Horrek lehentasunak finkatzea eskatzen du. Alegia, nola kontserbatu ahalik eta espezie gehien inbertitutako dolar bakoitzeko? Galdera hori da ikertzaileek buruan darabiltena eta artikuluaren muina izango dena. Ikuspuntu honek larritasun handieneko eta kontserbatzen zailenak diren guneetara mugatu eta neurri handiko iraungipenen erronkari sistematikoki aurre egiten lagun dezake.

Horretarako bide egokia "gune beroak" identifikatzea da, hots, espezie endemikoen kontzentrazio handia izanik, ohiz kanpoko habitat-galera jasaten ari diren guneak identifikatzea. Artikuluan populazioez edo beste taxonez aritu ordez, espezieez ariko gara, hori baita biodibertsitatea errazen eta azkarren neurtzeko modua. Horrek ez du populazioak eta prozesu ekologikoak biodibertsitatearen adierazle garrantzitsu ez direnik esan nahi, noski. Badira gune beroak finkatzeko beste moduak ere, baina oraingoan lehenago esan bezala definitu dituzte. Azkenean 25 biodibertsitate-gune bero izendatu dituzte. Kontserbaziorako indarretako asko gune horietan metatuz, une honetan gertatzen ari den espezieen iraungipen masiboari aurre egin ahal izango genioke.

Gune beroak "antzekotasun biologikoak" kontuan hartuta finkatu dira. Guneetako bakoitzak badu biota edo espezie-komunitate bereizia, unitate biogeografikoa osatuz. Hori nabarmena da uharte edota uharte-taldeetan, hala nola Kaledonia Berrian, Zeelanda Berrian, Kariben, Polinesia/Mikronesian, Madagaskarren eta Filipinetan. Antzekoa gertatzen da kontinenteetan nabarmenak diren "irla ekologikoetan", esaterako, Lurmuturreko probintzia floristikoan, ekialdeko arku eta Tanzania/Kenyako kostaldeko basoetan (aurrerantzean "ekialdeko arku" izendatuko dugu, biak bilduz), Australiako hegomendebaldean eta Kaukason. Beste toki batzuetan gune beroen definizioa banaketa ezagunen ondorioa da, hala nola Sundaland eta Wallacea "Wallace" lerroak banatzen ditu edo Indo-Burma eta Sundaland "Kangar-Pattani" lerroak banatzen ditu. Baina bada gune beroak finkatzeko beste irizpide bat ere: ikerketan diharduten adituen iritzia, alegia.

Munduko zenbait tokitan espezie gutxiko ale ugari biltzen da. Beste batzutan, ordea, aleak gutxiago dira, baina espezieak gehiago. Hurrengoan toki askotako ia ale guztiak oso azalera txikian biltzen dira urte garai jakinetan (irudiko monarka tximeletak kasu)… Nora bideratu indarrak?

Gune bero handienak, adibidez, Ande Tropikalak, Mesoamerika, Indo-Burma eta Sundaland, gune bero txikiagotan banatuz gero ere antzekotasun biologikoaren irizpidea bete beharko lukete. Baina emaitza askoz gune bero txiki gehiago izatea litzateke, horien balorazio egokia asko zaildu eta kontserbaziorako lehentasun gisa finkatutako 25 gune beroen oinarrizko estrategiatik urrundu egingo liratekeelarik. Gune beroak finkatzeko oinarrizko analisian bi irizpide erabili dira: guneetako espezie endemikoen kopurua eta guneen galtzeko arrisku-maila. Espezieen inguruko informazioa eskuratzeko 100 aditu ingururen laguntza eta 800 datu bibliografiko inguru erabili ditugu.

Espezieei dagokienez landare baskularretan oinarritu dira, landare-espezieen % 90 osatzen duten neurrian (aurrerantzean "landare" deituko diegu); azken finean horiek ezinbestekoak baitira ia animalia-espezie guztientzako, eta zientziari dagokionez, nahiko ezagunak dira. Guneek munduan dauden 300.000 landareetatik % 0,5 edo 1.500 landare endemiko izan behar dituzte gune bero gisa onartzeko. Egiaz, 25 gune beroetatik 15ek 2.500 landare endemiko dituzte gutxienez eta beste 10ek 5.000 gutxienez. Guneetako ornodun-kopurua ere aipatzen da azterketan, baina ez da gune bero izendatzeko irizpidetzat hartzen (bai ordea euren arteko konparazioetarako). Ornogabeak ere ez dira kontuan hartu.

Bigarren irizpidea, guneen narriadura-maila alegia, "landareen" baldintza bete ondoren egotzi da. Horrela, gune beroek jatorrizko landarediaren % 70 galduta behar dute izan. Hamaika gunek landarediaren % 90 galdua dute eta beste hiruk % 95. Bada endemismoen baldintza betetzen duen gune gehiago, baina jatorrizko landarediaren % 60ra jaitsi beharko litzateke narriadura-maila zerrendan gune bat edo beste gehiago sartzeko. Adibidez, Amazonia, Ginea Berria edo Kongoko arroa zerrendatik kanpo geratu dira, euren landarediaren % 75 inguru baitute oraindik.

Azkenik, azterketa ingurune lurtarretara mugatu da, itsasoari dagokion txostena prestatzen ari badira ere.

1. irudia. Kontserbazioan lehentasuna izango luketen 25 gune beroak.

Emaitza orokorrak

Hori guztia kontuan hartuta, gune beroetan Lurreko landare-espezie endemiko ezagunen % 44 dago 133.149 landare, alegia. Ornodun-espezie endemikoak, ordea, 9.645 dira (ezagutzen diren guztien % 35). Bestalde, guneek duten azalera 2,1 milioi km2-koa da, lur lehorraren % 1,4a. Jatorrian, aldiz, gune horiek 17,4 milioi km2-ko azalera zuten, hau da, lur lehorraren % 17,4a. Oso azalera-murrizketa gogorra izan arren (jatorrizko landarediaren % 88 galdua dute), euren arrisku-maila hain da gogorra oraindik, ezen kontserbazio-ahaleginak asko ugaltzen ez badira geratzen zaien azalera gehiena ere, ia dena ez esatearren, epe laburrean gal baitezakete.

Gune nagusiak

Hainbat tokitan ingurugiroa gizakiak guztiz eraldatuta dago.

Gune batzuk besteak baino aberatsagoak dira dituzten endemismoei dagokionez. Bost gunetako (Ande tropikal, Sundaland, Madagaskar, Brasilgo baso atlantiko eta Karibeko) bakoitzean Lurreko landare- eta ornodun-espezieen % 2a dago. Guztiek batera landareen % 20 eta ornodunen % 16 dituzte, bai eta gune beroetan dauden landare eta ornodun endemikoen % 45 ere, lur lehorraren % 0,4 besterik ez badira ere. Era berean habitat narriatuenak ere bertan daude: Karibek jatorrizko landarediaren % 11,3 du soilik, Madagaskarrek % 9,9, Sundalandek % 7,8 eta Brasilgo baso atlantikoak % 7,5.

Bost hauek, hurrengo lauekin batera (Mesoamerika, Arro mediterraneoa, Indo-Burma eta Filipinak) landare- eta ornodun-espezieen endemismoen % 30,1 eta % 25,0 dituzte hurrenez hurren, nahiz eta lur lehorraren % 0,7 izan.

Gune beroetako batzuetan deigarria da espezie endemikoen kontzentrazio-maila. Ekialdeko arkuan, esaterako (2. taula), 1.500 landare endemiko dago 2.000 km2-n, hots 75 espezie 100 km2-ko (75:1 gisa adierazia). Ornodun endemikoak, ordea, 121 dira, 6,1:1 erlazioa ematen dutelarik. Era beran, Kaledonia Berrian (5.200 km2-n) 49:1 eta 1,6:1 erlazioak daude eta Filipinetan (9.023 km2-n) 64,7:1 eta 5,7:1. Gainerakoek 33,3:1 eta 1,2:1 bitarteko erlazioa dute landareetan eta 2,9:1 eta 0,03:1 bitartekoa ornodunetan.

Gune beroa Landare endemikoak Ornodun endemikoak
Ande Tropikalak
Mesoamerika
Karibea
Brasilgo baso Atlantikoak
Choc/Darien/Ekuadorreko mendebaldea
Brasilgo Cerrado
Txileko erdialdea
Kaliforniako probintzia floristikoa
Madagaskar
Ekialdeko arkua eta Tantzania/Kenyako kostaldeko basoak
Afrika mendebaldeko basoak
Lurmuturreko probintzia floristikoa
Succulent Karoo
Arro mediterraneoa
Kaukasoa
Sundaland
Wallacea
Filipinak
Indo-Burma
Txinako hegoerdialdea
Gats mendebaldea/Sri Lanka
Australiako hegomendebaldea
Kaledonia Berria
Zeelanda Berria
Polinesia/Mikronesia
6,4
2,2
23,5
8,7
3,6
1,2
1,8
2,7
16,4
75
1,8
31,6
6,5
11,8
3,2
12,0
2,9
64,7
7,0
5,5
17,5
13,0
49,1
3,1
33,30,5
0,5
2,6
0,6
0,7
0,03
0,06
0,09
1,3
6,1
0,2
0,3
0,15
0,2
0,1
0,6
1,0
5,7
0,5
0,3
0,3
2,9
0,3
1,6
0,2
2,2

Espezie-taldeen arteko kongruentzia

Beste hainbatetan ordea, transformazio-maila txikiagoa da eta neurri batean ingurugiroan txertatuta dagoela ere esan liteke.

Hainbat gune berotan espezie-taldeen arteko kongruentzia dago, landare endemiko ugariko tokietan ornodun endemiko ugari ageri den neurrian. Horrek guneok kontserbaziorako lehentasuna izatea indartzen du, bereziki espezie endemiko ugarieneko guneena. Hala ere, espezie-kopuru txikieneko tokietan ere kongruentzia handia egon liteke, hala nola Ekialdeko arkuan % 80eko kongruentzia dago, landare-espezie endemikoen % 0,5 eta ornodun-espezie endemikoen % 0,4 izanda.

Ande Tropikaletan munduko landare endemikoen % 6,7 dago eta ornodun endemikoen % 5,7, kongruentzia % 85ekoa izanik. Madagaskarren balioak % 3,2 eta % 2,8 dira eta kongruentzia % 88koa; Kariben, ordea, espezie endemikoen portzentaiak % 2,3 eta % 2,9 dira hurrenez hurren eta kongruentzia % 79koa. Hirurotan lehena da azalera handienekoa eta horregatik da kongruentzia ere handiagoa; beste bietan endemikoen portzentaiak antzekoagoak izanik ere, azalera aurrekoaren bostena inguru da eta, beraz, kongruentzia txikiagoa.

Aitzitik, Lurmuturreko probintzia floristikoan kongruentzia % 11koa da eta Arro mediterraneoan % 21ekoa. Beraz, kongruentziak oro har behera egiten duela ikus liteke ingurune tropikaletatik mediterraneotara edo lehorragoetara jo ahala, hauetan ornodun endemikoen kopuruak nabarmen behera egiten du eta.

Gune bero beroenak

Egindako azterketak bost gako-aldagai izan ditu kontuan: endemismo-kopurua eta espezie endemiko/azalera erlazioa, bai landare bai ornodunetan, eta habitataren galera. Faktore horiek ez dute balio bera; beraz, ezin dira modu kuantitatibo hutsean sailkatu. Konparazio kualitatiboa egite aldera zortzi biodibertsitate-gune beroenen zerrenda (3. taula) prestatu dugu. Guneek, bertan azaltzeko, aldagai bakoitzean hiru aldiz hamar lehenen artean sailkatuta egon behar dute. Lehenak Madagaskar, Filipinak eta Sundaland dira, aldagai guztietan hamar lehenen artean agertzen dira eta; jarraian Brasilgo baso atlantiarra eta Karibe. Horietatik hiruk, Madagaskar, Filipinak eta Karibek, azalera txikia dute eta euren garrantzia areagotu egiten da.

Kontserbazioaren ikuspuntu honek gune jakinak babestea proposatzen du, baina horietan ezer ez legoke “soberan”.

Beste bi gune bero, Ande tropikalak eta Arro mediterraneoa, kontserbazioari dagokionez, gune superbero izateko hautagaiak dira euren landare endemikoen ohiz kanpoko kopurua kontuan izanda: 20.000 eta 13.000 hurrenez hurren. Ande tropikalak ornodun endemikoen lehen postuan daude eta Arro mediterraneoa landare endemikoetan hirugarren, laugarrenak baino % 34 gehiagorekin. Laburbilduz, 25 gune beroetan geratzen diren habitatetan (lur lehorraren % 1,4an, alegia) Lurreko landare baskularren espezieen % 44 eta ornodun-espezieen % 35,25 dago, eta habitat horiek desagertzeko arriskua dute. Gune horietako askotan ornodun endemikoen proportzioa erraz neurtzeko modukoa litzateke. Askotan ontzat jotzen da, egungo iraungipen masiboak ia batere azterketarik gabe jarraituz gero, espezie guztien heren bat edo bi desagertu egingo liratekeela epe laburrean. Gune beroen analisiak adierazten duenez, arazoa neurri handi batean konpondu egingo litzateke 25 gune bero horiek babestuz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia