}

Biodibertsitatea gaixotasunen muga

2003/01/09 Elhuyar Zientzia

Basabizitzaz ari garela, ideia ez da berria, baina, agian, bai oinarri ekologikoak eta epidemiologikoak lotzea.

Lyme-ko gaixotasuna Ipar Amerikan bakterio batek eragindako giza gaixotasuna da. Akainek kutsatzen dituzte pertsonak, baina txakurrak, hegaztiak edo zenbait basanimalia izaten dira gordailuak.

Etxeko animalien osasuna kontrolpean izatea nahiko erraza da, ez hala basabizitzarena. Hori kontuan izanda, Lyme-ko gaixotasuna duten akain gehien dituen basanimalia identifikatu nahi izan dute Millbrook-eko ekosistemen ikerketarako institutuan. Hamahiru espezietako 200 animaliaren akainak aztertu dituzte eta, hainbat kalkulu eginda, gordailu nagusia sagu hankazuria dela ondorioztatu dute. Ugari direlako eta kutsatutako akainen % 40-90 haietan elikatu direlako. Katagorri eta sarigueietako akainak, aldiz, ez daude hain kutsatuta. Beraz, bi espezie horiek ugariago izateak (hots biodibertsitatea emendatzeak) gaixotasunaren intzidentzia txikitu egiten duela ondorioztatu dute, saguen eragina ‘diluitu’ egingo bailitzateke. Hori bera artropodoen bidez kutsatutako beste hainbat gaixotasunentzat ere baliagarria izan daitekeela espekulatu dute ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia