Bilduma batean bildu dituzte azken 30 urteotan Gipuzkoan egindako lan arkeologikoak
2012/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zazpi liburuz osatutako bilduma batean batu dituzte azken 30 urteotan Gipuzkoan egin diren lan arkeologiko guztiak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Sailak abian jarritako ekimena izan da eta Foru Aldundiko arkeologia-teknikaria eta Aranzadiko kide den Carlos Olatxeak koordinatu du argitalpena. Egileen artean daude Alvaro Arrizabalaga, Joxean Mujika, Xabier Peñarlver, Merche Urteaga, Alfredo Moraza eta Beatriz Herreras.
Bildumak ehiztari-biltzaileen garaitik hasi eta, zazpi geltokiren bitartez, industria-garaira eramango du irakurlea. Lehenengo alean, Paleolitoari buruzkoan, Lezetxiki, Praileaitz, Irikaitz eta Astigarragako aztarnategietan izan diren azken aurkikuntzak azaldu dituzte idazleek. Gero aurreneko nekazari eta abeltzainen garaia dator, eta gure mendietan utzi zituzten megalitoen azken aurkikuntzen berri ematen dute. Hirugarren geltokia Burdin Arokoa da, non Intxur, Basagain eta Munoandiren bitartez lehen herrixka harresidunen berri izango dugun. Jarraian, arkeologia erromatarrak, Erdi Arokoak eta XVI., XVII. eta XVIII. mendeetakoek hartuko dute erreleboa, Industria Arkeologiarekin bukatzeko. Liburu bakoitzean, 180 argazkitik gora sartu dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia