}

Bilaketa berritzaileak

2003/02/19 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Testuetan bilaketak egiteko asmatu den metodo berri baten bidez, garai bakoitzeko joeren berri jakin daiteke.

Jon Kleinberg estatubatuarrak ideia bitxi bat izan du bilaketak egiteko. Ideia hori hitzen maiztasunak nola aldatzen diren aztertzean datza, maiztasunaren aldaketak ideia berrien hedapenarekin zerikusia duelako.

Bilatzaile askok hitz jakin batzuen kopurua aztertzen du; kontaketa hutsa besterik ez da. Baina Kleinbergek urrats bat gehiago eman du; haren ustez, testuetan hitz baten maiztasuna bat-batean handitzeak esan nahi du ideia hori berria dela.

Kleinbergek, adibidez, Estatu Batuetako presidenteek erabilitako hitzak aztertu ditu XVIII. mendetik hona. Estatu Batuetako Iraultzaren hurrengo urteetan, "militia" (milizia), "british" (britainiar) eta "savages" (basatiak) hitzak nabarmen ugaritu ziren. 1930eko hamarkadan "depression" (depresioa) hitzaren erabilera asko handitu zen eta 1950ekoan, berriz, "atomic" (atomikoa) hitzarena.

Testuetan, beraz, garai bateko joerak eta kezkak islatzen dira, eta Kleinbergen metodologia aproposa izan daiteke joera eta kezka horiek aztertzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia