Bihotzen taupadaz Ilargiraino
2000/09/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sputnik satelitearekin espazioko lasterketa lehen pedalkadetan geratu zen aurreko hamarkadan. Lasterketako unerik gogoangarrienak 60ko hamarkadan iritsi ziren. Tiraka eta kolpeka, lehia etenik gabekoa izan zen. Ohartzeko nahikoa izan daiteke gertatutakoei begirada egitea: Yuri Gagarin, espazioratutako lehen gizakia, Sobietar Batasunean garaiko heroia izan zen. Ohore hori izan (1961) eta zortzi urtera hil egin zen hegazkin-istripuan. Satelite bidezko lehen telebista-irudiak, Telstar sateliteari esker (1962). Mariner 2 estatubatuarren zunda Artizar inguruetara hurbildu zen (1962). Valentina Tereshkova, espaziora iritsi zen lehen emakumezkoa (1963). Gemini 1 espazio-ontzia, Gemini proiektuko lehena, abiatu zen, eta Ilargira iritsi zen Apolo proiekturako teknologia probatu zuen (1964). Mariner 4 zunda Lurretik abiatu zen, Marte zuen helburu, eta hurrengo urtean iritsi zen. Marteko gertuko lehen irudiak atera zituen (1965). Pioneer zundak bidali zituzten espaziora, Eguzkia ikertzeko helburuarekin (1965). Venera 3 sobietarren zunda espaziora bidali zuten, Artizarrerantz. Hurrengo urtean iritsi zen (1965). Surveyor 1 zunda Ilargira iritsi zen eta Lurrera telebista-irudiak bidali zituen (1965). Alexei Leonov astronauta sobietarrak espazioko lehen ibilaldia egin zuen (1965). Sobietar Batasuneko Lunik IX espazio-ontzia Ilargira iritsi zen (1966). Surveyor 5 zundak Ilargiko lehen azterketa kimikoak egin zituen (1967). Vladimir Komarov, Soiuz 1 espazio-ontziarekin, espazioan hildako lehen gizakia (1967). Mariner 6 zunda Marteko orbitan sartu zen (1969). Soiuz 4 espazio-ontzia jaurti zuten espaziora; hurrengo egunean, berriz, Soiuz 5. Espazioko lehen ontzi-aldaketa egin zuten (1969). Soiuz 6, 7 eta 8 espazio-ontzi errusiarrak aldi berean Lurraren orbitan jarri ziren (1969). Eta, azkenik, amerikarrek lasterketa hartako podiumeko gorenera igotzeko balentria: Neil Armstrong eta Buzz Aldrin Ilargira iritsi ziren Apolo XI espazio-ontzian. Lehenengoz gizakia beste planeta batean zegoen. Mundu osoa hunkitu zen Ilargira iristearekin, telebistaz eman baitzituzten irudiak. Handik gutxira, Charles Conrad eta Alan Bean Ilargira iritsi ziren Apolo XIIarekin. Eurak izan ziren Ilargia zapaldu zuten hirugarrena eta laugarrena. Dena den, bi hilabete lehenago, Apolo X espazio-ontzia Ilargitik oso gertu egon zen, eta han teknikoki lur hartzea posible zela egiaztatu zuen (1969). Bi hitzetan, hamarkada honetan inoiz lortu den espazioko abenturarik esanguratsuena eta gogoratuena gauzatu zen.
Espazioko ikerketak hamarkada honetan abiada izugarria izan zuen -Lurretik doi-doi aireratzetik Ilargira iristera hamar urte besterik ez baitziren igaro-, baina zientzian ez zen hori aurrera egin zuen arlo bakarra izan. Medikuntzan, adibidez, organoen transplanteek asko aurreratu zuten. Giltzurrun-transplanteei dagokienez, 1963. urtean Guy Alexandre zirujauak Lovainan burmuin-heriotzaren kontzeptupeko lehen transplantea egin zuen. Giltzurrunaren hartzailea hilabetera hil egin zen. Hurrengo urtean, 1964an antzeko bigarren transplantea egin zuen zirujau berak. Transplantatutako giltzurrunak sei urtetan ondo bete zuen bere zeregina. Hamarkada berean, Nils Alwall suediarrak giltzurrun artifiziala asmatu zuen. Gaur egun, giltzurruna jasotzen dutenek ez dute batere eragozpenik izaten bizitza arrunt-arrunta egiteko. Gizakien arteko lehen gibel-transplantea ere 1963. urtean egin zuen Thomas Starzl zirujauak. Tumore baten ondorioz hildako haur bati bihotza kendu eta hiru urteko beste bati jarri zioten. Bost ordu iraun zuen bizirik. Handik bi hilabetera helduen arteko gibel-transplante ebakuntza egin zuen zirujau berak, eta hartzailea 22 egunera hil zen. Transplanteen gaia gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari zen, baina benetan gaia gizarteratu zuena bihotz-transplantea izan zen. 1967. urtean, Hego Afrikako Ciudad del Cabo hirian, Christian Barnard doktoreak lehen bihotz-transplantea egin zuen. Bihotzaren emailea neska gaztea zen, istripua eduki eta burmuina hautsi zuena. 54 urteko gizonezko batek jaso zuen bihotz hura. Ebakuntza ondo joan zen. Bihotza jaso eta hamar egunetara gaixoa ospitaleko gelan oinez ibiltzeko gauza zen. Dena den, bi astera hil egin zen, neumoniak jota. Handik hilabetera Christian Barnard-ek bigarren bihotz-transplantea egin zuen. Bigarren hartzaile hark lehenak baino zorte handiagoa izan zuen, urte eta erdi pasatxo bizi baitzen. Edozelan ere, norberaren gorputzeko organoek izan dezaketen mugak hautsi eta gero, organoen transplanteekin medikuntzarentzat aro berria ireki zen.
Gizakiak Ilargia zapaltzeak eta organoen transplanteen bideari ekiteak hamarkada hartako zientzia-jarduna markatu bazuten ere, ez ziren gertakari bakarrak izan:
- 1960. Trieste batiskafoa Ozeano Bareko hondoraino iritsi zen, 11 kilometro jaitsi eta gero.
- 1960. Transistorizatutako lehen telebista.
- 1960. Triton urpekoak munduari bira eman zion.
- 1960. Gregory Pincus endokrinologo estatubatuarrak pildora asmatu zuen.
- 1960. Theodore Maiman fisikariak lehen laser erabilgarria asmatu zuen.
- 1961. Zirkuitu elektroniko guztia siliziozko txip bakarrean sartzea lortu zen; hau da, transistoreak, erresistentziak, diodoak, kondentsadoreak... material erdieroaleko pieza bakar batean integratu ziren. Fairchild Camera and Instrument Corporation-eko Robert Noyce-k asmatu zuten RTLa (Resistor-Transistor Logic). Hurrengo hamarkadan ikusi ahal izango denez, horrek mikroelektronikaren iraultza eta ordenagailuen ekoizpen industriala ekarri zituen.
- 1961. Per Oscar Persson eta Goran Lundhal suediarrak elikagaiak izozteko Flofreeze-sistema asmatu zuten, horrela izozte-prozesuan barazkiak ez dira nahasten.
- 1961. IBMk idazteko makina berria atera zuen, ohiko makiltxoen ordez, letra-tipoak dituen esfera bat zuen.
- 1962. Benoit Mandelbrot matematikari poloniarrak, Naturako egituren antolamendua ulertzeko fraktalaren kontzeptua proposatu zuen.
- 1964. IBMk idazteko makina memoriaduna asmatu zuen, zinta magnetikoan oinarrituta. Inprimatu aurretik akatsak konpontzeko aukera zuen eta testuaren behar beste kopia egin zitezkeen.
- 1964. Bidaiariendako lehen abiadura handiko trenaren inaugurazioa, Osaka-Tokio ibilbidea egiteko.
- 1965. Arno Penzias eta Robert Wilson fisikariek unibertsotik sortzen den mikrouhinen erradiazioa aurkitu zuten.
- 1965. Stephanie Kowlek-ek kevlar material gogorra asmatu zuen. Hasieran, batez ere balen aurkako jantzietan erabili zen.
- 1966. Francis Chichester 64 urteko ingelesak Lurrari bira egin zion globoan.
- 1967. Seiko etxeak, kuartzozko erlojua merkaturatu zuen.
- 1967. Estatu Batuetako biologo-talde batek ADNaren sintesia saiodi batean egin zuen. - 1967. BBC koloretan igortzen hasi zen.
- 1968. Erditze-minak saihesteko anestesia epidurala erabiltzen hasi zen.
- 1968. Burmuineko ebakuntzetan erabiltzeko laser-aiztoa asmatu zen.
- 1968. Lehen ekorketa-mikroskopio elektronikoa.
- 1968. Intel enpresak dentsitate altuko lehen txipa merkaturatu zuen, memoria-gaitasun handikoa.
- 1968. Robert Edwards ikertzaileak umetokitik kanpo giza obulua ernaltzea lortu zuen.
- 1969. Estatu Batuetako defentsa-sailak Arpanet-sarea abian jarri zuen, Interneten aitzindaria.
- 1969. Murray Gell-Mann fisikariak neutroiak eta protoiak quark-ez osatuta daudela aurkitu zuen. Egin diren azken ikerketen arabera, quark-eko sei familia baino ez daude.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia