}

Bihotz-gutxiegitasuna arintzeko tratamendu berria

2002/06/13 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Bihotz-gutxiegitasuna gero eta ohikoago bilakatzen ari den gaixotasun kronikoa da. Sintoma nagusiak ahultasuna, nekea eta arnasa hartzeko zailtasuna dira, eta bihotza ahultzen denean sortzen da.

Bihotzak ez du behar beste odol mugitzeko ahalmenik, eta, ondorioz, gorputzeko hainbat ataletan likidoa pilatu egiten da. Horrek arnasa hartzeko eta gorputza mugitzeko zailtasuna ekartzen du, eta bihotzekoa izateko arriskua asko areagotzen da.

New England Journal of Medicine aldizkarian plazaratu den azken ikerketaren arabera, tratamendu berri batek bihotz-gutxiegitasunaren ondorioak arintzeko gaitasun handia azaldu du. Bersinkronizazio kardiakoa deitzen zaio tratamendu berriari, eta bihotzaren taupadak sinkronizatzen dituen gailu bat da oinarria.

Gaixoaren sorbaldako azalaren azpian ezartzen den tresna txiki bat da. InSync deritzon tresnak taupadak sortzen ditu, eta hiru kableren bidez bihotzarekin kontaktuan jartzen da. Kable bakoitzak bihotzaren zati bat ukitzen du: eskuineko aurikularen horma, eskuineko bentrikuluaren horma eta ezkerreko bentrikulutik ateratzen den bena. Tresna horren bidez, bihotzaren bi aldeen uzkurdurak sinkronizatzea lortzen da, eta horrela, bihotzak odola bultzatzeko duen gaitasuna asko hobetzen da. Gorputzak beharrezko duen odol-kantitatea jasotzen du, eta gaitzaren ondorioak asko arintzen dira. Ondorioz, gaixoen bizi-kalitatea nabarmen hobetzen da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia