Bigarren bidaiariaren berri
2019/11/15 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Duela 42 urte, NASAk bi zunda jaurti zituen Voyager 1 eta Voyager 2, biak berdina-berdinak, 16 eguneko aldearekin jaurti zituzten. Eguzki-sistemaren urrutiko planetak esploratu behar zituzten. Bata aurretik eta bestea atzetik, biek egin zuten bide bera Jupiterreraino. Handik aurrera, ibilbide ezberdina hartu zuten. Oso ezberdina gainera, gaur egun oso urruti daude elkarrekiko. Hala ere, biek bisitatu zuten Saturno, eta gero aurrera egin zuten. Voyager 2kUrano eta Neptuno ere bisitatu zituen. Sekulako datu-bilketa izan zen, 1970eko hamarkadako teknologiarekin.
Kontua da bi zundak ez direla gelditu, eta hamarkada honetan irten direla Eguzki sistematik. Voyager 1a 2012an, eta Voyager 2a iaz, 2018an. Zientziako albisteetako titularretan esan zuten Eguzki-sistemaren eraginetik ihes egin dutela. Baina, zer esan nahi du horrek? Batzuetan esaldi potoloak idatzi nahian, ez dugu argi uzten zer esan nahi dugun. Esaldia ez da guztiz zuzena. Eguzkiaren eraginetik ihes egin... Noski, ezetz. Eguzkiaren grabitatea hor dago, nola ez, eta Vogayer zundei eragiten die. Zenbat eta urrutiago egon, eragin txikiagoa dute, baina eragin horretatik ihes egin dutela esatea ez da batere zuzena.
Eguzkiaren eraginaz ari direnean, eguzki-haizearen eraginaz ari dira. Eguzkiak partikula kargatuak isurtzen ditu espaziora, plasma alegia. Plasma hitzak fisikan horixe adierazten du, karga elektriko hutsez osatutako fluido bat. Guk Eguzkiak isurtzen duen horri eguzki-haize deitzen diogu. Adibidez, hori da Lurreko poloetan aurora boreala eta australa eragiten dituen materia. Eguzkiak espaziora isurtzen du, baina ez da mugarik gabe barreiatzen espazioan. Toki bateraino iristen da, muga bateraino. Beste izar batetik begiratuko bagenio Eguzki sistemari, partikula eta erradiazioz osatutako burbuila moduko bat ikusiko genuke. Oso handia, baina mugatua. Ba hori da Voyager 1ek eta 2k atzean utzi dutena.
Bueno, ba aste honetako albistea da Voyager 2 k hartutako datuak iritsi direla Lurrera, eta datu horiek burbuila horren bukaerari buruzko informazio asko ekarri dute. Izan ere, sei artikulu argitaratu dituzte ikertzaileek Nature Astronomy aldizkarian.
Burbuilaren mugari heliopausa deitzen diogu. Ba, esan beharra dago, bi espazio-ontziak toki eta denbora ezberdinetan zeharkatu zutela heliopausa hori, baina bi zeharkatze-puntu horiek ia distantzia berara daudela Eguzkitik, eta beraz, burbuila nahiko simetrikoa dela ematen du. Dena den, muga horren lodiera ez zen berdina puntu batean eta bestean.
Beraz, datuek panorama berria erakutsi digute. Garai batean pentsatzen zen eguzki haizea oso gradualki desagertzen zela, Eguzkitik urrundu ahala gradiente bati jarraika, eta ez. Muga bateraino dago plasma hori. Ez dakit. Agian, koilaratxo astronomiko bat izango bagenu zona hori irabiatzeko, desegingo litzateke heliopausa hori. Baina horrelakorik ez denez existitzen, ba ikasi dugu fluidoak espazioan ere muga zehatzak sortzen dituztela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia