Big Bang teoriak ez al du dena azaltzen?
2001/04/11 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Duela 15.000 milioi urte unibertsoaren materia guztia puntu batean kontzentratuta zegoen. Orduan eztanda itzela gertatu zen eta, prozesu bitxi batzuen bitartez, gaur ezagutzen dugun egoera sortu zen. Baina agian bazen beste zerbait eztanda horren aurretik.
Big Bang teoria galaxiak behatuta garatu zen. Edwin Hubble astronomoak hartutako datuen arabera, galaxia bakoitza besteetatik etengabe urruntzen ari da. Hori azaltzeko modu bakarra une batean gertatutako eztanda itzela zen.
Kosmologiako teoriarik onartuena da gaur egun, dudarik gabe. Baina ez da bakarra. Egun hauetan, Cambridgeko Unibertsitatean eta Estatu Batuetako Space Telescope Science Istitutuan teoria hori zabaltzeko hipotesi bat aztertzen ari dira. Zerbait egon al zen eztanda gertatu handia baino lehen? Beharbada, bai.
Harien teoria
Kosmologian harien teoriak hartu du indarra azken urteetan. Teoria horren arabera, unibertsoaren osagai bakunen eredua bibratzen ari diren harietan oinarrituta sor daiteke. Orain, kosmologoek teoria hori zabaldu eta osatu dute, M teoria.
Teoria horrek zertxobait aldatzen du Big Bang teoria, unibertsoa ez zela 10.000 milioi gradutan zegoen puntu batetik sortu onartzen baitu. Jatorria, ordea, dimentsio anikoitzeko unibertso batean bilatu behar dugu. Teoria berriaren arabera, unibertsoa bost dimentsiokoa da eta eztanda handia gertatu baino lehen, lau dimentsioko bi xaflatan banatu zen. Bata gure unibertsoa da eta bestea gurearen paraleloa den eta ikusi ezin dugun beste bat. Gero eztanda gertatu zen eta gaurko egoera denera arte garatu zen.
Teoria hori garatze-bidean dago. Guztiz ondo ulertzeko denbora eta espazioa ere hobeto ulertu behar dira, horixe baita fisikaren (eta kosmologiaren) oinarria.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia