Big Bang-aren oihartzuna galaxietan
2005/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Big Bang-a gertatu ondorengo materiaren dentsitatearen gorabehera ñimiñoak islatuta daude galaxiek Unibertsoan duten kokapenean. Ondorio horretara iritsi dira bi astronomo-talde. Nonbait, unibertsoa uniformea izatetik galaxia- eta izar-multzoak izatera nola pasatu zen azaltzen duten teoriak baieztatzen dituzte haiek egindako ikerketek.
Ustez, Unibertsoa Big Bang-aren ondorioz sortu zen, eta galaxiak, berriz, materia pittin bat elkartu zen tokietan azaldu zirela kalkulatu zuten teorikoek 1960ko hamarkadan.
Materiaren fluktuazio horiek hondoko mikrouhin-erradiazioan antzemateko gai izan da NASA 1992an eta 2003an. Baina erradiazio hori Big Bang-a gertatu eta gutxira sortu zen, galaxiak eratu baino askoz ere lehenago.
Orain, zeruaren bi behatzailek fluktuazioaren arrastoak detektatu dituzte Big Bang-a gertatu eta 10 mila milioi urte geroago eratu ziren bi galaxiaren artean. Horren arabera, lotura zuzena dago Unibertsoaren hastapenean zegoen ezegonkortasunaren eta gaur egun kosmosean ikusten dugun antolamenduaren artean.
Behatzaile horietako bat Australian dagoen teleskopio anglo-australiarra da, eta hamar urtez 221.000 galaxia aztertu ditu. Bestea AEBetan dago, Mexiko Berrian, eta Ipar hemisferioko 46.000 galaxia behatu ditu sei urtetan. Biek lortutako datuak elkartu dituzte eta hortik atera dituzte ondorioak.
Big Bang-aren oihartzunak galaxien kokapenean duen isla aztertzeaz gain, Unibertsoan zenbat materia dagoen kalkulatu dute astronomoek. Antza denez, atomoz eta partikula subatomikoz osatutako materia dagoen masa guztiaren % 18 besterik ez da. Gainerakoa materia iluna da.