
Physarum plycephalum lizunaren gogoko jakiak Japoniako mapa imitatuz kokatuta, eta lizuna bera Tokiori dagokion lekuan jarrita, Oxford Unibertsitateko ikertzaile batzuek ikusi dute Tokio eta inguruko herri eta hiri garrantzitsuenen arteko komunikazio-sarearen antzeko itxura hartzen duela lizunak hazi ahala. Hortaz, lizunak oinarritzat hartuz trenbideak edo bestelako garraio-sareak diseinatzeko aukera egon liteke.
Physarum plycephalum lizun likatsuaren jateko modua da horren guztiaren azalpena. Lizuna, jatekoa topatzen duenean, adarkatu egiten da jateko partikulen gainean.Gehiago adarkatzeko garaian, aldiz, sinplifikatu egiten du sortutako sarea, eta mantenugai gehien jasotzen dituzten adarrak bakarrik uzten ditu.
Japoniako maparen esperimentua egin zutenean, hiri nagusiak mantenugai-iturri handiak bihurtu zituzten ikertzaileek (hiriei zegokien lekuetan arto-krispetak jarrita), eta 26 orduz behatu zuten lizunaren hazkuntza. Bada, ikusi zuten lizunak sortutako sarearen itxurak antz handia zuela Tokio inguruan eratuta dagoen trenbide-sarearekin.
Argazkia: Science/AAAS
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.