}

Bidaiatu eta, ahal izanez gero, seguru bidaiatu

1999/06/20 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Oporrak ate joka datoz. Kanpora ateratzekotan zaudetenek ziur dagoeneko arduratu zaretela gorabehera guztien berri izateaz: pasaportearen beharraz edo ez, hotela edota kanpina hartzeaz, mapak kontsultatzeaz, diruari buruzko xehetasunak ezagutzeaz, herrialde hartako libururen bat irakurtzeaz…. Eta osasun-kontuei begiratu al diezu? Txertoren bat hartzea beharrezkoa al da herrialde horretara joateko? Lasai, oraindik denboraz zaude eta.

Oporrak gozatzeko dira. Hala ere, bidaiatzeak baditu arriskuak; horietako bat —eta ez nolanahikoa— infekzioren bat harrapatzekoa. Gaixotasun exotikoren bat edo arrunten bat izateko arriskua hainbat eragileren ondorio izaten da: osasun-azpiegitura eskasa, klimaren gorabeherak, elikaduraren aldaketa, lotarako ohituren aldaketa… bidaian estres psikologikoa sor dezaketen eragileak labur esanda, defentsa-sistema ahuldu eta infekzio-prozesoak sortzea errazten dutenak.

Balizko infekzio-arriskuei aurre egiteko neurriak bidaiari bakoitzaren eta bidaiaren ezaugarrien arabera hartu behar dira. Bidaiarien ezaugarriei dagokienez, adina, sexua, gaixotasunen historiala, aurrez hartutako txertoak, osasun-egoera orokorra, alergiak eta medikazioa hartzen dira kontuan. Aurrez egindako bidaietan gertatutako gorabeherak ezagutzea ere garrantzitsua izan daiteke neurri bata edo bestea hartzeko orduan. Bidaiaren ezaugarrien artean, honako hauek hartzen dira kontuan: bidaia zein herrialdetara egiten den, bidaiaren iraupena, bidaia-mota (urbanoa, mendikoa…), aukeratutako ostatu-mota, eta bidaian zehar egingo diren ekintzak.

Aipatutako ezaugarri horiek guztiek aurreikusi eta, ondorioz, neurri egokienak hartzeko, bidaiariek denbora gutxirekin lotzen dituzte bidaiak; hau da, txerto egokienak zeintzuk diren erabakitzeko denbora gutxirekin. Hala eta guztiz ere, bidaiara abiatu baino hilabete lehenago har daitezke neurri egoki samarrak, babes osorik eskainiko ez duten arren.

Herrialde batzuetara joan ahal izateko, legeak txertoa hartzera behartzen du, batez ere Hego Amerika, Afrika eta Asiako hainbat herrialdetara joateko. Legez ezartzen diren horiez kanpo, txertoa hartuta saihets daitezkeen gaixotasun nagusiak honako hauek dira: sukar horia, tetanoa, difteria, poliomielitisa, A eta B hepatitisak, sukar tifoideoa, amorrua, gaixotasun meningokozikoa, kolera, eta entzefalitis japoniarra. Ikus ditzagun banan-banan.

Sukar horia

Sukar horia birikoa da, eltxo baten ziztadaren bidez kutsatzen dena. Afrikako eta Hego Amerikako oihan inguruetan sor daiteke bakarrik. Bertan bizi direnen artean infekzioak maiz gertatzen diren arren, ez dira gehienetan gauza serioa izaten; bidaiarien artean, berriz, ez da oso ohikoa, baina bai arriskutsua, hilgarria ere gerta daiteke eta. Txertoa hartzeaz gain, eltxoen ziztadak saihesteko neurriak ere gomendatzen dira. Hartuz gero, txertoak 10 urteko iraupena du. Haurdun daudenek, 9 hilabete baino gutxiago dutenek eta arrautzari alergia diotenek hobe dute ez hartzea. Enbaxada eta kontsulatu gehienetan txertoa ez hartzeko gomendatzen duen agiriak onartu egiten dira.

Tetanoa

Oxigeno gutxi duten ehunetan gara daitekeen Clostridium tetani bakterioaren ondorioz sortzen da. Munduko herrialdetako txertatze-programa gehienetan sartuta dago, eta 10 urtetik behin hartzea gomendatzen dute. Gaixotasun honen transmisio-bidea ezagututa, bidaiarientzat zein ez direnentzat arrisku bera du tetanoak.

Difteria

Corynebacterium difphteriae izeneko bakterioa arnas bideetan sartzen denean sortu ohi da. Difteriaren aurkako txertoa segurua eta eraginkorra da, baina herrialde garatuetan ez da txertatze-programetan sartzen. Difteria gehienbat txertatze-egitura eskasa duten herrialdeetan sortzen da, baina duela urte batzuk Sobietar Batasun ohiko herrialde batzuetan indar handiz agertu zen. Haurdunaldiaren lehen hiru hilabeteetan izan ezik, gainerakoetan lasai har daiteke txertoa.

Poliomielitisa

Infekzio biriko hau —1, 2, eta 3 poliobirusek sortua— paralisiak eta heriotza eragiteko gai da. Poliomielitisaren aurka bi txerto-mota daude: ahotik hartzekoa, eta ahotik ez hartzekoa. Ahotik hartzen ez dena askoz ere seguruagoa da; beraz, —bidaiara joateko erabakia bat-batean hartzen ez bada behintzat— bidaiariei azken hori gomendatzen zaie. Hamarkada honen hasieratik Hego Amerikan dagoeneko poliomielitisa desagertarazi da, hortaz txertatze-gomendioak Afrikako eta Asiako zenbait tokitara joateko egiten dira.

A hepatitisa

Gaixotasun hau mundu osoan hedatuta dagoen picornavirus familiako Heparnavirus generoko birusek eragiten dute. Gaixotasuna digestio-aparatuan hedatzen da kutsatutako ura edo elikagaiak hartzeagatik. Garapen-bidean dauden herrialdeetan sarri gertatzen da A hepatitisa, eta oso arriskutsua da, gogor joz gero heriotza ere eragin dezakeelako. Hala ere, gaixotasun honen aurkako txertoa oso eraginkorra da eta, 10 urterako babesa ematen du.

B hepatitisa

A hepatitisa bezala, hau ere mundu osoan hedatuta dago eta horren errua hepadnavirus izeneko birusak du, transmisio-bide guztietara egokitzen baita. Gaixotasunaren aurkako txertoa eraginkorra denez, Osasunerako Mundu Erakundeak 1997. urtean txertoa munduko herrialde guztietan txertatze-programetan sartzea gomendatu zuen. Bidaia egin baino hilabete batzuk lehenago hartzea hobe den arren, bada B hepatitisaren aurkako txertoa 2 astetan hartzeko sistema ere.

Sukar tifoideoa

Mundu osoan barreiatutako gaixotasuna, batez ere osasun egitura eskasa eta garbitasun ohitura txarrak dituzten herrialdeetan sortzen dena. Salmonella typhi bakterioak eragiten du, kutsatutako ur eta elikagaien bidez gorputzean sartuta. Bi txerto-mota daude, bata ahotik har daitekeena eta bestea gainerako sistemekin hartzekoa, eta biak nolabaiteko babesa eskaintzen dute, ez oso-osoa. Indian, Afrikan eta Hego Amerikan dago arrisku gehien.

Amorrua

Amorrua —medikuntzan— Lyssavirus generoko rabdovirus birusaren ondorioz sortzen den gaixotasuna da, gehienetan heriotza dakarrena. Oro har animalia basatiek jasan behar izaten duten arren, noiz behinka zakurrei, katuei, abereei, eta —teorian—gizakiari ere eragiten die. Praktikan, berriz, gizakian gaixotasuna duten animalien horzkadak edo atzamarkadak hartuta besterik ez da sortzen. Urtean 30.000 pertsona inguru hiltzen da amorruaren ondorioz. Oihanera joango direnei txertatzea gomendatzen zaie, erabat segurua ez den arren, nolabaiteko babesa ematen duelako.

Gaixotasun meningokozikoa

Gaixotasun hau mundu osoan hedatua dagoen arren, batez ere Mauritanian eta Etiopian gertatzen da. Arnas bideetatik sartzen den Neisseria meningitidisaren eraginez sortzen da eta larria ere izan daiteke. Aipatutako tokietara joan behar dutenei hartzea gomendatzen zaie, baina —eragina ezagutzen ez denez — haurdun daudenek hobe dute ez hartzea.

Kolera

Vibro cholerae serogrupo bakterioaren eraginez sortzen den gaixotasuna, tripako-minekin hasi eta beherakoekin amaitzen dena. Hainbat txerto garatu den arren, Osasunerako Mundu Erakundeak ez du bat bera ere gomendatzen, eta mundu osoko nahitaezko txertatze-programetatik kendu egin dira. Hala eta guztiz ere, herrialde batzuetan badira koleraren aurkako txertoak, kasu batzuetan —Perun eta Bangladesh-en egindako saiakuntzetan adibidez— % 85eko babesa eskaintzeko gai izan direnak. Txertorik ezean, glukosa hartzea gomendatzen dute.

Entzefalitis japoniarra

Entzefalitis japoniarra Culex generoko eltxoen ziztaden bidez gizakiari iristen zaion infekzioa da. Asiako Hego- eta Ipar-Ekialdeko hainbat herrialdetan oso ohikoa da, nekazaritza-guneetan batez ere. Gehienetan gaixotasuna berez desagertzen da, baina batzuetan heriotza ere eragin izan du. Horregatik entzefalitis japoniarraren aurkako txertoa garatu dute, gutxienez bidaiara abiatu baino 10 egun lehenago hartu behar dena.

Aipatutako guztiek osatzen dute txerto bidez nolabait aurreikus daitezkeen gaixotasun arruntenak; hala ere, ez dira bakarrak, munduan bada gehiago. Dena den, ez diezazula horrek bidaiatzeko gogorik ken!

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia