}

Bidaia lurraren erdigunera

2001/03/26 Elhuyar Zientzia

Jules Verne (Nantes, 1828ko otsailaren 8a - Amiens, 1905eko martxoaren 24a) idazle frantziarraren nobela ezagunenetako baten izenburua da. Orain dela ia ehun urte hil zen arren, bere lanetan etorkizuna aurreikusteko gaitasuna erakutsi zuen.

Verne zientzia-fikziozko nobelaren aitzindaria izan zen eta abenturaz eta akzioz gainezka egiten duten istorioetan zientziaren itzala nabarmena da. Adibidez, 1864. urtean argitaratu zuen Bidaia Lurraren erdigunera liburuan, geologiari buruzko aipamen ugari daude eta Islandiako sumendiaren kraterrean sartzen den protagonistetako bat geologoa da, hain zuzen ere.

Urtebete geroago Lurretik Ilargira nobela argitaratu zuen eta gizakia ilargira iritsi baino ehun urte baino lehenago, alderdi bat baino gehiagotan bidaia hori nolakoa izango zen asmatu zuen, besteak beste, espazio-ontziaren itxura eta neurria, zein herrialdek lortuko zuen eta zein izango zen bere aurkari garrantzitsuena, grabitate-gabezia, ontziaren ibilbidea eta Ilargiaren inguruko orbita, baita itzulera nola eta non egingo zen ere: liburuaren arabera, ontzia itsasoan urperatzen da, justu Apolo VIII.a, Ilargiaren inguruan lehenengo bidaia egin zuen tripulazioa zeramana, erori zen tokitik lau kilometrora.

Idazlearen beste nobela batzuetan hainbat arlotan egindako aurreikuspenak egiaztatu dira, nola teknologian edo geologian, hala soziologian, ekonomian edo politikan ere. Izan ere, zientziarekiko interes izugarria zuen eta, horretaz gain, intuizio harrigarria. Urpekariak, helikopteroak, aire girotua, irudiak mugimenduan eta gidatutako misilak berak asmatutako istorioetan asmakari horiek garatu baino askoz lehenago azaldu ziren.

Jules Verneren beste nobela ezagun batzuk Hogei milia legoako itsas azpiko bidaia (1870), Uharte misteriotsua (1870) eta Munduari itzulia laurogei egunetan (1872) dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia