}

Bi zulo beltz dantzan

2009/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bi zulo beltz dantzan
2009/05/01 | Elhuyar
(Argazkia: P. Marenfeld-NOAO-AURA-NSF)

Bi zulo beltz masiboz osatutako sistema bat aurkitu dute lehenengo aldiz Arizonako Astronomia Optikoaren Behatoki Nazionaleko ikertzaileek. Mexiko Berrian duten teleskopio batek jasotako 17.500 quasarren irudiak eta datuak aztertu behar izan dituzte horretarako.

Bakarkako zulo beltz masiboak aspaldi ezagutzen dituzte astronomoek; jotzen dute galaxia bakoitzak zulo beltz bat daukala. Badakite, bestalde, galaxia batzuk elkarrekintzan egoten direla, elkarren ondotik pasatzen direla, batzuetan talka egiten dutela, eta inoiz elkartu ere egiten direla. Zer gertatzen da zulo beltzekin bi galaxia elkartzean? Teoriak aurresaten du zulo beltzak bata bestearen inguruan biraka ibiliko direla, eta, azkenean, haiek ere bat egingo dutela. Baina ikusi, orain arte ez zuten sekula ikusi horrelakorik astronomoek.

Zulo beltzei antzemateko, zulo beltzek erakartzen eta "irensten" dituzten materialek igortzen duten argian oinarritzen dira. Argi horrek informazio ugari ematen die astronomoei, horri esker jakin baitezakete zer abiaduratan eta norabidetan ari diren mugitzen aztergai dituzten zulo beltzak. Quasarretan bilatzen dute argi bereizgarri hori. Quasarrak astronomoek ezagutzen dituzten gorputz argitsuenak dira; argia eta bestelako erradiazio elektromagnetikoa igortzen dute. Astronomoek ez dakite nondik datorren igortzen den erradiazio hori guztia, baina ikusi dute batzuetan behintzat zulo beltzak irensten ari diren materiak igortzen duela.

Bada, elkarrengandik oso hurbil zeuden bi erradiazio-zorrotadari antzeman diete aztertzen ari ziren quasarretan, eta ondorioztatu dute bi zulo beltzeko sistema batetik ateratzen ari diren zorrotadak direla. Hain zuzen, esan dute bi zulo beltz masibo horien artean argi-urte herena dagoela, eta segundoko 6.000 km-ko abiaduran ari direla orbitatzen.

1
253
2009
5
016
Astronomia
Albisteak
16

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia