}

Bi teleskopio, irudi bakarra

2001/03/16 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Teleskopioen kalitatea bereizmen-ahalmenaren araberakoa da eta bereizmen-ahalmena, lentearen diametroarena. NASAk orain kalitatea handitzeko metodoa probatu du bere bi teleskopio handienekin. Elkarren ondoan egonda, bi teleskopioek jasotako irudiak nahasita, kalitate hobea duen irudi bakarra lortu dute.

Ideia sinplea da. Guk begiak erabiltzen dugun antzera, Kea mendian dauden 10 metroko bi Keck teleskopioak espazioko toki berbererantz begira jarri dituzte. Horrela, Katamotz konstelazioko HD61294 izarraren irudia lortu dute. Oso argitasun gutxiko izarra da. Irudi horrek 85 metroko teleskopio batek har lezakeen irudien kalitatea du. Bi teleskopioen multzoari Keck interferometroa deritzo.

Bi teleskopio horiek munduko handienak dira. Proiektuaren burua den Anne Kinney astronomoak esan duenez, NASAk ez du erabaki zertarako erabiliko den bikotea hemendik aurrera. Izan ere, hurrengo hilabeteetan proba ugari egingo dira. Dena dela, eguzki-sistematik kanpoko planetak bilatzeko erabiltzeko iradokizuna plazaratu da.

1995. urtetik hona berrogeita hamar exoplaneta baino gehiago detektatu dira. Orain dagoen teknologiaz baliatuz, izarretatik gertu dauden Jupiterren tamainako planetak aurki ditzakete zientzialariek. Teleskopioen bereizmena handituta, planeta txikiagoak ere aurki litezke.

Europako Batasunak antzeko proiektu bat dauka, VLT izenekoa. 8,5 metroko lau teleskopioen multzoa da. Horietatik hiru gaur egun martxan daude. VLT proiektuaren egoitza Txilen dago, Europako Hegoaldeko Behategian.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia