}

Betsare artifizialak

2000/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Alan Chow, Gholam Peyman eta Jose Pulido ikertzaileek sintetizatutako betsare artifizialak hainbat gaixoren begietan ezarri dituzte dagoeneko.

Siliziozko betsare artifiziala (ASRTM) ile-alea baino meheagoa da eta 3.500 zelula-fotovoltaiko mikroskopikoz osaturik dago. Zelulek argia kinada elektriko bihurtzen dute, hau da, itsututako pertsonek hondatuta dituzten fotorrezeptore naturalen lana egiten dute. Fotorrezeptore artifizialak pigmentu-erretinitisa eta antzeko gaitzak dituzten gaixoentzat erabili dira eta hasierako faseak behintzat arrakastatsuak izan dira.

Chicago Medical Center-eko Illinois Unibertsitatean 3 pertsonari ezarri zitzaizkien aipatutako erretinak: begian jostorratzaren diametroa duen zulotxoa egin, begi erdian daukagun gela atera, hura gatzezko disoluzio batez ordezkatu eta betsare atzean txipa ipini. Gaixoak 24 ordu geroago etxean ziren eta begia bi egunen buruan osaturik zuten.

Oraingoz sistemaren segurtasuna eta eraginkortasuna frogatzen ari dira bakarrik eta, horregatik, gaixoei beharrezkoa baino txip txikiagoa ipini zaie betsarearen albo batean. Hala ere, hilabete baten buruan kaltetutako eskualdean ikusmena partzialki berreskuratzea espero da. Begiek inplanteak onartuz gero, gaixoei txip handiagoak ezarriko zaizkie eta pigmentu-erretinitisaren azken fasean direnek ere ikusmena berreskuratuko dutela uste da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia