}

Beste itzulinguru bat zelula amen ikerketan

2006/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Beste itzulinguru bat zelula amen ikerketan
2006/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: Wisconsin-Madisongo Unibertsitatea)

In vitro ernaldutako obuluen erdiak baino gehiago ez dira blastozisto egoeraraino garatzen, zatitzeari uzten diote, eta ez dute aurrera egiten. Valentziako Felipe Printzea Ikerketa Zentroan bideragarriak ez diren obulu horiek erabili dituzte zelula amak lortzeko. Horrekin, litekeena da zelula amen ikerketan enbrioiak erabiltzea galarazten duten legeak gainditzea.

Zelula amak lortzeko bide errazena enbrioiak erabiltzea da; hori bai, garapenaren hasiera-hasierako faseetan egon behar dute, gero zelulak bereizten eta garatzen hasten baitira, eta orduan galdu egiten baitute edozein ehun emateko gaitasuna (ez dira totipotenteak, alegia). Baina herrialde askotan debekatuta dago enbrioiak horretarako erabiltzea, bizitzeko eskubidea urratzen delakoan. Ezin dira erabili ezta in vitro ernaldu eta gero gorde diren enbrioi izoztuak ere, nahiz eta seguruenik ez diren ezarriko inoren umetokian.

Oztopo horiek gainditzeko, ikertzaileak behartuta daude itzulinguruak asmatzera. Valentzian eman duten pausoa aukera bat da, baina ez da oso eraginkorra, bideragarriak ez diren enbrioi horien zelula gehienek akatsak baitituzte, eta, beraz, ez dira baliagarriak ikerketarako. Edonola ere, ikertzaileak eragozpen etiko horiek saihesteko bidezidorretan aritzera behartuta ez baleude, zelula amen ikerketak errazago egingo luke aurrera.

1
225
2006
11
003
Etika; Genetika; Medikuntza
Berriak labur
2