}

Berzelius, Jons Jacob

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1779-1848)

Kimikari suediar hau Vaversunda-n (Sorgard-en) jaio zen 1779an. Oso gaztea zelarik bere aita hil egin zen. Anna berriro ezkondu zen eta bere aitordea arduratu zen gaztearen hezkuntzaz. Uppsala-ko Unibertsitatean Medikuntza ikasten hasi zen, baina berehala fisika eta kimikarako joera handiagoa erakutsi zuen. Hurrengo urteetan medikuntza eta farmazia irakatsi zuen Stockholm-eko Unibertsitatean, baina ez zuen inoiz kimika baztertu.

1807an konposatu kimikoen oinarrizko egitura zehaztu zuen Proust-ek aurkitutako konposizio egonkorraren legea erabiliz. Pisu atomikoa ikertzeari ekin zion Dulong, Petit eta Mitscherlich-en teoriak oinarritzat harturik. Lan horren emaitza Berzeliusen taula da, non atomoen pisua zehazten zuen. Alabaina, Berzeliusek ez zituen aintzakotzat hartu Avogadrok atomo eta molekulei buruz emandako xehetasunak eta akats asko zeuden bere zerrendan. Hari zela eta, pisu atomikoei buruz-ko taulak ez zuen lortu oihartzunik 1860an Cannizzarok horren balioa aldarrikatu zuen arte.

Berzeliusen ekarpenik ezagunena nomenklatura kimikoa da. Bere esperimentuak egiterakoan, elementu kimikoen izen osoa aipatu beharrak lana atzeratu egiten zuela pentsatu zuen. Arazo hori konpontzeko, elementuaren lehen letra erabiltzea proposatu zuen, bai elementua bera aipatzeko eta baita konposatuen osagaiak azaltzeko ere. Proposamen hori berehala onartu zen eta gaur egun kimikaren garapenarentzat funtsezkoa izan zela esan daiteke.

Elektrizitateaz arduratu zen ondoren. Voltaren esperimentuetan oinarritu zen korronte elektrikoak konposatu kimikoetan eragiten dituen aldaketak aztertzeko. Hisinger-en laguntzaz, erreakzio kimikoetan aldatzen ez den atomo edo atomo-taldea dagoela deskubritu zuen, bere aurkikuntzari erradikal izena eman ziolarik.

Elementu kimikoak aztertzen segitu zuen Berzeliusek. 1818an selenioa aurkitu zuen, 1824an silizioa eta 1829an torioa.

1821 eta 1849 bitartean, kimikari buruzko aldizkari ospetsu bat argitaratu zuen. Bertan, kimikarien lanak eta esperimentuak aurkezten zituen bere iritzia argi eta garbi emanez. Bere teoriekin bat ez zetozen ikerlanak gaitzetsi egiten zituen eta hori zela eta, diktadorearen ospea eskuratu zuen. Aitzitik, Berzeliusek egindako iradokizunak oso garrantzitsuak izan ziren beste zenbait arlotan eta esaterako, berari zor zaio katalisia, isomero edota proteina kontzeptuak gaur egun erabat onartu-ta egotea.

1835ean ezkondu egin zen eta Suediako Carlos XIV.a erregeak baroi-titulua eman zion. Heriok Stockholm-en eraman zuen 1848.eko abuztuan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia