Bertako landareak landatzen ari dira Bidasoako uharteetan, <i>Baccharis halimifolia</i> espeziearen kontrako planean

Bertako landareak landatzen ari dira Bidasoako uharteetan, <i>Baccharis halimifolia</i> espeziearen kontrako planean


Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika sailak bertako 14.000 zuhaitz eta zuhaixka landatzeko plana jarri du martxan Bidasoa ibaiko Galera eta Santiagoaurrea uharteetan, bertako landaredia lehengoratzeko xedez. Izan ere, Baccharis halimifolia (txilka edo karkexa) espezie exotiko inbaditzailea hedatuta zegoen bertan. Ipar Amerikan du jatorria zuhaixka horrek eta Frantziatik iritsi da Bidasoa ibaiaren arrora.

Euskadiko gobernuaren Biodibertsitateko zuzendari Amaia Barredok dioenez, «landaketak bi helburu ditu: batetik, aipatutako espezieak Baccharis halimifolia espezie inbaditzailearekin lehiatzea bilatzen da, birkolonizazioa ekiditeko, eta, bestetik, munen eta lezoien higadura saihestu nahi da, uharte horietako dinamika bereziari eusteko. Izan ere, interes handiko landare espezie askoren bizilekua dira, eta gune garrantzitsua hegazti urtarrek atseden har dezaten eta elika daitezen».

Uharteetako natura-gunea lehengoratzeko jarduera Santiagoaurrea eta Galera uharteetan Baccharis Halimifolia landare exotiko inbaditzailea erauzteko lanak egin eta gero dator. 2012an egin zituzten erauzketa-lanak, eta oso positibotzat jotzen dituzte, “uharteen ur gaineko azalera erabat estaltzen zuten zuhaixken % 90 erauzi ahal izan baita”, azaldu du Barredok. Hainbestekoa zen inbasioa, ezen erauzketa-lanen ondoren, uharteetako babes-munak batere landare gabe geratu baitira, kendu ez diren zenbait ereinotz eta zuhaixka salbu. 

Santiagoaurrea eta Galera uharteetan landatze-prozesuan badaude ere, 2013an Bidasoa ibaiko estuarioaren gainerako aldeetan landare inbaditzailea kentzeko lanekin jarraituko dute. Eta, Bidasoa ibaiaren arroan ez ezik, Urdaibai ere Baccharis halimifolia espezieak hartuta duela identifikatuta dute adituek. Hortik ere desagerrarazi egin nahi dute, eta, Barredok azaldu duenez, “Bidasoan egindako erauzketa-lanetan ari gara orain Urdaibain”.

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Ingurumena