Berrogeita hamar karbonoko kaiolatxoa
2004/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kaiola esferikoen itxura duten molekula horiek ez dute karbono-atomo kopuru jakin bat izaten, baina egonkorrenak hirurogei eta hirurogeita hamar atomokoak dira. Horiek baino handiagoak ere maiz sintetizatu izan dira, baina berrogeita hamarrekorik inoiz ez.
Zailtasuna egonkortasunean datza. Fulerenoek futboleko baloiaren itxura dute, hau da, molekula horietan karbono-atomoak elkarri lotuta daude hexagonoak eta pentagonoak eratuz. 'Baloi' egonkorrenetan, hirurogei karbonoko egituran adibidez, pentagono bakoitza bost hexagonoz inguratuta dago; baina berrogeita hamar karbonokoan arau hori hautsi egiten da, eta, beraz, oso ezegonkorra da.
Horregatik, Txinako kimikariek lortu duten molekula oso ezegonkorra da. Eta ezaugarri horrek arazoak ekartzen baditu ere, oso aplikazio interesgarriak ere izan ditzake, nanoteknologiaren arloan, esate baterako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia