}

Berrikuntzak webgunean: entzun Elhuyar aldizkaria

2014/04/02 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Elhuyarren Hizkuntza eta Teknologia unitateak, EHUko Aholab taldearekin elkarlanean, ahots-sintesi bidez webguneak entzuteko teknologia garatu dute, eta Elhuyar aldizkariaren webgunean aplikatu dute. Teknologia horri esker, Elhuyar aldizkariaren albiste eta erreportajeak entzuteko aukera izango du hemendik aurrera erabiltzaileak, irakurtzen (edo entzuten) ari zaren albiste hau barne.
berrikuntzak-webgunean-entzun-elhuyar-aldizkaria
Ahots-sintesi bidez webguneak entzuteko teknologiari esker, Elhuyar aldizkariaren albiste eta erreportajeak entzuteko aukera izango du hemendik aurrera erabiltzaileak.

Smartphonetik edo tabletatik ari zarela eta pantaila txikiegia dela irakurtzeko, oinez edo gidatzen ari zarela, ez duzula irakurtzeko gogorik, play botoiari eman eta aldizkariaren nahi duzun edukia entzun dezakezu. Emakume edo gizon ahotsa nahi duzun, azkarrago edo polikiago entzun nahi duzun, aurrera edo atzera salto egin nahi duzun... zuk aukeratuko duzu, eta, nahi baduzu, zenbaki batean sartu, eta hasieratik bukaerara entzuteko aukera ere inplementatu dugu.

--> "Irakurri beharrean, entzun", Igor Leturia garatzailearen artikulua teknologiaren xehetasunez

Testutik hizketara

Ingelesezko TTS (Text To Speech edo testutik hizketara) izenaz da ezaguna Elhuyar aldizkariaren webgunean inplementatutako teknologia. Teknologia horrek hizketa baten audioa sortzen du testu batetik, hizketa hori ahalik eta naturalena izanik. Euskararentzat, EHUko Aholab ikerketa-taldea izan da lan horretan aitzindari eta erreferente. Oso kalitate oneko ahots sintetiko neutroa lortzen dute, aplikazioetan erabiltzeko modukoa. Horregatik, Aholabekin elkarlanean, Elhuyarko Hizkuntza eta Teknologia unitateak webguneak irakurri beharrean entzuteko teknologia garatu du ahots-sintesi bidez.

Oraingoz, Elhuyar aldizkariaren webgunean eta Zientzia.net-en jarri dute teknologia hori. Erabiltzailea eduki batean dagoenean, barra bat agertuko zaio goialdean, eta han “play” itxurako botoi tipiko bat. Hori sakatuta, artikulua entzuten hasiko da. Entzuketa esaldiz esaldi egiten da, eta entzuten ari den esaldia markatuta agertzen da.

Aldizkariaren zenbaki bat hasieratik bukaerara entzuteko aukera ere ematen du Elhuyar Zientzia eta Teknologia unitateak garatutako sistemak.

Edukia entzuteko orduan, aukera hauek izango ditu eskura erabiltzaileak: entzuketan barrena nabigatzea (aurreko edo ondoko esaldira, aurreko edo ondoko paragrafora, edo nahi duen tokira); ahotsa (emakumea edo  gizona), eta abiadura. Eta elkarrizketetan, galderak eta erantzunak berezi ditzan entzuleak, ahots desberdinaren irakurtzen ditu batzuek eta besteak. Horrez gain, aldizkariaren zenbaki bat hasieratik bukaerara entzuteko aukera ere inplementatu da. Garapen guztia HTML5 teknologia estandarra erabiliz egin da.

Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologien saileko Igor Leturia garatzaileak apirileko Elhuyar aldizkariaren “Mundu digitala” atalean kontatu ditu egindako lanaren xehetasunak, "Irakurri beharrean, ENTZUN" artikuluan.

Gailu mugikorretara egokitutako webgunea

Aldizkariaren webgunea entzuteko egokitzearekin batera, tableta eta telefono mugikorretatik nabigatzeko ere egokitu da aldizkariaren webgunea. Orain, webguneak automatikoki detektatzen du zein gailu-mota ari den baliatzen erabiltzailea —ordenagailua, tableta edo telefono mugikorra— eta, gailua zein den, aldizkariaren edukia era batera edo bestera egituratzen du, gailu-motara ondoen egokitzen den itxura eta tamainako menua eta edukiak eskaintzeko. Gailua edozein dela ere, atal eta eduki guztietara iristeko aukera ematen du webguneak, kasuan kasu nabigatzeko erosoena den antolamenduarekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia