}

Berotze globalak hoztu egin lezake Europa

2005/12/05 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Paradoxa badirudi ere, aspalditik ari dira zientzialariak iragartzen Europako klima hoztea izan daitekeela berotze globalaren ondorio bat. Orain, 2004ko neurketen emaitzak plazaratu dituzte zientzialari estatubatuarrek, eta berriz azpimarratu dute ideia bera.

Gakoa ur-lasterretan dago. Golkoko ur-lasterrak Karibe itsasotik ur beroa bidaltzen du Europara eta Afrikara, eta Europako kostaldetik iparralderantz doan lasterra pixkanaka hozten da. Islandia aldean asko hozten da laster hori, eta hondoratu egiten da, eta hegoaldera egiten du Ipar Amerikako kostaldetik. Ondorioz, Florida inguruan ur beroa dago itsasoaren goialdean eta ur hotza sakonean. Baina berotze globala apurtzen ari da ziklo hori.

Uste bezala Artikoko izotza urtzen ari bada, horrek hainbat ondorio izango ditu: ur geza asko isuriko da ozeanora, eta gazitasuna aldatu egingo da. Gero eta gatz gutxiago egongo da ozeanoan. Gazitasuna txikiagoa izateak uraren dentsitatea txikiagoa egiten du, eta zailtasun gehiago ditu ur hotz horrek hondoratzeko. Azkenean, litekeena da zikloa ahultzea, eta Europara ur-lasterra hotzagoa iristea.

Ez dago erabat argi hori gertatuko den, ezta horrelako fenomeno batek nola eragingo duen ere Europako kliman, baina, zientzialarien ustez, lau eta sei gradu bitartean jaits daiteke batez besteko tenperatura Europan. Batezbestekoa izateko, zenbaki handia da.