Berotze globala ulertzeko argibideak
2006/10/30 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
David Suzuki doktorea hamaika sari jasotakoa da. Izatez zoologoa da eta genetika-gaietan egiten du lan. Baina bere jaioterrian (Kanadan) eta munduko beste leku askotan ezaguna da, batez ere, dibulgazioan lan handia egiten duelako. Besteak beste, telebistan eta irratian jardun du, eta haurrentzako hamaika zientzia-liburu idatziak ditu. Lan horietan guztietan, Suzukik ingurumenarekiko errespetua predikatzen du.
Horretaz gain, bere izena daraman fundazioa sortu zuen. Fundazio horren helburua da jasangarritasunera iristeko bidea erakustea (oso aholku praktikoak ematen dituzte) eta bide horretan ezinbestekotzat jotzen dute natura ezagutzea. Kaleko jendearengana iritsi nahi dute; izan ere, ingurumeneko arazoei irtenbidea aurkitzeko ezinbestekoa da natura, ingurumena eta horiekin lotutako arazoak ezagutzea.
Bada, helburu horrekin, berotze globalaz jendeak zer dakien jakin nahi izan dute. Eta, Suzukik aitortu duenez, harrituta geratu dira. Hedabideetan egunero aipatzen den gaia izanik, espero zuten jendeak garbi izango zuela oinarrizko kontzeptua. Baina ez omen da hala. Aitzitik, berotze globala ozono-geruzaren zuloarekin lotzen omen du jendeak, oro har.
Agian ez da hain harritzekoa jendeak bi kontzeptuak nahastea, garai bertsuan zabaldu baitziren; eta, gaur egun, gai horiekin lotutako albiste bat ematen denean, ez da azaltzen oinarrizko kontzeptua.
Ozonoa vs berotze globala
Oinarrizko kontzeptuak argitze aldera: ozono-geruza Eguzkiaren erradiazioetatik babesten gaituen atmosferaren geruza da. Industriak eta, oro har, giza jarduerak airera isuritako konposatu jakin batzuen eraginez, geruza hori urritzen joan zen, eta horren berri ematean egin zen ezagun ozono-geruzaren zuloa . Baina kontu hori ez dago zuzenean erlazionatuta Lurra berotzearekin.
Berotze globala giza jardueraren eraginez gertatzen ari da baita ere. Industriak, autoek eta abarrek isuritako gasek handitu egin dute berotegi-efektua. Lurraren atmosferak berez badu berotegi-efektu natural bat, besteak beste horregatik da Lurra bizitzeko goxoa . Atmosferako gasek Eguzkiaren beroari eutsi egiten diote, eta airearen kontaminazioak beroari ohi baino gehiago eustea eragin du. Horregatik, Lurraren tenperatura oro har igotzen ari da, eta horrek klima hankaz gora jartzeko arriskua omen du.
Dena dela, ez dago oso garbi zehazki nola eragiten dion berotegi-efektuak klimari. Zalantza asko dago, eta zalantza horiek aitzakia gisa erabiltzen dituzte herrialde batzuek Kyotoko protokoloa ez sinatzeko. Izan ere, Kyotoko protokoloaren helburua berotze globala gelditzea da; horretarako, negutegi-efektua handitzen duten gasen emisioa murrizteko konpromisoa hartzen dute herrialde sinatzaileek.
Estatu Batuek, esate baterako, ez dute sinadura berretsi. Baina, azkeneko albisteen arabera, zenbait estatutan mugimendua nabari da (Kalifornian, esaterako, emisioak gutxitzeko asmoa agertu dute). Beraz, hurrengo egunetan berotze globalarekin zerikusia duten albisteak barra-barra iritsiko dira. Ea ulertzen ditugun.
7K-n argitaratua.