Arrate Santurtzin bizi da, Koldo senarrarekin. Pisua zaharra da, bigarren solairu bat igogailurik gabea eta aire giroturik gabea. Jubilatuta daude, eta denbora gehiena lagunei eta Enaitz eta Ainara bilobei eskaintzen diete. Bilobek lana ematen dute... eta poztasunak.
Pilar Tetuanen bizi da; Madrilgo erdiguneko langile-auzo bat da, orain langile etorkinena. Harena ere pisu zaharra da, baina berritua dago eta aire girotua du.
Aurtengo uda gogorra izan da, oso gogorra, bi hirietan. Bero-boladaren bat izaten da urtero. Arrate eta Pilar pozik daude pasatu delako bero sapa; beren auzoetan “bero-uharte” efektuagatik pilatzen da beroa, eta lo egiten ere ez die uzten.
Aurten Pilarrek abuztu kiskalgarria pasatu du; asfaltoa sutan zen. Ezin zuen inora irten goizeko 11ak ezkero. Ordu horretatik aurrera, ia-ia biziraun, poliki, pertsianak jaitsita, pare bat argi leun piztuta eta aire girotua etengabe martxan. Horrela hiru aste. Abuztuan, ia ez zuen inor ikusi hiru astean. Madrilen ez da arimarik ere gelditzen. Telefonoan pasa ditu ordu asko, hori bai. Telefonoan, telebistan, irratian eta zerbait irakurri du.
Arrate eta Koldo portutik gertu bizi dira, itsasotik gertu. Aurten, beste behin, tenperaturak oso altuak izan dira. Santurtzin 41 gradura iritsi ziren, eta gehitu horri hezetasuna. Beroa ez baita gauza bera hezetasunarekin edo hezetasunik gabe, eta kutsadurarekin edo kutsadurarik gabe. Santurtzin, kutsadura ez da duela hamarkada batzuetakoa. Madrilen, ordea, jende asko hiltzen da oraindik kutsaduragatik.
Koldo paseatzera ateratzen da goizero. Denbora behar du gustuko duen pasealekura iristeko: itzala, zuhaitzak eta bankuak, itsasoari begira egoteko. Etxera bidean, bi etxegaberekin egiten du topo beti, eta pentsatzen du: nik beroa badut, zer izango ote dute haiek?!
Osasunaren eta klima-aldaketaren ikerketarako zentrook galdera hauek egiten eta aztertzen ditugu: zer ondorio ditu beroak adinekoen osasunean? nola eragin dute halako bero-boladek gure hirietan ditugun gaixotasun kronikoetan? eta gure osasun mentalean? eta hilkortasunean?
Hamarkadak daramatzagu gai horiek aztertzen, nahiz eta batzuek oraindik ere ez duten sinesten eta jarraitzen duten pentsatzen ipuin bat dela eta Santurtzin eta Madrilen beti egin duela beroa... Eta ikerketa zientifikoek baieztatzen dute baietz, gure gaixotasun kardiobaskularrak okertzen eta buruko gaixotasunak ugaritzen direla, eta beroa Europa Hegoaldean hilkortasuna handitzearekin lotzen dela.
Gutxika-gutxika, ebidentzia zientifikoa barneratzen ari da erabaki politikoetan. Eta zientzialariok erabakitzaile politikoekin elkarlanean aritzen gara maila desberdinetan –Europakoa, estatukoa, eskualdekoa eta hirikoa–, eta denon artean saiatzen gara alarma- eta larrialdi-sistemak hobetzen, osasun-sistemak eta zerbitzu sozialetakoak hobetzen, aterpe klimatikoen sareak egokitzen, etxerik gabeko pertsonak artatzen, eraikinak eta etxebizitzak tenperatura altuetara egokitzen, eta, “pobrezia energetikoaren” aurrean, aire girotua ordaindu ahal izateko eskaintzen.
Beroaldiaren ondoren, zientziaren eta erabaki politikoen arteko elkarlanak giltzarri izaten jarraituko du. Ikertu eta ekin: That´s the question!
Manuel Franco, BC3