Beroaren kontra, beira
2003/06/24 Elhuyar Zientzia
Egunotan leihoak eta pertsianak itxita ibili gara etxean. Beroari aurre egiteko eguneko argiari ere uko egin behar izan diogu. Baina, agian, urte batzuk barru, argiaz gozatu eta aldi berean freso-fresko egon ahal izango dugu etxean, kalean sargori den bitartean.Horretarako, Sydney-ko Teknologia Unibertsitatean garatzen ari diren beirak merkaturako bidea egin beharko du. Izan ere, Australiako ingeniariek giroa berotzen duten uhinak, alegia, uhin infragorriak, xurgatzen dituen beira sintetizatu dute. Ez dira hori egiten lehenak izan, baina, antza, haien proposamena merkea eta eraginkorra da aldi berean, beirari gardentasunik ez baitio kentzen.
Uhin infragorria xurgatzeko, beira-xaflen artean polimerozko geruzak txertatu dituzte Sydney-ko ikertzaileek. Baina ez da polimeroa berotasuna xurgatzen duena, lantano hexaboruro izeneko konposatu bat baizik. Ikertzaileek konposatu horren pikor mikroskopikoak sakabanatu dituzte polimerozko geruzan eta oso emaitza onak izan dituzte. Geruzaren pisuaren % 0,02 pikorretan gehituta, geruzak transmititutako uhin infragorrien kopurua % 70etik % 5era murrizten dela ikusi dute.
Beste artikulu batzuk:
Beira ere kamaleoia da
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia